Maialen Begiristain eta Julen Zulaika Alkorta
Libre/Eleak eta Askapena

Berriz goaz Madrilera

Askori, gehiegiri zoritxarrez, Madril aipatzean hainbat oroitzapen etsigarri etorriko zaizkio burura eta motiborik ez zaio faltako. Autobuseko joan-etorriak, epaileekin izandako aurrez aurrekoak, igande gauak, Auzitegi Nazionaleko atea, ohean emaniko batera eta besterako itzuliak, fiskalak, urduritasuna, akusazioak, polizien adierazpenak...

Izan ere, asko, gehiegi izan dira herri honen aurkako epaiketa politikoak eta haietan jasandako sufrimendua. Gehienek amaiera tragikoa izan dute. Egunotan Askapenako kideak ikusi ditugu akusatuen aulkian, laster batean Segurako auzikoak izango dira, eserlekuak hoztu gabe artean; hurrena Ekineko auzikoak bertaratuko dira, etenik ezagutu gabeko erruleta errusiar bidegabe honetan.

Baina seguru gaude oroitzapen hauen artean beste zenbait ere geratuko zitzaiela hainbaten memoria kolektiboan. Hain zuzen, inperioaren, munstroaren bihotzean, errebeldia eta elkartasun auzoetako aldarriak, itzaleko eta periferiako Madril horren elkartasun keinuek ere seguru zuen oroimenean badutela lekurik. Izan ere, zenbat urte eta hamarkada dira dagoeneko Madrilgo langile auzoetan senitarteko eta lagunentzat lotarako etxeak topatzen zaizkiela? Modu askotan ematen zaie babesa Euskal Herritik gerturatuei. Bertara iristean euren bila joaten dira, Auzitegi Nazionalera laguntzen diete, lehen egunean batez ere, baina baita ahal denean ere, behar denerako bertan daudela erakutsiz. Haietariko askok ez dute galdetu ere egiten zein den fiskalaren salaketa. Epaiketak hastearekin batera, ongietorria egiten zaie auzipetu eta gertukoei, azken urteetan San Carlos Borromeo elizan. Pulpiturik gabeko eliza dugu berau, lotarako koltxoiak daude bazter batean, errezatzeko bankuen ordez, eta paretan «preso politikoen askatasuna» jartzen du. Bertan ‘Eusko gudariak’ abestea ohiko bihurtu da. Azken batean, ekimenok etxean bezala sentitzea dute helburu. Hitzaldiak antolatzen dira ahalik eta gehienek jakin dezaten azken urteotan euren lurretara ere iritsi den salbuespen egoeraren berri, errepresioaren aurpegi latza gertutik ezagutu dezaten.

Elkartasun emari hau, baina, ez da edonon egiten, ezin ahaztu euskaldunokiko elkartasuna adierazteko zailtasunez beteriko giroan dihardutela oraindik ere, mehatxu eta eskuin muturraren itzalpean. Euskal Herriaren Lagunek zein Madrilgo Libre dinamikak etengabe dihardute norabide honetan arraunean, eta oraingoan pauso indartsu bat eginda, manifestazio baterako deialdia egin dute. Hain zuzen, bihar Madrilen Atotxatik Sol-era abiatuko den ekimena. Bertan bilduko dira urte hauetan guztietan Euskal Herriari eta bertakoei elkartasuna adierazi dieten ehunka lagun, epaiketa politikoak behin betiko amaitu daitezela eskatzeko. Eta guri eginahal internazionalista erraldoi honi babes ematea dagokigu, haien lana eskertzea eta gure babesa adieraztea.

Badakizue hitzordu garrantzitsua dugula bihar Madrilen, eta horretarako hamaika herritan antolatu dira autobusak. Oraingo joan-etorria, baina, ez da urduritasun eta amorruarena izango, haiek eta guk aldarri ozen bat dugu egiteko Madrilgo kaleetan: Ez dugu epaiketa politiko gehiago onartzen, gero eta ahots gehiago gara, han eta hemen, epaiketa hauen aurka egingo dugunak, elkartasunak, ez duelako mugarik.

Search