Markel Ormazabal Gaztañaga
EH Bilduko zinegotzia Donostiako Udalean

Donostiak muga bat du

Egungo turismo ereduaren aurkako protestak Europako hegoalde osora zabaltzen ari dira, eta guztietan ideia bera errepikatzen da: turismoak muga bat du. Turismoak hainbat baliabide behar ditu, hala nola baliabide naturalak, ostatu-baliabideak, lan-indarra, inbertsiorako kapital publikoa eta abar. Hiriak baliabide horiek erabiltzen ditu jada egunerokoan, eta turismoaren hazkundeak baliabide erabilgarriak berresleitzera behartzen du. Hiri batzuek modu orekatuan egin dute prozesu hori. Ez da Donostiaren kasua. Politika publiko arautzailerik ezak irabazleak eta galtzaileak eragin ditu, eta galtzaileak, esan gabe doa, donostiarrak gara.

Las Palmas Kanaria Handikoaren atzetik, Donostia da 2019tik bisitari kopuruan gehien hazi den Espainiako Estatuko bigarren helmuga turistikoa. Hori ez da halabeharrez gertatu. Apenas igaro dira sei hilabete 2023-2027 Turismo Gida Plana aurkeztu zenetik. Bertan, agintariek lau haizeetara aldarrikatu zuten lehentasuna ez zela jada bisitari-kopurua. Hitzok ez zuten ikusmin handirik sortu donostiarron artean. Seguruenik ordurako aski ezagunak zitzaizkielako, Eneko Goia alkateak gauza bera esan baitzuen zazpi urte lehenago, 2017-2021 Turismo Gida Plana aurkeztean.

Zazpi urte eta bi plan helburu berari bueltaka, baina gaur egun Donostia da biztanleko turista gehien jasotzen dituen estatuko seigarren hiria. Zerbaitek huts egin du. Nekez lortuko da helbururik horretarako neurririk proposatu gabe, eta are gutxiago, kontrakoa eginez.

Goia alkate denetik 50 bat hotel ireki dira, eta 2019tik %50 hazi da hiriko plaza turistikoen kopurua. Turismo-ostatuen hazkundeak etxebizitzen gaineko espekulazioa areagotu du eta alokairuaren eta erosketaren prezioa puztu du. Horrela, presio turistiko handieneko auzoetan biztanleria-galera nabarmena da. Azken bost urteotan, Parte Zaharrak biztanleriaren %3,2 galdu du, Grosek %3,98 eta Antiguak %2,98. Hiri osoan, aldiz, populazioa %1,4 igo da tarte berean.

Turismoaren ondoriozko masifikazioak espazio publikotik kanporatzen ditu bizilagunak, eta mugikortasun askea eta jarduera sozialak nahiz aisialdia eragozten ditu. Udalaren datuen arabera, 2023ko uztailean eguneko batez beste 131.802 pertsona sartu ziren Parte Zaharrean, hau da, auzoko biztanle kopurua 33,4 aldiz biderkatu zen egunero. Ez da harritzekoa, beraz, bost donostiarretik lau beren ohiko aisialdiko eremuetatik desplazatuta sentitzea. Bestalde, udan hirigunea kolapsatu egiten da. Hau ere ez da harritzekoa, bisitarien %68,1 auto pribatuan etortzen baita Donostiara, eta hiriak bi disuasio-aparkaleku baino ez ditu, guztira 560 plazarekin. Hiriguneko aparkaleku publikoek, aldiz, 2.700 txandakako plaza eskaintzen dituzte.

Hori eta gehiago gertatzen da, jarduera kontrolatzeko eta inpaktuak baloratzeko neurririk hartzen ez denean. EAJ-PSEren «más es mejor» ereduak kolokan jarri du hiri paregabe honen etorkizuna. Bada garaia donostiarra behingoz turismo politikaren erdigunean jartzeko. Orainak berak premiatzen gaitu. Horretarako turismoaren muga ezarri behar da, bai hiri osorako, bai auzo bakoitzerako. Donostiak muga bat duelako, eta hori gainditzean, hiriak bizigarri izateari uzten diolako.

Search