Mitxel Elortza
Arnas Dezagun taldeko bozeramailea, taldekide guztien izenean

Arnas Dezagun bada!

Eskola-segregazioa arazo estrukturala da. Gure proposamena ez dator arazoa areagotzera, ezta irtenbidea ematera ere, baina inklusioa eta aniztasuna bermatuko dituen D erduko eskola nahi dugu, euskara ardatz, eta ez espainiera, gehienetan gertatu bezala.

Txoli Mateosek idatzi du GARAn, Arnas Dezagun ekimena auzitan jarriz. Zilegi da, baina uste dugu proposamena ez duela ondo ulertu; hartara, argibide batzuk emango ditugu jarraian.

Batetik, neurri oso oinarrizko bat proposatu dugu, D ereduko ikastetxeetan haur euskaldunak ez sakabanatzea, herri erdaldunduetan oso agerikoa den arazo bati (haur euskaldunen erdalduntze azkarrari) aurre egiteko. Bestetik, gure proposamenak ikasle guztiak hartzen ditu aintzat, izan euskaldun, gazteleradun, portugesdun, wolofdun, txineradun, eta abar, guzti-guztiak. Mateosek luzatutako galderei erantzuten saiatuko gara jarraian.

«Euskaraz ederto eta ozta-ozta egiten duten ikasleak bereiziko dira?».

Ez dugu ikasleak bereiztea proposatzen. Ikasle etxetik euskaldunak ez sakabanatzea eskatzen dugu soilik. Euskaldunekin batera egongo dira bestelakoak ere, ikastetxeek erabakiko dute zeintzuk. Egun ikasle etxetik erdaldunek ez dute euskal eredurik (irakaslea bakarrik), eta gazteleraz jardun beste aukerarik ez dute izaten, etxetik gazteleradunek bai, baina euskaldunek, hasanieradunek, kitxuadunek, arabieradunek, eta abar, ere bai.

«Ez al dago ikasleak ‘selekzionatzeko’ arriskurik (...) DBHko ingeles maila ona zutenekin egiten zen bezala?».

Ingeles edota matematika maila oneko ikasleak ikastetxe askotan «selekzionatzen» dira orain ere. Ikasleak ezberdinak izaki, behar ezberdinak dituztelako egin ohi da, edota zailtasun gehien dituztenei arreta handiagoa emateko. Horixe eskatzen dugu geuk ere ikasle etxetik erdaldunentzat: euskarazko prestakuntza hobea.

Ikasle euskaldunak elkarrengandik sakabanatuta, euskaraz egiteko aukera errotik ukatzen zaie, euron buruekiko eta hizkuntzarekiko uste etsigarriak garatzen dituzte, baina, gainera, ezin diete ikaskide erdaldunei ekarpenik egin euskara ikasteko prozesuan. Guztiak dira galtzaile! Haur etxetik euskaldunak trinkotuta, euskaraz egiteko aukera ematen zaie, bai euskaldunoi, baita euskalduntzeko bidean daudenei ere (D ereduan gaude!).

«(Haur euskaldunak ez sakabanatzea) bide eraginkorra da ume erdaldunak eta haien gurasoak euskararen mundura erakartzeko?».

Baietz uste dugu. Izan ere, haur erdaldunak euskarazko erreferenterik gabe utzita, nola hurbilduko dira ba euskal mundura? Haur euskaldun horiekin euskaraz jarduteko aukera eta beharra sortu beharra dago. Ez beharrik, ez aukerarik ez badute, nola ikasiko dute euskara?

«Nire herriko eskolan, ikasle guztiek eskuratzen dute maila txukuna euskaraz. Hala ere, familia euskaldunetako gazte asko gaztelania hutsean aritzen dira kalean».

Ba denek eskuratzen badute euskara maila txukuna, zorionak! Aldiz, Arnas Dezagun-eko kideon herri erdaldunduetan (Galdakao, Bilbo, Barakaldo, Altsasu, Iruñea, Gasteiz etab.) asko eta asko dira euskarazko maila txukuna eskuratzen ez dutenak.

Bestalde, erabileraren gainbeheran eragile asko daude. Etxeko hizkuntza ohiturak bai, baina euskaldunen dentsitatea, telebista eta internet bidezko erdarazko eduki oldea, eta beste hainbat ere bai. Ikastetxeetan haur euskaldunak sakabanatzea da eragile horietako bat.

«Ez al du ekimen honek areagotuko eskola publikoak duen segregazio arazoa, baina orain eskola barruan?».

Eskola-segregazioa arazo estrukturala da. Gure proposamena ez dator arazoa areagotzera, ezta irtenbidea ematera ere, baina inklusioa eta aniztasuna bermatuko dituen D erduko eskola nahi dugu, euskara ardatz, eta ez espainiera, gehienetan gertatu bezala.

Batu ditzagun indarrak haur guztien euskalduntzearen (beren jatorrizko hizkuntzen eta kulturen errespetutik) eta haur euskaldunen eskubiderik oinarrizkoenen alde.

Euskal Herrian euskaraz hazteko eta hezteko eskubidearen alde dagoen edonor, Arnas Dezagun-en manifestua sinatzera gonbidatzen dugu:
https://arnasdezagun.eus/atxikimenduak/

Search