Jon Muñoz
Irakaslea

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara ofiziala... teorian

Azaroaren 4an euskararen defentsan Bilboko kaleak bete ditugu. Oraingoan Justizia Epaitegi batzuek emandako ebazpenek euskara gutxiesteaz gainera euskararen normalizazioaren alde egiten den lana oztopatu nahi izan dutelako. Ebazpen hauek, kolokan jartzen dute urteetan batzuek pentsatu eta adierazi dutena: Estatutuarekin eta Euskararen Legearekin euskaldunon hizkuntza eskubideak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bermatuta daudenaren ideia. Sententziek argi uzten dute euskalgintzako sektore batek askotan planteatu duena, euskararen herrian euskaldunak bigarren mailako biztanleak garela, hizkuntza eskubideak bermatuta ez ditugula eta euskarak babes juridiko baten falta duela.

Auzitegien erantzuna ikusita nork uste du euskara salbu dagoela, bere egoera ona dela edo eraso gehiagorik ez duela jasoko? Egoera hau, paperaren gainean eta teorian, euskara ofiziala den Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gertatzen bada zer gertatuko da gainontzeko euskal lurraldeetan? Erantzuna argia da, egun indarrean dauden legeek ez dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideak babesten, ezta bermatzen ere, eta dagoeneko ezin dugu pase forala erabili. Urte asko pasa dira euskararen herria administrazio ezberdinetan sakabanatu zutenetik, bakoitzean euskaldunoi hizkuntza egoera eta lege ezberdinak jarriz: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zonalde euskaldunean teorian euskara ofiziala da; Nafarroako zonalde mistoan euskara koofiziala da; eta Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako «zonalde ez vascofonoan» euskara ez da ofiziala. Euskaldunak, hizkuntza eskubideei dagokienez atzerritar gisa tratatuz.

Euskararen lurraldean egindako zatiketa administratiboarekin batera apurka-apurka gaztelania eta frantsesaren bortxazko ezarpena egituratu da, euskara desagerrarazi nahian. Euskal Herri penintsularrean estatu kolpea eman zuten militarrek euskararen erabilera debekatu zuten, kasu batzuetan belaunaldien arteko transmisioa oztopatuz. Hau gutxi balitz urteetan agintean egondako militarrak dena lotuta eta ondo lotuta utzi zuen, baita hizkuntzaren gaiari dagokionez ere, 1978an idatziko den Carta Magnan esaten den bezala: «espainol guztiek gaztelania jakin beharra dute».

Azken ideia hau dago epaile batzuen sententzien argudioetan eta bistan denez ez digute euskaraz bizitzen utzi nahi, paperaren gaineko euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz. Beraz, zer behar dugu euskararen ofizialtasun erreal bat egoteko? Erantzuna erraza da, eguneroko bizimoduan euskaldun ororen eskubideak bermatzen dituen legeria, euskararen kontrako zapalkuntzen aurrean babes juridikoa eskainiko duena. Hau da, administrazioan, epaitegietan, osasun zentroetan eta irakaskuntzan euskara normaltasunez erabiltzeko eskubidea eta babesa ematen digun lege markoa.

Eguneroko jardunean euskararen ofizialtasuna hitz polit bat baino ez da, euskaldunak behin eta berriro aurkitzen ditugulako euskaraz normaltasunez aritzeko oztopoak: tamalez oraindik gurasook itzultzaile lana betetzen dugu gure haurrak pediatrarenera eramaten ditugunean, «¿no sabe castellano?» moduko komentarioak entzunez; Lanbide Heziketako hainbat ziklotan euskaraz ikasteko trabak daude; EHU-ko gradu batzuetako ikasketak ezin dira euskara hutsean egin; oztopoak daude arreta euskaraz jasotzeko administrazioaren sail batzuetan (Udal, Aldundi zein Eusko Jaurlaritzakoak), Gizarte Segurantzan, Lanbiden, epaitegietan edo posta zerbitzuan. Euskarazko lehen hitzak esan bezain pronto «no sé euskera» edo «en castellano, por favor» moduko erantzunak jasotzen ditugularik, gaztelania nagusi baita.

Ezin ditut lerro hauek amaitu aipatu gabe eztabaidagai dagoen Hezkuntza Lege berriak ez duela euskararen normalizazioan lagunduko, izan ere hizkuntza-ereduak mantentzeak euskaldun analfabeto berriak sortuko ditu. Bai, analfabetoak, A eta B (A eredu mozorratua) ereduek hurrengo 20-30 urteetan euskaraz hitz egiteko eta idazteko gaitasuna izango ez duten ikasleak hezituko dituelako eta horrek euskararen normalizazio prozesuan oztopoak izaten jarraitzea suposatuko duelako. Irakasle izanik guraso bilera askotan topatu naiz nire belaunaldiko guraso ez euskaldunduekin, zeinek beren pena adierazi didaten A edo B ereduek ez zielako euskalduntzeko aukera eskaini. Mesedez, ez dezagun akats hau berriro ere errepikatu eta Hezkuntzak belaunaldi berriak euskaldundu ditzala.

Search