Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea

«Black Lives Matter»

Frustrazioaren eta amorruaren adierazpenak ikusten ari gara, aldaketak eskatzen dira, baina, batez ere, arrazismo arazo sakonaren aitortza da erreklamatzen dena. Argi utzi nahi da arazoa ez dela jokabide txar isolatu bat izan, baizik eta hori ahalbidetzen eta bermatzen duen sistema oso bat.

George Floyd poliziaren esku hil izanak mobilizazioak eragin ditu mundu osoan. Gure artean ere, horren adibide jendetsuak izan ditugu. Ez da, noski, ezagutzen dugun horrelako lehen heriotza, baina oraingoan lekuko izan gara. Irudi gordinak eta bortitzak biralizatu egin dira, eta atzean dagoen historia ezagutu dugu; biktimaren izena, haren familia... Zalantzarik gabe, azken honetan zailagoa izan zaigu beste alde batera begiratzea. Hori guztia, gainera, AEBetan gertatzen ari den polarizazio sozialeko testuinguruan gertatu da, eskuin muturraren hazkundea horren adierazle dela. Hauteskundeak laster izango dira, eta covid-19aren krisiaren kudeaketa negargarriaren ondorioek zenbait kolektibo bereziki kolpatu ditu, hala nola, afrikar ondorengoen artean.

Egun hauetan, beraz, frustrazioaren eta amorruaren adierazpenak ikusten ari gara, aldaketak eskatzen dira, baina, batez ere, arrazismo arazo sakonaren aitortza da erreklamatzen dena. Argi utzi nahi da arazoa ez dela jokabide txar isolatu bat izan, baizik eta hori ahalbidetzen eta bermatzen duen sistema oso bat. Horregatik, egunotan, inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara arrazismo instituzionalaz, arrazismo sistemikoaz eta arrazismo kulturalaz.

Une honetan, bizi dugun egoera nahasia dela-eta, geure burua birpentsatzen saiatzen ari garen honetan, nazioarteko elkartasun-ekintza batetik harago, barkaezina izango litzateke egoera geure pribilegio indibidual eta kolektiboak birplanteatzeko ez baliatzea. Kontua ez da Estatu Batuetan gertatzen denaren translazio automatikoa egitea, baizik eta arrazakeriak gure testuinguruan duen isla zehatza argitzea. Adibideak amaigabeak dira: gizarte ikusezintasuna eta erreferente beltzen falta, lengoaia arrazistaren erabilera, profil etniko edo arrazistaren araberako polizia-kontrolak, lan-merkatuari lotutako diskriminaziotik edo atzerritartasun eta asilo politikak, besteak beste. Zentzu horretan, ezin dugu ahaztu ijitoek edo magrebtar jatorrikoek jasaten duten diskriminazio argia eta historikoa. Jarrera hartzeko unea da!

Search