INFO

Euskal selekzioaren ofizialtasuna onartzeko eskatu dio Donostiak Nazioarteko Federazioari

Donostiako Udalak euskal selekzioaren ofizialtasuna onar dezala eskatu dio Nazioarteko Futbol Federazioari. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin taldeek babestu dute adierazpena.

Euskal selekzioko jokalariak ofizialtasuna aldarrikatzen San Mamesen, Uruguairen aurkako partidaren aurretik, iragan martxoan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Donostiako Udalak adierazpena onartu du, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin taldeen babesarekin, euskal futbol federazioaren ofizialtasunaren alde. Zehazki, Nazioarteko Futbol Federazioari eta «dagokien administrazioei» euskal selekzioaren ofizialtasuna onar dezala galdegin diote.

EH Bilduk sustatutako testuan jasotzen denez, «gure herriak sarri erakutsi dio ikusi nahi duen orori zein den bere izana, izena eta nazio izaera. Denboran atzera gehiegi egin gabe, iazko uztailean, herri harrotasun erakustaldia egin zen gure hirian, Donostian, Tourra gure herriko errepideetan ibili zenean. Joan den martxoan, gauza bera egin zen, Korrikari sostengua eta babesa erakutsiz gure kaleetan ere. Horiek guztiak, herri sentimenduaren, nazio taupada eta nazio anbizioaren erakustaldi aipagarriak izan dira».

Baina –jarraitzen du adierazpenak– «ez da hori izango Euskal Herriaren aldarria egiteko euskal herritarrek izango dugun aukera bakarra. Hemen bizirik den herri bat dagoela munduari erakusteko beste aukera paregabe bat izango dugu 2030eko Munduko Futbol Txapelketan, baita Donostian ere».

Hala, gogoratzen dute Donostiako Anoetako zelaia Munduko txapelketako egoitzetako bat izango dela, eta hori dela-eta «aukera paregabea izango dugu gure hizkuntza, gure ezaugarriak eta gure nortasuna nazioarte mailan erakusteko».

«Euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du euskal kirol selekzioen ofizialtasun eskaerarekin eta donostiarrak ez gara gutxiago. Munduko txapelketa Donostian jokatuko denez, Udalaren bultzada behar-beharrezkoa dugu euskal selekzioak Anoetan jokatzeko aukera izan dezan», dio agiriak.

Hori horrela, Udalak dei egiten dio Nazioarteko Federazioari, euskal futbol selekzioaren ofizialtasuna onar dezan.