Ion Vazquez Mateo
UOC Unibertsitateko doktoretza ikerlaria (TURBA ikerketa taldea)

Auzi nazionala: sukaldatu edo kantatu?

Nire amona, ogibidez, sukaldaria izan zen. Eta kantatzea ere gustatzen zitzaion. Bi trebetasunetatik zeinetan nabarmentzen zen galdetuko balidate, sukaldatzen edo kantatzen, zaila izango litzateke erantzutea. Egia da, bai batak eta bai besteak diziplina eskatzen dute. Batetik, sukaldaritza ez da dirudiena. Izan ere, sukaldaritzak aldez aurretik espero daitekeena baino diziplina gehiago eskatzen du. Eta askotan, su motela kontrakoa baino komenigarriagoa da. Kantatzea, bestalde, beste kontu bat da: baina, hemen ere, edozein dela abestia, atzeko entsegu eta etengabeko lana nahitaezkoa da. Hala ere, emaitza desberdina da. Tonu baxuan, musikarekin edo a capella, kantatzen denean, testuingurua aldatzen da. Ez baita errutinazko ekintza bat, gertaera eraldatzaile bat baizik.

Testu honetan, bi bertute hauek auzi nazionalaren inguruko bi korronte akademikoen inguruan hausnarketa bat irudikatzeko erabiliko ditut. Lehenak, su motelean sukaldatzearen metaforari egiten dio erreferentzia, eta termino akademikoetan tendentzia hutsala deritzo. Ikuspegi honen arabera, eguneroko errutinak eta ohitura ideologikoak dira axola dutena. Ikuspegi honekin aztertu dezakegu urte osoan zehar balkoian geratzen diren Ikurrina edo Nafarroako bandera. Ikuspegi honen baitan begiratu diezaiokegu baita ere Euskal Herriko mapa duen giltzatako bat edukitzeari, taberna konkretu batetan zerbait hartzeari, euskaraz hitz egiteari edo egunkari bat edo beste irakurtzeari. Azken finean, oharkabean pasatzen dena eta elementu psikosozialak elkarren osagarri dira hemen. Gogoratzen dena eta ahazten dena nahigabeko kontzientziazio prozesu baten parte dira. Gure mundu sozialaren praktika familiarren parte, azken batean. Izan ere, testuinguru politikoan, nazioari buruz hitz egiten denean, diskurtso eta gertaera bereziak ekartzen dira gogora. Baina, ikuspuntu hau hartzen badugu kontutan, hain esanguratsuak ez diren gertaerak ere garrantzitsuak dira nazio baten biziraupen eta erreprodukziorako. Eguneroko su moteleko sukaldaritza izango litzake korronte hau.

Bigarren ikuspegia prozesu politikoetan oinarritzen da. Hemen korronte eraldatzailea kokatuko genuke, tentsio gehiago eragiten dituzten fenomenoak aztertzen dituena. Lehen aipaturiko bertuteei begira, abestearen baliokidea izango litzake hau. Ikuspegi honen arabera, auzi nazionala konpetentzia hegemoniko baten politikoa ere bada, eta honen baitan mota ezberdinetako prozesuak eman daitezke. Prozesu hauetan, aktore desberdinek parte hartzen dute, eta batzuen eta besteen arteko interakzio eraldatzailearen bitartez pasarte politikoak azaltzen dira. Gertaerak, kasu honetan, erabat politikoak dira. Ondorioz, ikusgarriagoak dira eta agenda politiko-mediatikoaren parte dira. Gertaerak, gainera, zabalagoak diren ziklo eta prozesu politikoetan gertatzen dira. Ikerketa ildo honi jarraituz adibidez, besteak beste, mobilizazio zikloak aztertu daitezke. Tendentzia akademiko hau, nire ustez, kantatzearen ekintzaren antzekoa da. Batzuetan, instituzioetan gertatu daitezke gertaerak; instituzioetatik kanpo beste batzuetan. Eta askotan, instituzioak, eta beste espazio politikoak nahasten dituzten gertaera eta pasarteak dira.

Neure buruari galdetzen diot Euskal Herriko auzi nazionala kantu bat edo sukalde bat den. Ez da erraza erantzuna. Hala ere, nire hipotesia zera da: eguneroko sukaldea beharrezkoa den arren, ez dela nahikoa. Ona litzateke apurka-apurka, pausoz pauso, baina erritmoa galdu gabe, korronte hauen arteko elkarrizketa eraikitzailea haziz joatea. Zero kilometrokoa den sukalde bat dugu: gure harremanetan, eguneroko ekintzetan eta ohiko espazioetan. Baina garai zailak datoz (Trumpen garaipen doilorra horren adibide besterik ez da). Eta ondorioz, kantu eraldatzailea eta eguneroko sukaldaritza indartzea giltzarri izango da. Gure diskurtso eta praktikak zabaltzeko eta espazio eta modu berriak bilatzeko aukera emango digute. XXI. mendera indar gehiagorekin proiektatzeko, eta, batez ere, logika neoliberalak gaindituko dituen subiranotasunarekin hazteko. Gelditzen ez den herri bat kohesionatzeko aukera emango digun eraldaketa bat behar dugu.

Egia da, halaber, bi norabideetan aurrera egitea ez dela erraza, dauden zailtasunengatik. Hala ere, norabide horretan oztopoak aurkitzeko kanpora begiratu behar bada ere, barrura begiratu behar da baita ere. Neure buruari planteatzen diodan beste galdera bat da nola konbentzitu dezakegun gehiengo bat tresna demokratikoen bidez burujabetza behar bat dela gaur, eta ez bihar. Burujabetza ez dela utopia urrun bat, gelditu behar ez den prozesu graduala baizik. Erabakitzeko eskubidea erabat artikulatzea lehen nahitaezko urrats eraldatzailea da. Baina, beharbada, baliagarriak izango dira, besteak beste, kutsu herrikoi / nazionala duten estrategiak, behetik gora doazenak, eta baita goitik behera ere. Nazio mailan politizatu (eta, ondorioz, polarizatu), politika egiteko gure moduak berritu, eta egunerokoan lan egin. Estrategia horiek, azken batean, subiranistak eta ez-subiranistak integratuko dituen gehiengo bat konbentzitzea ahalbidetzea izango lukete ardatz.

Bien bitartean, ez genuke ahaztu behar poliki-poliki prestatutako plan, estrategia, sare eta hipotesiez harago, batzuetan hasi besterik ez dela egin behar. Hau da, egunerokoan gehiago sukaldatzen hasi gaitezen. Hori bada denok izan dezakegun etxeko-lan bat. Lehenago aipatutako ideiez gain, badira beste batzuk: kontsumitutako produktu kulturalen inguruan hausnarketa egin, edo ez baztertu auzi nazionala gabonetako eta edozein afalostetan, besteak beste. Eta bestetik, biderkatu dezagun kantatzearen eginkizuna: agenda politiko-mediatikoan, instituzioetan, eta beste espaziotan. Honetarako, bakoitzaren lana baino, kolektiboaren eginkizuna da beharrezkoa. Hala ere, aipatu bezala, ezin da bata bestea gabe ulertu. Eta ikusgarria izan edo ez izan, biak dira atzeko lanaren emaitza.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Search