Emakume esklabuak
Esan dezagun T duela izena, Marokon jaio zela, eta guregana etorri zela lan-promesa batek ekarrita. Baina hori topatu beharrean, migrazioaren parte garratzena dastatu zuen: nagusikeria, eskubide sozialen ukapena, deserrotzea...
T-k Andaluzian egiten zuen lan, orduka, eta hor ezagutu zuen Getxoko Andra Mariko familia, etxeko lanak egitera etortzeko eskatu ziona. Udako azken egunak ziren, eta bizitza hobetzeko aukera irekitzen zitzaion. Onartu zuen. Getxon, ordea, ia esklabotza-bizitzak zuen zain, atsedenaldi bako jardunak, kontraturik gabeko lanpostua. Helduen eskolara joateko astean ordu batzuk eskatu zituenean, aldiz, etxetik botatzea izan zen erantzuna. Gabonetan.
Inolako senide edo adiskide sarerik gabe; bere etxetik ehunaka kilometrotara zegoen, bakarrik, babesgabe eta ia diru barik. Patera-etxebizitza deituriko batean topatu zuen aterpe, behin behinekoa. Baina hortik ere atera behar izan zuen. Emakume migranteekin lan egiten duen elkarte batera jo zuen orduan, etsita, laguntza eske. Hortik hasten da bere periploa erakundez erakunde, eta eskuduntzen eta arduren nahasmenean urperatzen da. Hitz onak, sentimendu hobeak, enpatia... baina irtenbide gutxi. Aitzitik, herri-elkarte eta pertsonen elkartasuna jasotzen du, bere historia Getxoko osoko Udal bilkuran ere entzuten da. Haize-erroten kontra borrokatzen du, indiferentziaren erraldoiak arau eta prozeduren atzean ezkutatzen diren bitartean. Orain, babeslekua du, baina bere etorkizuna kolokan dago...
T-ren egoeraren berri izan genuenean, ea hori genero-indarkeria ez zen galdetu genuen. Ez. Ez da. Erakundeentzat, behintzat. Arauek ez dituzte jasotzen hain feminizatua den zaintzaren sektorean lan egiten duten emakume hauetako askok –berdin da, gutxi balira ere– beren lanpostuetan jasaten dituzten tratu txarrak, sexu-jazarpena, esklabutza-egoerak... Erakundeek ez dute ia tresnarik hainbat eta hainbat emakume migrantek pairatzen duten egoeren aurrean babesteko, eta elkarte pribatuen eskuetan –askotan erlijiosoak– uzten dute laguntza asistentziala, ia eskaintzen z “aien bakarra. Beste aldetik, emakume beraiek onartezinak joko genituzkeen egoerak «normaltzat» hartzen dituzte eta ez dituzte ezagutzen horien aurrean hartu ahal dituzten neurriak, edo, besterik gabe, isiltzen dira, irensten dituzte, lanbidea galtzeko beldurrez. Kontratatzaileek, berriz, erroldatzea erabiltzen dute mendekotasuna lortzeko (erroldarik gabe ezin dute laguntzetara heldu), gomendio-gutun baten ukatzea, mehatxua edo, besterik gabe, prekarietateaz baliatzen dira eskulan merkea lortzeko. Eta hori, Getxon, Bizkaian, Euskal Herrian gertatzen ari da. Oraindik orain gertatu ere.
Domekan, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ekitaldien barruan, Algortako San Nikolas plazan, herriko hainbat elkarte feministek antolatuta, «Trapu zikinak ez dira etxean garbitzen» izeneko emakumeen topaketa ospatuko da, eta bertan kultur anitzeko emakumeak, migranteak zein bertakoak, abusu horien guztiez mintzo izango dira, eta, indarkeriaren aurpegi ezkutuena den hau argitara atera eta salatuko dute, aliantzetatik Iraultzara abiatu duten prozesu baten barruan.
Hor izango gara, Getxon ere etorkizuna klabe feministan eraiki nahi dugulako. T, eta T asko izango ditugu buruan, lagun; ondoren, egun gutxi barru, Udaletxeko hormen artean akaso Alkateak, EAJko zinegotziek, PPkoek eta PSEkoek emakumeen eskubideak aldarrikatuko dituzte, T-ren kasua injustua dela esango dute, eta hurrengo gaira pasatuko dute.