Aster Navas

Entzumena lantzeko ariketak

Astelehena. Lagun batek aitortu dit kolon suminkorra duela. Ez nuen konfidentzia hori espero. Futbolaz eta, azken bolada honetan, aldaketa klimatikoaz baino ez gara mintzatzen. «Tengo colon irritable», Xavi Hernandezenaz genbiltzanean eta harira etorri gabe... Gaurdaino Anderrek ez zidan bere kolonari buruzko berririk eman. Argi dago kolon mingarri horrek kezkatu egiten duela. Isil-mandatu, konfidantza froga bat ikusi nahi izan dut esaldi xume horretan; bere bapatekotasunean. «Gezurra dirudi zu hain pertsona lasaia izanik...», bururatu zait esatea.

Etxerako bidean, gure organoen autonomia horretaz pentsatzeari ekin diot. Askotan bere kasa doaz; organoak diot. Egun batean buruak traizionatzen dizu, beste batean urdailak, gibelak, birikek... Mintzairak ederki islatzen du jokaera horiek: «eskua joan zitzaion», «bihotzak huts egin zion», «ez zioten hankek erantzun». Eta kolona haserretuz gero, akabo. Kolonak bai izorra, popatik har zaitzakela.

Oso adi egon behar duzu zure gorputzaren zati bat ere matxinatu ez dadin edo independentzia aldarrika ez dezan. Gainera, krisia gaindituta, zaila da amnistia adostea: ordutik errezeloz begiratzen diozu zure kolonari, zure eskuari... Kongresuan gertatzen ari den legez.

Asteartea. Kontrastako patata, edozertarako aproposa. Eskola bitartean San Gabriel auzotik patata saltzailearen bafleak entzuten dira. Grabatutako ahotsa −«¡patata alavesa!»− ikasgelan txandaka ozen irakurtzen ari garen Jasone Osororen testuan sartu da eta bapatean agertu zaigu patataz −de la huerta directamente a su mesa− beteriko furgoneta ziztrin bat olerkiko lerroen artean («Klip bat zara nire memorian./ Laranja baten atala./ Jarioaren tanta») abiadura motelean ibiltzen. «Soy de lágrima fácil», dio "First Dates"-en telesaioko partehartzaile batek, malkoak xukatuz, bere mahaikideak eskarmendu gogor batetaz jakinaren gainean jartzen duelarik. Malkoak ere... Beno, barnetik daramatzagun jario gehiengoek ez digute ere jaramon handirik egiten, ez gaituzte obeditzen. Egun batetik bestera gure barrukaldeko ibaiak eta errekatxoak «beraien onetatik ateratzen dira»; sumintzen, haserretzen dira. Oso ederra. Sevillako Aste Sainturako kartela diot.

Asteazkena. DBH 4. An jergei buruz hitz egin dugu. Gazte jergako hitz ugari agertu dira: «en plan, tipo, to gucci, random, mitiko, manin, bro, rular, puto...». Haiengandik bereizten nauen arrakala linguistikoak ikaratu nau. Gure hizkuntzaren mugak gure munduaren mugak dira. Eta alderantziz. Hemeretzi gradu.

Osteguna. «Mi chola kutai ¡aragá!, ¡aragá! , ¡aragá!». Horixe da Goikoren "Pututu" olerkiaren bertso bat. Goian bego. Gaurko egunkariak dio Jon Andoni, haurtzaroan Bagatza ikastetxean eskola eman zidan maisua zendu dela. «Egun batean bakarrik nengoen sukaldean, eta hitzik erabili gabe adierazi nahi izan nuen nire barne-egoera», azaltzen zuen Goikok. «Bua, ticone, uaaaaaaara» bezalako zerbait atera omen zitzaion.

Ostirala. Zinematik irtetean −"The zone of interest"− ulertu dut bi filme ikusi ditudala baten prezioan. Batean, GHren kamerekin grabatutako familia baten bizitza ikusten da. Bestean kontzentrazio-esparrutik familia horren etxeraino iristen diren soinuen multzoa da, Höss familiaren eguneroko bizitzan ia eragiten ez dutenak −hain ohituta daude−. Zein ongi definitzen gaituen metafora zinematografiko honek eta ze nolako bikaintasunez teilakatzen dioten elkarri hizkuntza biek: fotogramena eta hotsena; hotsena eta fotogramena.

Larunbata. «Beranduegi egin zaigu», dio, trena Lutxanara heltzerakoan zegoela, nire aurrean daukan hirurogeita hamar urte inguruko emakumeak alboan daraman gizonari. «Ibilbide luzeko bikote» horietariko bat ziruditen; bai, bidelagunak dira. Ibilbide luzeko bikote bat aldiriko tren batean... Bikote batek aurre egin behar dion gauzarik zailena zahartzea da eta beraiek horretan dabiltza. Prozesu horren aldean hipoteka txorakeria bat da; seme-alabek, lehenago edo geroago, beren bidea aurkitzen dute. Baina zahartzea... «Se nos ha hecho demasiado tarde». Inoiz ez dakizu, harreman bat hasten zarenean, denborak aurrera egin ahala, zer esango diozun edo zer ezkutatuko diozun zure bikotekideari; edota zer xuxurlatuko, aurpegiratu –ez dizut sinesten–, gogoratuko –Simtron pilula hartu egin duzu?–, oihukatuko, goretsiko, galdetuko dizu berak... Zer ulertuko, imajinatuko duen −beranduegi egin zaigu− kontestutik kanpo entzungo dizuenak.

Jordi Carrionek −"Las lenguas muertas"− dioenez bikote bakoitzak biei bakarrik dagokien hizkuntza sortzen du. Hauek banatzen direnean, hizkuntza hori hil egiten da. Halandaze, miloika dira hildako hizkuntzak. Hemezortzi gradu.

Igandea. Anderri deitu diot telefono zenbaki bat eskatzeko aitzakiarekin. Badakit zerbait esperoan zegoela bere kolon suminkorraren truke. −Portzierto, kolesterola igo zait. –gezurra esan diot–. «Gainezkatu egin da; kolesterola diot...», holan, harira etorri gabe, Villalibreri buruz solasaldian geundenean.

En fin.

Search