Amaieraren hasiera
«Estrasburgoko ebazpenak ez dio gatazkari amaierarik ematen. Estatu zapaltzaileen itxikerian ireki dugun pitzadura baino ez da (ez da gutxi, ordea!), eta, orain, aurrera jarraitu beharko dugu kartzeletako harresiak eraitsi eta espetxe politika hilzorira eraman arte.»
Estatuari erauzten dioguna, alegia bere gogoz kontra ateratzen zaion dena, irabazitako bataila izaten da beti. Batez ere, zain dugun berriaren edukia nolakoa izango den jakiteko horrenbeste denbora (eta zer ez duten iritziko gatibu daudenak!) itxaron behar denean. Izan ere, Estrasburgotik iritsi zaigun erabakia zedarri izango da herri honek pairaturiko errepresioaren gaineko historia liburuetan. Behin hori esanda, ez legoke gaizki gai honen inguruan zenbait egia gogoratzea, batik bat afera juridikoki nahiz politikoki behar den moduan kokatzeko.
EPPKri ukatzen dizkioten beste eskubide askorekin gertatzen den bezalaxe, espainiar Estatuak muzin egiten zion justizia kontu baten aurrean gaude. Hala den neurrian, nazioarteko auzitegiak harturiko erabakia, ez dakit zer garaipen baino gehiago, eskubide baten zapuzketari buruzko aitorpena dugu.
Hori horrela, Estrasburgoko ebazpenaren harira jeltzaleek egindako hainbat adierazpen zeharo bitxiak iruditu zaizkit. Laburbilduz, espetxe «onurak» onartzeko eskatzen dio Lakuak Kolektiboari. Bi gauza, baina, ezkutatzen ditu PNVk: bata, estatuek, Lakuak, Iruñeak eta PNVk berak «onura» gisa hartzen dutena eskubideak direla berez; eta bigarrena, espetxea dela (ez EPPK, ez ETA, ez ezker abertzalea) eskubide horiek aplikatzeari uko egiten diotena.
197/2006 doktrina (aski da “Parot” izendatzeaz!) espetxeratutako euskal militanteen aurkako salbuespen politikaren zutabe da, eta indarrean dago oraindik orain. Estrasburgok gaitzetsi izanak, momentuz, ez du horratik espetxe politika horren iraulketarik erakarri (gainera, kontrakoa gertatuko zela uste zutenei argi eta garbi mintzatu zaie Barne ministroa).
Estrasburgoko ebazpena berehala «betetzen» duela irudikatzen ibili arren, espainiar Gobernua Ines del Rioren bahiketa luzatzen ibili da. Izan ere, Ines kaleratzeko lehen instantzian hartutako erabakia berretsiz, honen aurka Espainiak aurkeztu zuen helegiteari erantzuten dio oraingoak. Tarte horretan guztian, Ines kartzelan mantendu dute.
Europako auzitegiak, bestalde, Ines del Rioren aferari buruz hartu du bere erabakia, eta auzi horrekin lotuta bakarrik. Beste gauza bat da horretarako erabili dituen argudioak Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an hasi zuen doktrina ezabatzen duela izatez, eta, ondorioz, aipatu argudioak doktrinaren pean dauden gainerako euskal militanteengana hedatzeko aukera eskaintzen duela erabakiak. 197/2006 doktrinak legezkotasun, segurtasun juridiko eta kontrako zigor legeen atzeraeragin ezaren printzipioak zapuzten dituela ezin ozenago argudiatzerakoan, Estrasburgok legez kanpokotzat jo du Gorenaren jurisprudentzia berria, eta, berau oinarri, baita espetxe «onurak» kalkulatzeko interpretazio zitala ere.
Ikuspuntu horretatik, gure bihotzak garaipenaz hitz egin lezake. Baina burua hotz mantendu beharra dago, eta, batez ere, ondoan ditugun beste elementu batzuk ezin ditugu ahaztu. Hasteko, ehunka preso daude oraindik, Estrasburgok orain legez kanpokotzat jo duen doktrina dela medio horietako batzuk legez kontrako zigorra betetzera behartu dituztelarik.
Espainiar Gobernuak Ines behingoz kaleratu izanak, bestalde, ez digu gehiegi argitzen berehala kaleratu beharko lituzketen gainontzeko militanteekiko zer jarrera mantenduko duen. Gainera, espetxe politikaren zutabe nagusietako bat serioski ukituta gelditu izanak ez du ezinbestean esan nahi politika hori, epe motzean behintzat, eraldatuko dutenik. Areago oraindik: eskuin muturreko sektoreek, kobazulo mediatikoak eta sufrikarioa baliaturik espainolkeria ozpindua bezain negargarria saldu nahian setati ari diren zenbait elkarte ezagunek eginiko presioari erreparatuz gero, kontrakoa gertatzen ari dela esango nuke nik.
Estrasburgoko ebazpenak ez dio gatazkari amaierarik ematen. Estatu zapaltzaileen itxikerian ireki dugun pitzadura baino ez da (ez da gutxi, ordea!), eta, orain, aurrera jarraitu beharko dugu kartzeletako harresiak eraitsi eta espetxe politika hilzorira eraman arte. Politika anker honen elementu garrantzitsu bat gainditzen ari gara, ugari badira ere oraindik bide erditik kendu beharreko oztopoak. Gaixo larriek edota zigorraren hiru laurdena bete dutenek, bereziki, kalean egon behar zuten aspalditik. Eta oro har, gure lagun eta senide preso guztiei dagozkien hainbat eskubide (osasuna, ikastekoa...) ziurtatu beharra dago ere. Euren eskubideak gauzatzea betebeharra da gu guztiontzat, batik bat Euskal Herrian egotekoa. Sakabanaketarekin amaitzeko borrokari jarraiki, Euskal Herri osoaren askatasunaren alde ere borrokatzen ari gara. Baina gure burujabetza ez zaigu ez Estrasburgotik ez beste inondik etorriko. Guk geuk erauzi beharko diogu zapaltzaileari.