Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

Aleak harri artean

Zerbitzua gazteleraz jasotzea normaltzat hartzen dugu edo, besterik ezean, ikaratuta, onartzera behartuta gaude. Beldurra baita medikuntzaren laharra. Zertarako euskara lehenetsi, pediatra erdalduna bada?

Atera da, behingoz, ereilea hazia ereitera. Lehenengo aldiz, Osakidetza pazienteen lehentasunezko hizkuntza jasotzen ari da. Orain arte, norbanakoak eskatu ezean, bere hizkuntza gaztelera zela jartzen zuten, inori galdetu gabe. Azkenik, martxan jarri da pazienteen lehentasunezko elearen erregistroa. Oraingoan bai, zein nahi dugun galdetzen digute. Datuen arabera, biztanleriaren %40ri galdetu omen zaio zein hizkuntzan artatua izan nahi duen, eta 200.000 erabiltzaileek euskara aukeratu dute; laurdenak. Euskaltzale askok, pozarren, urteetan ereindako fruitua loratzen ikusi dute. Izan ere, besterik ezean, ogi gogorra ere ogi. Jainkoak barka nazala, baina Markosenak entzungo dituzte: «Ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute bai, baina ulertzen ez». Ikasiko dute ez dela garirik harri artean.

Datuak ez dira positiboak, inondik inora. Ez da harritzekoa; luzaroan noraezean ibili ondoren, etxerako bidea nekez aurkitzen baita. Horrela jarraituz gero, bistan da, begirik duenarentzat, errekara goazela, amildegira. Gauza jakina da hizkuntza gutxituaren hiztunek ez dutela erraz euren elea aukeratzen, ez behintzat osasun arloan, ahuldade egoeran dauden horretan. Hau aspaldi aztertu da Kanadan, frantses hiztunen artean. Osasun arreta ez bada frantsesez eskaintzen ingelesera jotzen dute, halabeharrez. Hainbat arrazoi, tartean: norberaren hizkuntza gutxitua den aldetik, komunikatzeko arazoak antzematea, adibidez. Edo frantsesezko osasun zerbitzuen gabezia, zeinak erabiltzailea hori erdiestea ezinezkotzat jotzera bultzatzen duen. Maiz, zerbitzua norberaren hizkuntzan garaiz jasoko ez delako ustea. Sarri, hizkuntza gutxituan eskaintzen den zerbitzua hizkuntza nagusian eskaintzen dena baino kalitate gutxikoa izango delako sinismena. Hori dela eta erabiltzaileek ez dute arreta frantsesez eskatzen, eta aldi berean zerbitzu-hornitzaileek, oharkabean eta naturaltasunez, ingeleserarako joera dute.

Gauza bera gertatzen da Euskal Herrian, eta zerbitzua gazteleraz jasotzea normaltzat hartzen dugu edo, besterik ezean, ikaratuta, onartzera behartuta gaude. Beldurra baita medikuntzaren laharra. Zertarako euskara lehenetsi, pediatra erdalduna bada?

Euskal Autonomia Erkidegoan euskaldunen batazbestekoa %37 da, baina horrela jarraituz gero %20k baino ez du euskara aukeratuko. Ingurune soziolinguistikoa garrantzitsua da, baina ez da erabakiorra. Debagoienean adibidez, euskaldunen batazbestekoa %66 da, baina euskara lehenetsi dutenena askoz baxuagoa. Elgetan edo Aramaion, ordea, kalean baino gehiago erabiltzen da euskara kontsultategian. Arrazoirik? Batetik, eskaini behar da, eta ez eskatzera behartu. Bestetik, gakoa da nork eta nola eskaintzen duen aukerazko hizkuntza. Izan ere, osasun arloko botere gunea medikuak dira batez ere, ez administrariak edo zelariak. Medikuek eragin handia izan dezakete; euskaldunak izan behar lukete, eta euskararen erabilera adoretu.

Hauxe da gakoa, eta hemen egin behar da ahalegina. Kezka hau Kanadako Health Standards Organization erakundeak sortu duen lantaldean partekatu dugu, eta komunikaziorako estandarretan jaso. Paziente guztiei eskaini behar zaie euren lehentasunezko hizkuntza aukeratzea, noski, baina ezin du edozeinek egin. Beren-beregiko prestakuntza beharrezkoa dela antzeman da.

Nola lor genezake? Lehen mailako arretan, erizain, pediatra eta familia medikuen artean hain zuzen ere, txertatu beharko litzateke hizkuntza eta osasunaren gaia etenbageko prestakuntzan, hiztun aktiboak sortuz. Benetako eskaintza aktiboa egingo luketen profesional euskaldunak, pazienteak euskara erabiltzera adoretuko lituzketenak. Horrela bakarrik lor dezakegu euskara lehenesten duten batazbestekoa elebidunen parera heltzea, edo erabilerarena baino handiagoa izatea. Bestela jai daukagu. Bostetik batek bakarrik aukeratzen badu euskara, batzuek ez dute errukirik izango. Hasi dira dagoeneko, datu hauetan oinarrituz, hizkuntza eskakizunen aurka oldartzen.

Gaurko eredua oker dago, izugarrizko akats estrategikoa da, eta larrutik ordainduko dugu ez bada garaiz zuzentzen. Harri artean ari gara aleak ereiten.

Search