INFO

Haurrekin zinemara joan nahi dugu


Zinema Euskaraz EAEko zinema-areto komertzialetan eta zirkuitu alternatiboetan haurrei eta gazteei zuzendutako euskarazko filmen eskaintza sustatzen duen programa da; Zineuskadi Elkarteak bultzatzen du, EZAEren laguntzarekin.

Guztira hamaika izenburu bikoiztu dituzte aurten: ‘Patrick’, ‘Museoaren Zaindariak’, ‘Dragoi-jagolea’, ‘Deep Sea. Sakontasunera bidaia bat’, ‘Lagunak Erreskatatzera’, ‘Robotia’, ‘Buffalo Kids’, ‘Central Parkeko Heroiak’, ‘Liztor Kapitaina’ eta ‘SuperKlaus’ jada estreinatu dira, eta laster, aurtengo azkena iritsiko da, ‘Klara eta hazi magikoen misterioa”.

Zinez albiste pozgarria da, jakina, baina bizpahiru izenburu salbu, erdipurdiko filmak dira eta sentsazio berbera izan dut ia guztiekin: beherapenetan arrantzatuz topatu dituzten pelikulak direla, ez dela benetako apustu irmorik egiten. Tira, agian saiakerak egiten dira eta eragozpenak edo zailtasunak beste norabide batetik datoz?

«Batere ez baino gehiago da», pentsatuko dute batzuk. Jakina, baina behin gutxiengo hauek finkatuta daudela, zergatik ez gehiago exijitu? Ez al dute gure haurrek gehiago merezi?

Argi dago etorkizunean mundua euskaraz ulertu nahi badugu euskara gehiago behar dugula gure pantailetan. Plataformetako euskarazko eskaintza asko handitu da azken hilabeteotan eta gure txikiek euskarazko edukiak zineman ikusteko aukera izatea primerako albiste da, jarrai dezatela bide horretatik arren. Baina datozen urteetarako ederra litzateke nazioarteko gainerako haurrek ikusten dituzten lehen mailako izenburu arrakastatsuenak ere euskaratzea.

Katalunian, esaterako, ‘Vaiana 2’ eta ‘Del Revés 2’ katalanez estreinatu dira aurten; euskaraz zergatik ez?