Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Cabacas: non daude arduradunak?

Bost urte hauetan, gertatu zena ikertzeko ahaleginik ez da ikusi. Fiskalak dena ezkutatu nahi du, GAL edo gerra zikinaren beste kasu askotan izan duten jarrera berdina hartuaz

Epaiketa hori, soilik orain akusatuak daudenekin egiten bada, injustizia itzala iruditzen zait. Eta bistan da zergatik diodan hori. Epaiketa bera eta balizko zigorrak benetako arduradunak zuritu eta libre uzteko pentsatua dagoelako. Oso kezkagarria iruditzen zait Barne Sailaren akats larria ezkutatzeko, behe mailako ertzain batzuen lepotik goi mailakoen okerrak ordaintzea. Eta oraindik larriagoa Espainiako Estatuaren estoldetan hartutako erabaki politikoa bada eta bere arduradun politikoen erantzukizunak saihestu nahirik ari badira. Hipotesi bat zein bestea izan, epaiketa horretan, benetako arduradunak libre geldituko dira. Frankismoaren kriminalak bezala, 1912ko ilunabar beltzako erantzuleak ez dira epaituak izango.

Erailketa horren arduradun politiko nagusia Adolfo Ares da. Eta ekintzaren egile zuzena ez bada ere, jakin badaki nor izan zen basakeri horren erantzule. Eta Adolfo Ares-ek erantzukizun politikoa argiak dituela esateko arrazoi asko ditugu. Lehena, eraso pentsatua eta planifikatua izanik, eta nahiko froga daude hori pentsatzeko, goi mailakoak direlako arduradunak. Ez gaude istripu baten aurrean, zeinean zorte txarraren ondorioz, pertsona bat hila suertatu zen. Eta bigarrenik Ertzaintzaren eraso baten ondorio zuzena izanik, onerako zein txarrerako, erantzule politikoa bera delako.

Bestalde, Adolfo Ares jaunak gertaerak ez ikertzeko erakutsi duen joera da bere pertsonaren aurkako salaketa argiena. Ez badauka ezer ezkutatzeko zergatik oztopatu ikerkuntza? Gauzak argitzeko lehen interesduna izan beharko lukeen Barne Kontseilariak zergatik ez du gardentasunaz jokatu? Istilu berezirik ez zegoen gune batean eta lasai ederrean futbol partidu bateko garaipena ospatzen ari zen gazte bat hil zutela, denon bistako krimena zen. Nahigabeko gertaera izanez gero, ikerkuntza errazak argitu zezakeen gertaera zen. Baina oso susmagarria den isiltasuna nabarmentzen da. Eta jakina, egiari beldur diotenean, sakoneko zerbait ezkutatu nahi dutelako da. Ezker Abertzalearen aurkako estrategian PSOE-PP aliantzak idatzi duen beste kapitulu iluna.

PNV alderdiaren jarrerari dagokionez ere, bada zerbait oso kezkagarria. Hasieran, Ares Kontseilariari kontuak eskatu zizkion, baina laster batean jokaera aldatu eta ez ikertzearen alde agertu da. Eta areago, modu harrigarrian, gertaera tamalgarri horretan zer ikusi zuzena izan zuen "ugarteko" famatuaren Komisaldegi berako buru egiten zuena, Ertzaintzaren arduradun gorena aukeratzeko erabakia hartu zuten. Nola da posible «entrar con todo el material en el callejón» ordena eman zuen poliziaren jefea ez ikertzea eta horren ordez goi mailako arduraz saritzea? Niri Galindo eta horrelakoak datozkit burura. Ez al da guztiz harrigarria? Berriro ere, «Estatu arazo» den gertaera baten aurrean aurkitzen ote gara?

Bost urte hauetan, gertatu zena ikertzeko ahaleginik ez da ikusi. Fiskalak dena ezkutatu nahi du, GAL edo gerra zikinaren beste kasu askotan izan duten jarrera berdina hartuaz. Epaileak bakarrik aurkitu dira eta gainera gogo gutxiaz. Ertzaintzak ez du lagundu deus ere ikerkuntzan, Barne Sailako politikariek oztopo besterik ez dute jarri eta Parlamentua uzkurturik gelditu da. Soilik familiak, bere abokatuarekin eta lagun zein ingurukoekin, jarraitu du justizia eskatzen.

Gauzak nola gertatu ziren ikusiaz, Cabacas kasua ulertzeko, lehen aipatu bezala, bi hipotesia jartzen ditut mahai gainean, biak ala biak oso larriak direnak:

Lehen hipotesia, ondorioak ongi neurtu gabeko zigor operazio litzateke. Zeina, poliziaren zein arduradun politikoen aldetik egon den maltzurkeriak izugarri gaiztotu duen. Ikertu eta ardurak ez onartzeagatik, eskandaloa bihurtzen ari baita. Turkian gaudela dirudi. Poliziak egun argitan eta lekuko askoren aurrean egindako gehiegikeria ez onartzea eta ezkutatzen saiatzea oso larria da. Baina posible da, poliziarekiko menpekotasuna izugarria delako egungo instituzioen aldetik. Espainiako Kongresuan azken berrogei urte hauetan inoiz ez da onartu Guardia Zibilari buruzko ikerkuntza sakonik. Eta Ertzaintzaren kasuan berdin: Parlamentuan ez da onartu inoiz Ertzaintzari buruzko ikerkuntza sakonik. Ezta Cabacas kasuan ere.

Bigarren hipotesia, oraindik larriago da. Arduradun polizialak zein politikoek ezker abertzalea nahasteko eragindako probokazioaren ondorioz hil zuten Cabacas. Aurretik esan dudan bezala, ez litzake harritzekoa, garai arteko PSOEren agintaritzak zeraman jarreraz. Eta seguruenik eskua joan zitzaien, ekintzaren helburua ez zelako pertsona inozente bat hiltzea, gure mugimendu politikoaren baitan egonezina areagotzea baizik. Polizia buruaren aginduak: «entrad con todo el material al callejón» beste zein azalpen eduki dezake?

Zergatik harritzen gara Frankismo garaiko torturatzaileak PP zein PSOEk babestea, Ertzaintzaren eskutik atzo gertatutako hilketa larriaren ikerketa bultzatzeko gaitasunik ez badute euskal politikari gehienek? Manu eta Fina, zuek behintzat jakin ezazue herritar asko zuekin gaudela egia eta justizia eskatuz.

Search