Josu Imanol Unanue Astoreka
GIB/hiesarekin bizi naizen pertsona

Abenduaren 1ean zer?

Oraindino, eta azken ikerketa baten arabera, gazte gehienak, emakume zein gizon gehienak, beldur dira, hiesaren proba egiteko eta horren emaitzak partekatzeko

Norberaren bizia erreferentetzat hartzea ez da egokiena, baina hobeen ezagutzen dudana da. Eta 1985 hartatik gertatutakoa, GIBarekin bizi naizela jakin nuenetik bizitakoa, laburbiltzea erraza da: hasieran beldurra eta etsipena, ondoren amorrua, gero mina eta azkenean bizi beharra eta harridura.

Zeren hiesak jada ez dauka aspaldi izan zuen oihartzuna gure artean. Gaixo berri bat izatetik berri zahar bat izatera pasatu delako ia azken 20 urteetan; eskerrak orain gutxi, “Bohemian Rhapsody” pelikula modan jarri dela, non Freddie Mercuryn bizitzaren azken uneak azaltzen diren, besteak beste, hiesa zeukala esanez... Fin eta amaiera! Hau da, gure, «Mamuen», errealitatearen azken txupinazo mediatikoa, askoren/nire errealitatearen kontakizun laburra.

Halere, gutxi gorabehera, 36,7 milioi lagun bizi gara GIB/hiesarekin. Horietako herenak ez dakite GIB/hiesarekin bizi direla, zoritxarrez ia 10 milioi lagunek ez dakite euren egoera zein den, eta badaukate birkutsatzeko arriskua.

GIB/hiesarekin bizi garenotatik 21,7 milioi lagunek, ia %60k, jasotzen dugu botika bat edo beste, bizirik irauteko, baina badaude %40 ezer barik... baina botikak hartzen dugunetatik, 20 milioi lagunek ez dute euren karga birala gutxitu, eta 36 milioi lagunetik gora hil dira, hiesaren historia denbora gutxi honetan.

Oraindino, eta azken ikerketa baten arabera, gazte gehienak, emakume zein gizon gehienak, beldur dira, hiesaren proba egiteko eta horren emaitzak partekatzeko gure familian, lagunartean edo bikotekideekin; ez da nik asmatutako ezer, baizik eta ONUSiDAk berak emandako berriak dira.

Bitartean eta neure errealitatera bueltatuz, beldurra ikusten dut egun nire medikuaren kontsultara noan bakoitzean, pertsona «berrien» artean, eguneroko borroka honetan, atzera goazen seinale.

Oraindino ez garelako gai gaixoari aurre egiteko, eta ez noa betiko argudioak erabiltzera, nire aspaldiko argudioak ere zaharkituta geratu direlako. Bai esan, nire aspaldiko hildako lagunen seme-alabek ere ez dakitela askorik gai honetaz, ez dutelako ezer adierazten, ez dakitelako nortzuk ziren beren gurasoak, neba-arrebak, izeko-osabak... zelan bizi ziren edo zergatik hil ziren hain gazte, hain eder, bizi une ederrenean, hain heriotza mintsuagaz eta kasu askotan bakardadean...

Horrek kezkatzen nau, Freddie Mercuryren bizia gurasoen bizia baino hobeto ezagutzea, bera 1991n hil zenean, askok, ni kasu, urteak generamatzan hiesaren aurkako borrokan, hormak, beldurrak, aurreiritziak apurtzen. Prebentzioa lantzen, informazioa zabaltzen, kondoiak eta xiringak banatzen, gure lagunak zaintzen... gizartea aldatzen!

Ordutik hona ia 100 milioi mamu-lagun bizi izan gara GIB/hiesarekin, aurten ere milioi bat lagun hil dira gaixoaren ondorioz eta ia 2 milioi pertsona gehitu behar dira gure kolektibora.

Aurten, honen guztiaren aurka borrokatu garenen artean, bat gutxiago ere bagara, zeren nire senarra eta burkidea zen Ramon Garaizar Olaizola hil da.

Berari eta guztioi, muxuak eta nire eguneroko konpromisoa.

Jarriko dugu lazo gorria eta defendatuko ditugu, hasieratik izandako ideiak, gogoak, pozak eta irribarreak.

Search