INFO

Desagertutako senideen bila Sirian

Oraindik zifra ofizialik ez badago ere, Siriako aginte islamista berriak ustez desagertutakoen artxibategiak ireki ditu eta kalean jaurtiki ditu edonork ikusi eta miatu ditzan.

This browser does not support the video element.


Yussef gazteari goiz iritsi zitzaion azkena. Bere arreba Lin Kassmouk aireportu militarraren artxibategietako liburu osoak arakatu nahi ditu. Bere ama ondoan du. Lehenengo solairua eta errepide ondoko ziurtagiriak eta karnetak arakatu dituzte dagoeneko. Ez dago 2012. urtean 20 urte zituen gaztearen aztarnarik orain dela astebete bilaketa hasi zutenetik. «Ez zen politika zalea eta ez zen inongo oposizioko taldeko partaide. 2011n ez zen manifestaldi batera ere joan», adierazi dio arrebak NAIZi. «Ingenieritza ikasketak egiten ari zen eta egun batean ez zen etxera bueltatu. Lagunek ez zekiten ezer. Aireak eraman balu bezala desagertu zen, aztarnarik utzi gabe. Aztarna horien bila ari gara orain baina beldur naiz ez ote dugun deus ere aurkituko», dio amak negar malkoak ekidin ezinik.

Aginte islamista berriak ez ditu zifra ofizialak kaleratu eta zaila da desagertuak zenbat diren jakitea. Horietako asko eta asko gainera Irak eta inguruko lurraldeetako biztanleak dira. Badira tartean errusiarrak ere, argazkiak eta pasaporteak ageri baitira fitxategietan; preso hartu zituzteneko data besterik ez da agertzen orrialde zaharkituetan, baina inor ez da gai adierazteko zergatik Bashar al-Assad-en erregimenak errusiarrak ere preso hartu zituen. Orri ugari liburu lodietatik kendu dituzte eta oraindik ere bada temati agertzen denik. Hain da berria dena, batzuek erregimen zaharra betirako joan ez denaren beldur direla. Beste batzuk, aldiz, ixilean Baaz alderdia (Assad mandatariaren alderdi politikoa) berriro bueltatuko den itxaropena galdu ez dutela adierazi diote NAIZi, baina betiere euren identitatea ez azaltzeko eskatuz.

Nazioarteko erakundeek ere ez dute zifrarik eta ikertzen ari direla diote. Human Rights Watch erakundearen arabera ikerketak orain arte atzerriko oposizioarekin egin dituzte eta ez dute banan banako ikerketaren ostean egiten dituzten dossierrik aurkeztu oraindik.

Mahmoud Zeinat Gobernu berriko funtzionarioa da Barne Ministeritzan. Oraindik posizio jakinik ez duela adierazi eta NAIZi telefonoz esan dion bezala «iritsi berriak gara boterera. Errekonziliazio programa bat martxan jarri nahi dugu nazio osoan eta horren ondorioz kasu asko argituko dira». Hala ere, errudunak identifikatzeko ikerketarik martxan dagoen edo planik eratuko den galdetuta iheskor ageri da.

«Nazio errekonziliazioan errudunak nortzuk izan diren esan eta seinalatzea kontraesankorra izan liteke etorkizunerako. Estatu espainiarrak ondo egin zuen demokraziara salto egitean eta Gobernu zaharreko partaideak, baita gizateriaren aurkako ekintzak egin zituztenak, barkatu zituzten. Gure arteko bileretan hainbat aldiz agertu da adibide hori eta errepikatu nahiko genuke. Nazio bat eraiki nahi dugu, ez iragana lardaskatu arazoa luzatzeko».

Farouk militar islamista Gobernu ohiaren artxibategiko atezaina da. Hala ere, zalantzan jarri daiteke bere benetako eginkizuna zein den, edonor inongo baimenik gabe sartu daitekeelako «Dena ikus dezakezue, baita interesgarria den edozer gauza hartu ere. Hauek erregimen zaharraren gauzak dira eta guk ez ditugu gauza horiek nahi», dio ahoa beteta jaten ari den bitartean.

Ftxategia eta biltegiak anabasa itzela dira. Senideek lan eskerga dute zerbait argitu nahi badute. «Dena zegoen bezala utzi izan balute behintzat! Benetan semea edo anaia galdu dugunok bakarrik sartu beharko genuke. Argi dago ez dutela nahi inork inor aurkitzea, aztarnarik ez dute utzi eta hemen dagoenak kakazaharra balio du. Baliozkoa zena desagerrarazi dute berriro ere», salatu du Lin-ek.

Gobernu zaharreko funtzionario gehienek, ministroek, polizia buruek eta Baaz partiduko goi mailako karguek ezik beren lanpostua mantendu dute. Gobernuburu horiek ez zuten inor zuzenean desagerrarazten, beraien agindupean zeuden langileek baizik. Hori dela eta, siriar ugari kexu dira ez direlako beraien ustez desagerketa horiek inoiz argituko. «Errudunak direla frogatuko balitz, lana galduko lukete eta espetxeratuak izango lirateke. Badakite norbait pertsona horien bila dabilela eta frogak desagerrarazi dituzte. Zeinek mugitu ditu horrela fitxategi guztiak bestela?» kexu da Dim-en ama. «Agerikoa aldatu dute eta arropaz aldatu, baina tirano berberak dira», gehitu du kexaka eta malkoak lehortuz ezkerreko eskuan izen zerrenda luze bat duen liburua eusten duen bitartean.

Kanpoaldean Mohamed Baraa bere seme Sultanen bila dabil; Yussef Kassmou bezala 2012an desagertu zen hura ere. Ehundaka identitate txartel ikusi dituela aipatu du. Egunero beste horrenbeste agertzen dira eta multzoka sailkatzen dituzte goizero bertara gerturatzen direnek, berriak pareta ondoan, zaharrak lurrean. Bertaratzen direnak batak bestearen istorioa daki, zein zeinen bila ari den, zenbat urte zituen desagertzean eta abar. Harremana egin dute beraien artean eta bizitza nola doakien eta senitartekoren baten osasunaz galdezka hasten dute eguna. Elkar ondo ezagutzen dute iada. Tamalez.