Ortzadar Euskal Dantzari eta Kantari Elkarteak irabazi du hamargarren Txondorra Saria
Aurten 50 urte betetzen dituen Ortzadar Euskal Dantzari eta Kantari Elkarteak jaso du hamargarren Txondorra saria. Euskal folklore tradizionalaren ikerketari egin dion ekarpena eskertu nahi izan dio hala Olentzeroren Lagunen Elkarteak, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan.
Ortzadar Euskal Dantzari eta Kantari Elkarteari batera suertatu zaizkio 50. urteurrena eta hamargarren Txondorra saria. Olentzeroren Lagunen Elkarteak egin dio aitortza, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera. «Urte hauetan guztietan folklore tradizionalaren ikerketari eginiko ekarpena» eskertu diote.
Udalaren harrera-aretoan egindako ekitaldian, Joseba Asiron alkateak, Udalbatzaren ordezkaritza bat bertan zela, kultur elkarteko bi kideri eman die saria: Amaia Zubiria Aldazi eta Arkaitz Ibarra Alonsori.
Epaimahaiak hala deskribatu du taldearen lana: «Bere ibilbide luzean, Ortzadarrek ikerketa lanen bidez (landa lanak eta artxiboak), ikerketa jardunaldiak antolatuz, ikastaroak eta lantegiak eskainiz eta horren guztiaren funtsa dantzen eta musika emanaldien bidez zabalduz ikertu eta zabaldu ditu folklorea eta kultura tradizionala. Iruñeari eta Nafarroari egin dion ekarpena, baita euskal kultura eta tradizioei egin diena ere, ikaragarria da», nabarmendu du.
Saria Benito Goñik igeltsuz eta hautsez egindako eskultura bat da. Egur-ikatz zati bat irudikatzen du.
Musikaz eta dantzaz betetako ekitaldia
Ekitaldian izan dira alkatearekin batera epaimahaia osatu duten beste kide batzuk, hala nola Susana Irigaray Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuko zuzendaria eta Roldan Jimeno eta Naiara Ardanaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkariak, hurrenez hurren.
Ortzadarreko kideek Santa Ageda koplak eta doinua interpretatu dituzte, baita Olentzeroren Dantza Pedro Romeok sortutako koreografia ere, Olentzeroren Lagunen Elkarteko bi txistularik eta Hego Haizea taldeak lagundurik. Ekitaldiari amaiera emateko, ‘Hator, Hator’ gabon kanta abestu dute.
Formatu berri bat
Ortzadar 1974an sortu zen, Iruñeko hainbat dantza taldetako musikari eta dantzariak batuta. Nafarroan folklorea zabaltzeko formatu berri bat bultzatu nahi zuten, hutsetik hasita eta modu kolektiboan. Horrek, lehenengo urteetan, musika eta dantza tradizionalak ikastea eskatzen zuen, ikastaroak ematea, besteak beste, txistu ikastaroak, eta jarduerak antolatzea, horien artean Olentzero ateratzea Iruñean.
Hurrengo urteetan, taldeak Ortzadar Euskal Folklore Taldea izena hartu zuen, irabazi asmorik gabeko kultur elkarte pribatu gisa eratuta, eta azkenean Ortzadar Euskal Dantzari eta Kantari Elkartea izendatu zuten. Hortik aurrera, ateak ireki zizkien Euskal Herriko folklorea eta tradizioa zaindu eta zabaltzeko lan egiten dutenei ez ezik, Ortzadarrek helburu hori bultzatzen jarrai dezan laguntza ekonomikoa eman nahi dutenei ere.
Gaur egun, 120 pertsonak baino gehiagok osatzen dute Ortzadar, guztiak bazkideak, eta programatutako jardueretan, dantzari nahiz musikari dagozkionetan, egiten dute ekarpena, baita jantzietan, irakaskuntzan, jardunaldietan, ikerketan eta abarretan ere.
Elkarteak hiru dantzari talde ditu (beteranoak, seniorrak eta txikiak); horietan, 80 pertsona inguruk parte hartzen dute, kanpoko ikastaroetan eta ekartearen funts dokumentalen laguntzaz prestakuntza jaso duten begirale propioekin.
Txondorra
Txondorra Saria 2015ean sortu zen, tradizioen eta herri kulturaren alde lan egiten duten pertsonen edo erakundeen ibilbide profesionala aitortzeko asmoz. Lehen edizio horretan, Lesakako herriari eman zitzaion saria, eta, hil ondoko sari gisa, Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldearen sortzaileari.
Ordutik aurrera, urtero egin zaie errekonozimendua etnografiaren, etnologiaren, folklorearen eta euskal kulturaren eremuetatik hurbil dauden pertsonei. 2016tik 2018ra bitartean, etnografoek eta etnologoek jaso zuten saria: Joxe Ulibarrenak, Juan Antonio Urbeltz etnografoak eta haren emazte Marian Arregik osatutako bikoteak, eta Pello Apezetxeak, hurrenez hurren.
2019an, kazetari batek hartu zuen erreleboa, Gabriel Imbuluzquetak hain zuzen ere, eta, letretako lanbideei jarraipena emanez, 2020an, Fernando Hualde idazle eta ikerlariak. 2021ean, Cesareo Soule harginari eman zioten saria. Azken bi aitortzak Balbino Garcia de Albizu ikertzailearendako eta Aurelio Sagaseta Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohiarendako izan ziren.