Blokeoa gainditzeko, konponbide osoa bultzatu
Gaurko artikulua baliatu nahi nuke geldiunetxo bat egiteko. Izan ere, aurtengo urteak bere lehenengo seihilekoa ia bete duelarik, nondik gatozen eta non gauden azaltzeko tenorea iritsi delakoan nago, nora goazen hobeto ulertzeko baliagarri suerta- tuko den esperoan.
Bi aukera ikusten ditut aurrean (geure buruaren jabe izan ala Estatuen zapalkuntzarekin jarraitzea), eta horrek hautu bat egin beharraz eta (trantsizio egoeran egonik) fase berriaz ere hitz egitera narama. Estatuek, berriz, bestelako ondorioak ateratzen dituzte gogoeta horretatik, eta gatazkaren konponbiderako ondorioen erraila blokeatuz, independentisten baitan etsipena eta kontraesanak sortu nahiko lituzkete, honek aldebakarreko urra- tsak edozein modutan egitera behartzeak prozesua desitxuratu eta are geldituko duelakoan.
Eremu horretan kokatuko nituzke egoera korapilatzeko saiakera etengabeak: ibilbiderik gabeko damutze planak, epaiketak eta atxiloketak mantentzea, legez kanpo uzteko mehatxuak, politikotzat hartzen den oro kriminalizatzeko saioak, edo gatazka gainditzeko egituraketen aurkako erasoak (Erakundearekin elkarrizketa-gunearen desegitea, honen disoluzioari buruzko adierazpen errepikakor eta nekosoak...). Nolabait laburbiltzearren, gatazkaren ondorioen inguruan hesi bat eraiki dutela esatera ausartuko nintzateke.
Bada, prozesua blokeatzea helburu duen estrategia honek sakabanaketa eta salbuespen neurriak ditu tresna nagusi, ondorio guztiekin: heriotzak, gaixo larriak, biziarteko zigorrak, jipoiak, isolamendua, senideen istripuak...
Gutxi balitz, Kolektiboaren baitan kontraesanak eragin asmoz, amarruak (banakako bisitak, irtenbide indibidualetarako proposamenak...) ugaritu dira aspalditxotik. Edonondik begiratuta, egoeraren larritasuna agerikoa da.
Aieteko Bake Konferentziaren eta ETAren erabaki historikoaren ostean ere, espetxe politika ez zen ezertan aldatu. Ez nintzen horratik gehiegi harritu, espetxe politikak eta sufrikarioa denboran luzatzeak, berez eta izatez, presoen egoe- raren ardura abertzaleon bizkar jartzea bilatzen baitute. Gainera, eta hasierako zer esan jakin eza gainditu zutelarik, alderdi gehienek egoera aldatu izan ez balitz bezala jokatzeari ekin zioten berriro, desblokeoaren ardura ezker abertzalearen (eta bereziki Kolektiboaren) esku bailitzan irudikatu nahian.
Preso zein iheslarien egoera larria da, beraz, eta hura gainditzeko erabaki sendo bezain ausartak hartzeko tenorea iritsi dela uste dut. Ofentsiba politikoa koordinatu eta areagotu batera pasatzekoa, alegia. Baiona zein Bilboko mobilizazioak, Aske Gunearen filosofia eta honen praxia, edota iragan 18ko Plazak Bete ekimena, herritarren presio sozialerako gaitasun handiaren adierazgarri ditugu. Orain indartu eta eragin- kor bihurtu beharrekoa.
Begirada atzera bota dezagun, eta emandako urratsen garrantziaz eta aurrerapenen tamainaz ohartuko gara. Bidean izandako hutsune eta gabeziak aztertuz eta sendatuz, baina ausardiaz eta erabaki- tasunez, hasitako ibilbidean sakondu beharra dago, nork bere esparrutik baina denok norabide beretik, plangintza eta eskaintza zehatzak plazaratuz. Izan ere, egungo egoeraren arazo nagusia ez dago prozesuaren eskeman, Estatuek eta zenbait eragilek konponbidea- rekiko duten borondate ezan baizik.
Alta, nork bere esparrutik zein ekarpen egin dezakeen asmatu eta horretarako baldintzak sortzen joateak ez gaitzala itsutu, ezta engainatu ere: exijentziak Estatuei bideratu behar zaizkio, ez Kolektiboari. Honek beti egin du egin beharrekoa eta egiten jarraituko du aipatu ildoan eta prozesuaren mesedetan, ongi baitaki zer egin lezakeen bere orubean. Baldintza horiek prestatzea denon lana da, ordea. Irtenbideak osoa izan behar du, ala ez da izango. Hori ulertu behar dugu, Kolektiboak ulertu duen bezalaxe irtenbide politiko globalari begira egingo zaizkion ekarpen, ideia eta gomendio guzti-guztiak zilegi direla, baita, ondorioz, aztertzekoak eta aintzat hartzekoak ere.