INFO

Errepaso azkarra

Ate joka dago 2025a eta, urteroko lez, ikus-entzunezkoen zakuan gordeta daukaguna atera, sailkatu, eta ikusitakoaren balorazioa egitea tokatzen da.


Telesailen alorrean hiru iruditu zaizkit bereziki biribilak:

‘Sambre’: Estatu frantziarraren historian emakume gehien bortxatu dituen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide. 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen duen ezinbesteko obra iruditu zait.  

‘Querer’: zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hiperrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak.

‘Ripley’: Patricia Highsmithen Tom Ripley pertsonaiari buruzko eleberri-sorten egokitzapena zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait. Hitchcocken oihartzunak dituen lan zoragarri horren argazki zuzendaritza lana hamarrekoa da, fotograma bakoitza artelana iruditu zait. Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da une oro eta eszena bakoitzean argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da.

Pantaila handira jauzi eginez gero, beste hiru izenburu nabarmenduko ditut

Stanley Kubrick-ek, ‘Black Mirror’ telesailaren kapitulu bat zuzentzeko ardura izango balu, emaitza, ziurrenik, ‘The Substance’ filmaren antzeko zerbait izango litzateke. Basatia, gordina eta oso gorea da.

‘All of Us Strangers’ filmarekin jarraituko dut. Maitasunari, bakardadeari eta galerari buruzko film mingarria da. Estetika ederrekoa, sotila, delikatua, gogorra. Harribitxia.

Eta azkena Sean Baker zinemagilearen ‘Anora’: ‘Pretty Woman’ filmaren b alde moduko bat sortu du Bakerrek, baina Coen edo Safdie anaien iragazkitik pasatako tonu eta atmosfera medio. Zuzendaria, narratzaile magistrala dela frogatzen du beste behin, eta aktoreak zuzentzeko gaitasun harrigarria duela.