Aitor Montes Lasarte
Familia medikua

Bidegabekeria ez da hautazkoa

Zoritxarrez, ez dago osasun profesionalen esku gizarteak eragindako bidegabekeria  guztiei aurre egiterik. Guk ezin ditugu gure pazienteen lan baldintzak aldatu, edo txirotasunari aurre egin. Baina badago osasun mailako ezberdintasunak gainditzeko aukera bat, bakarra egia esan: hizkuntzaren arloan lan egitea.

Osasun arreta euskaraz eskatzen dugu aspalditik, erabiltzaileek, langileok eta zenbait gizarte eragilek. Helburu bera daukagu, azken batean: osasun arreta euskaraz eskaintzea eta jasotzea maila guztietan, edonon eta edonoiz, ahoz eta idatziz. Aldarrikapenak askotarikoak izan dira, bata bestearen osagarri. Batzuk kalitatearen esparruan egin dugu lan, eta beste batzuk eskubideen arloan. Askoren ustez, osasun laguntza norberaren hizkuntzan jasotzea hizkuntza eskubide bat da, batzuentzat hautua.

Osasuna oinarrizko eskubidea da berez, hizkuntzatik harago dagoen giza eskubidea, alegia. Eta horrek ematen dio hizkuntzari berebiziko garrantzia arlo honetan, beste askotan baino gehiago, askok uste dutenaren kontra. Izan ere oinarrizkoa delako, justiziazkoa delako. Ezinbestekoa.

Ekitatea da osasun jardueraren zutoinetako bat. Ez dago kalitatezko medikuntzarik ekitaterik gabe: jende guztiarentzat ahal den heinean osasun mailarik altuena edo gorena lortzea litzateke, bazterkeriarik gabe. Martin Luther Kingek esan zuen bezala, «desberdintasunen artean, osasun mailako zuzengabekeria da gordinena eta ankerrena».

Ez da atze aurrerik berdin duenik, eta osasun mailan alderik egotea normala da. Sortu denak hiltzea zor, batzuk lehenago besteak baino. Osasun desberdintasunak populazio-taldeen arteko aldeak dira, garrantzitsuak noski, baina norberaren ezaugarriek edo hautaketa pertsonalek baldintzatuta. Ez dago inplikazio etikorik, ez arazo sozialik. Adibidez, emakumeak gehiago bizi dira gurean gizonak baino, euren bizi-itxaropena luzeagoa da. Nekez aldatuko dugu hori. Beste bat aipatzearren, gripearen txertoa hartzea hautazkoa bat da, norberaren eskubidea eta erantzukizuna aldi berean.

Oso bestelakoa da, ordea, osasun mailako ekitate-eza: pertsonen osasun ezberdintasunak, zuzendu daitekeen edozein bidegabekeriak eragindakoak; injustiziak dakartzan osasun erasanak funtsean. Bizi-itxaropena laburragoa da oro har txiroen artean aberatsen artean baino, adibidez. Korrelazioak ez dakar kausalitatea, eta medikuntzak adierazpen frogagarriak eskatzen ditu. Berbarako, amiantoak hainbat langile hil ditu Euskal Herrian; harreman zuzena dago amiantoaren eta gaixotasunaren artean, hilgarria den mesoteliomarekin hain zuzen ere. Aurkako neurriak hartu ezean (eta urte askotan ez da inolako neurririk hartu) langile asko hil daitezke, eta hil egin dira. Ez dira ugazabak hil; langileak zendu zaizkigu, eta hori osasun ezberdintasun bat da; ekitate-eza, zuzengabekeria.

Zoritxarrez, ez dago osasun profesionalen esku gizarteak eragindako bidegabekeria  guztiei aurre egiterik. Guk ezin ditugu gure pazienteen lan baldintzak aldatu, edo txirotasunari aurre egin. Baina badago osasun mailako ezberdintasunak gainditzeko aukera bat, bakarra egia esan: hizkuntzaren arloan lan egitea.

Osasun zerbitzua pazientearen hizkuntzan ukatzeak kalitateari kalte egiten dio, batez ere gaixoa ahuldade egoeran badago (haurrak, adinekoak, buruko osasun arazoak dituztenak, minbiziak jota daudenak), horrela ekitatea hondatuz. Mihiko pozoia da saminena. Osasun emaitzak, baita pazienteen esperientzia zein gogobetetasuna, txarragoak izan daitezke. Ekitate-eza da hori, zuzengabekeria. Konpondu eta zuzendu daitekeen erasana. Osasun profesionalen zein erakundeen erantzukizuna da hizkuntza aldetik egokia den arreta eskaintzea, ez dago aitzakiarik. Osasun langile garenok gure esparruan lan egin behar genuke, kalitatezko arreta defendatuz, hots, pazienteen hizkuntzan. Euskalgintzak bere aldetik argi izan dezala osasun arreta euskaraz jasotzea eskubide ukaezina dela, norbanakoarentzat zein gizartearentzat oro har, ez soilik hizkuntza eskubidea. Ez da erabaki pertsonala, ez da hautu bat, behar bat da. Izan ere, hitzek maiz sendatzen dute. Hitzez harago, guztiok jabetu gaitezen. Argi izan dezagun osasuna eta hizkuntza uztarturik daudela, oinarrizko eskubideen esparruan bete-betean jotzen dutela, besteen pareko edo gorago. Ekitatearen izenean eta ezberdintasunak onartuz, bidegabekeriei aurre eginez, neurri egoki eta osasuntsuak hartzera derrigortuta gaude.

Search