Mikel Saralegi Otsakar eta Nerea Martiarena Vallero
Sustrai Erakuntza fundazioko kideak

AHTa: adarra jotzeari analisi serioa esaten diote

Irailaren 23an, astelehenarekin, UPNren Parlamentuko bozeramaileak aspalditik dakiguna adierazi zuen. Esparza jauna kexu zen, Espainiako Estatuko gobernu guztiek AHTari buruz Nafarroari adarra jo izan diotelako, kosta ahala kosta AHTa eraiki nahi duen Nafarroa elitista eta neoliberal horri. Eta, berak esan ez bazuen ere, zera gaineratuko genuke: gobernu guztiak, Esparza eta bere alderdia barne, etengabe ari direla nafarren aurkako iseka eta mespretxua areagotzen, hain zuzen ere kalitatezko tren-zerbitzu publikoak, jadanik existitzen diren azpiegiturak, aprobetxatuz eta gehiengo sozialaren mesedetan defendatzen ditugunon nafarren aurka.

Adarra jotzen digutela diogu eta dirua lapurtzen digutela; izan ere, AHTaren defendatzaile horiek ez dute txosten ekonomiko bakar bat ere aurkeztu, ez eta zerbitzuei buruzkoa ere, pertsonen eta salgaien garraioaren egungo eta etorkizuneko benetako beharrei erantzuteko. Dena da «aurrerabidea», «minutuak murriztea», «estandar europarrak» eta gainerako hitz hutsak, propaganda hutsa eta eduki eta informaziorik gabeko publizitate-kontsigna hutsak.

Gerora, joan den larunbatean, irailaren 28an, Manu Ayerdik "150 urterako konexioa" izeneko artikulua sinatu zuen Nafarroako Gobernuko kide ohi gisa. Abiadura Handiko Trenaren ordez Prestazio Altuko Trena ezarri zuena orain AHTaren eredura itzuli da 150 urterako konexioa eskatzeko. Artikulu horretan, Iruñetik aterako litzatekeen trazaketa (oraindik ikusteko dago eraikiko den edo ez) euskal Y-arekin lotzeko Ezkioko alternatiba defendatzen zuen, Gasteizkoa alde batera utzita. Ezer berririk ez, horixe bera defendatzen baitu bere alderdiaren parte batek Gipuzkoan eta Geroa Baik Nafarroan.

Bere idazkian, Ayerdi jaunak dio ez duela eztabaida teknikoetan sartu nahi, baina egia ez diren argudio batzuk erabiltzen ditu. Banan-banan joanen gara.

Lehenik eta behin, egungo Castejon-Altsasu trazaketan bide bakar baterako plataforma bat diseinatu zela dio. Hori ez da egia. Egungo trazatuan eta plataforman beste bide paralelo bat egin daiteke ia ibilbide osoan, Oskia inguruan izan ezik. Espazio hori duela 150 urte baino gehiago erreserbatu zen trenbidea eraiki zenean. Deigarria da orain arte inork ikusi ez izana zein agerikoa, zein erabilgarria eta zein merkea izango litzatekeen aukera honen aprobetxamendua. Denbora izan dute, AHTaren aldeko azterlan teknikoetan milioika euro gastatu beharrean.

Halaber, Nafarroan urte asko daramatzagula dio saturazio-arazoak pairatzen. Hori ere ez da egia. Egungo trazadura gutxiegi erabiltzen da pertsonak eta salgaiak garraiatzeko. Gaur egun tren gutxiago dago trenbide bakar hau zeharkatzen dutenak 70eko eta 80ko hamarkadetan baino, esaterako.

Azken 13 urteetan Nafarroan AHTaren obretan gastatu diren ehunka milioiekin, dagoeneko amaituta egon liteke Castejon eta Iruñe arteko egungo trazaduraren gaineko bide bikoitza, gutxienez.

Bigarrenik, egungo kurben eta zuzenen «diseinua» aipatzen du, 450 metrotik gorako trenak sartzea eragozten dutenak. Eztabaida teknikoetan sartu nahi ez izateko eta Europako estandarrei buruz hitz egin behar ez izateko... Austria edo Suitza bezalako hain herri «lauetara» jo dezake, merkantziak trenbidez garraiatzen diren herrialdeetara.

Hirugarrenik, iberiar zabalera aipatzen du muga gisa, baina ez dakigu zeren muga. Duela 60 urte baino gehiagotik Talgoek Bartzelona eta Madril Parisekin lotu izan dituzte, mugan trenez aldatu gabe eta trenbide-trazadura berriak egin gabe. Beste zehaztasun falta bat, gure aldetik eskuzabalak izanik bere argudioaren kalifikazioan.

Abiadura handiko trazadura jadanik existitzen den trenaren trazadurarekin paraleloan egitea, toki berberetara joateko edo, hobeki esanda, toki gutxiagotara joateko, hiriburuen artean ia geltokirik izango ez lukeelako, azken hamarkadetako aurrekontuetan legeztatutako hutsegite handienetako bat da. Ezkio alferrikako eta porrot egindako obren zerrendara gehitzen ikusiko dugu, Guadalajara, Burgos eta Tarragonako geltokiak bezala edota Castello, Teruel eta Lleidako aireportuak bezalaxe... Errepasa dezagun beharrezkoak ez ziren edo erabiltzen ez diren azpiegituretan gastatutako dirua eta konpara dezagun egin izan diren inbertsio publikoekin.

Nafarroan AHTrako trazadura/plataforma berri bat egiteak ez du inolako justifikazio arrazionalik, ez baitu konpontzen lurraldeetako garraio publikoaren arazoa pertsonentzat zein salgaientzat.

Utzi adarra jotzeari defendaezina dena defendatuz. Esparza eta Ayerdi jaunek, PSNk bezala, dokumentuak dituzte eskura, besteak beste, Sustraik egindakoak eta duela urte zenbait Parlamentuan aurkeztutakoak. Horietan frogatzen da ez bakarrik AHTa ez dela beharrezkoa, baizik eta bideraezina dela. AHTa eta bere bertsio guztien joko hau oso garesti ateratzen ari zaigu nafarroi ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Tren sozial eta publikoa, orain!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinat zailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Irit zi artikuluak eta gutunak sinat zailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinat zailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search