Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

2023ari aurre-errepasoa

Inertzia gehiegi mantendu eta arrisku gutxiegi hartu nahi diren garaietan bizi gara; espero dut luzaz ez dela izango

Indartsu hasi gara, milaka lagun batera eta emozionalki oso bizi, eskari justu bat jasotzen duen pankartaren atzean. Bilboko kaleak beste behin herri honen taupadaren erakusleiho izan dira, azken bi urteetan urtarrileko zita birmoldatu behar izan ondoren. Arrazoi horrek berezi egin du aurtengoa. Are bereziago dispertsioaren amaieraren zita izanik. Herri honek ez du maiz behar bezala lorturikoa baloratzen lortu, nahiarekin alderatuz jartzen baitugu begia. Ona da, anbizioa erakusten duen jarrera delako; txarra, aldiz, perspektiba galtzen delako tunel ilunetan barna.

Karakterizazio aldaketak eta, batik bat, egoera aldaketak dispertsioaren aldeko aldarriaren inguruan lortutako kontsentsu batzuk hautsiko ditu, eta indarrean dirauten eskariekiko zentzu komuna orokortzeak bere lana emango du. Kultura politiko bindikatibo eta antidemokratikoak ondo errotuta dirau, ustez pertsona aurrerakoiak eta demokratak direnen artean ere egun hauetan sare sozialetan ikusi den legez. Sinplekeria nagusi: gerturatzea bai, Euskal Herriratzea ere bai, kaleratzerik ez haien izenean. Kaleratzearen galdekizuna salbuespenezko legean oinarritutako espetxealdien luzapenaren antitesia ez balitz bezala, kapritxozko grazia neurri bat. 15 urtetik gorako espetxealdia berez nahikoa ez balitz lez, baldintzarik gogorrenetan beteta ere. Larriki gaixo daudenak edo adinekoak kartzelan mantentzea, edo 3. graduak eman ondoren  kentzea sadismoa ez balitz bezala. Bada lan mardula salbuespenezko legeriaren aplikazioa zer den eta zergatik dagoen justiziaren kontzeptutik hain urrun herritarrei esplikatzea, kontsentsu eta indar berriak batu eta kartzelak behin betikoz husteko.

Kontsentsu berriak beharko dira ere hezkuntza alorrean eman diren adostasun hasierakoak suabe egosi eta argia bere terminotan ikusteko. Topikoak alboratu, nagikeria intelektualari aurre egin, nekatu, kontraesanak kudeatu, haserretu eta deshaserretu, eta batez ere ez amore eman. Hori eta gehiago beharko da iragan urtean jendartearen gehiengoan sortu den itxaropena ardura duten alderdi, sindikatu eta eragileek zapuztu ez dezaten. Kontsentsuak beharko diren bezala herri honetan zaharkituta geratu diren eskema eta ereduak berritzeko, hizkuntza, energia edo ekonomia alorretan, esaterako.

Euskal Herriak ezin du duela hiru hamarkadatako errealitatea nostalgiaz bizi; errealitate berriak sortu behar ditu, eta nago, errealitate berri horiek, herri bezala lortzeko ditugun garaipen horiek, ideologikoki transbertsalak izango direla gehiago alderdi edo sindikatuen batuketa soilak baino. Norbanakoen baloreen eta emozioen astintzetik etorriko direla. Kontratu sozial berriztu moduko bat behar baitugu guztiok, non adostu beharko baitugu hemen nola bizi nahi dugun eta horretarako gutako bakoitzak eta gure buruen antolakuntzarako egitura guztiek zer egin behar dugun.

Eta honek berdin balio du hamarkadetako gatazka politikoaren ondorioei erreparatzeko edota gizartearen haustura gero eta handiagoari aurre egiteko, gure izaera kolektiboari eutsi edo estatu egiturak sortzeko. Inertzia gehiegi mantendu eta arrisku gutxiegi hartu nahi diren garaietan bizi gara; espero dut luzaz ez dela izango.

Halere, 2023a hauteskunde urtea izateak dena baldintzatuko du, sindikatuen hauteskundeak baldintzatzen duten hein berean. Zaila baita interes korporatiboetatik abstraitu eta ariketa eskuzabalak egitea. Errezagoa izango da zenbait topikoren zerrenda atera eta honezkero milaka aldiz entzun eta aspertu gaituzten diskurtsoak irakurtzen ikustea. Hilda dauden eztabaidak berpiztuko dira agian. Mundu guztia izango da -ista: progresista, ekologista, feminista... hori zer den bakoitzak nahierara interpretatuko badu ere. Arerioentzat estrategiak ere bortitzago bilakatuko dira seguruenera. Alderdietako komunikazio aparatuak propaganda nola egin eta produktua nola saldu pentsatzen ariko dira dagoeneko, eta arinkeria jabetuko da albistegiez. Sakontasuna, patxada eta arriskua aurreragorako utziko dira... eta horrek ezinbestekoak direnak alboratuko ditu. Beharko genituzke kontsentsu batzuk adostu, hauteskundeen gurpil zoroetatik at geratuko liratekeenak, beharko genuke paraleloan lan egin eta lehia eta elkarlana bateragarriak direla ulertu.

Halere, hauteskunde lehiak berebiziko garrantzia du, maiatzean nork gobernatuko gaituen baita jokoan dagoena. Nafarroan are gehiago jokatzen dugula esango nuke, herri honen artikulazioan eman daitezkeen pausoen perspektiban jarriko baikaituzte. Politika konbentzionalarekiko desafekzioaren joera hedatzen ari dela diote adituek. Bada joera horrek eliteak eta eskuinak bakarrik bilakatzen ditu onuradun, eta ezkerrak badu ardura politiko garrantzitsu bat. Zer esanik ez, ezkerreko independentismoak. -Ismoan eta diskurtsoetan gero eta antz gehiago izan arren, praxi politiko arras ezberdinak baititugu batzuek eta besteok. Esparru guztietan ikus daitekeen zerbait da. Maiatza bitarte, beraz, egongo da propaganda eta marketinetik harago politikaren eta instituzioen balioaz jendarteak konbentzitu eta politikarekiko konfiantza sektore batzuetan landu beharra.

Maiatzak uzten diguna bezain edo are garrantzitsuagoa izango da urte bukaeran Espainiako hauteskunde ondoreneko panorama, horrek markatu baitezake herri honen norabideratzea datozen urteetan. Gertatuak gertatu, herri honek ondo asmatu beharko du nola jokatu, honetan ere herri bezala kontsentsuak bilatzea garrantzitsua izango dela, eta gainontzeko estaturik gabeko herriekin elkarlana ezinbestekoa. Ziurgabetasunez betetako urtea dugu aurrean, baina gainerakoek herri honi egin diezaioketenaren kezkaz baino herri honek egin dezakeen bidean jarri behar dugu arreta, gure indarretan konfiantza eta autoestimu gehiago izanez.

Search