Leire Barrera, Leire Zelaia eta Antxon Rodriguez
Hezkuntza Plataformen Topagunea

Eraikuntzara salto egingo dugu 28an

Hezkuntza pertsona aske eta solidarioak hezteko tresna gisa ulertzen dugu. Baita herritar aske eta solidarioz osatutako herriak sortzen laguntzeko ere. Hezkuntzaren bidez balioak, jakintzak, usadioak, historiak, hizkuntzak eta beste asko ere transmititzen ditugu.

Hezkuntza askatasunerako nahi dugu, ezberdinen arteko errespeturako. Azken finean, pertsona eta herri gisa aske eta burujabe izateko nahi dugu gure hezkuntza. Horregatik ez dugu inposatua zaigun egungo hezkuntza eredua nahi. Horregatik ez dugu lau pareta arteko hezkuntzan sinisten. Ez eta zakildunak mutilen eta aludunak nesken rolen arabera hezten duen eredurik nahi. Horregatik ez dugu hezkuntza merkatuaren mesedera egokitzen duen eredurik nahi. Ezta pertsonen arteko lehia bultzatzen duenik ere. Guk Francesco Tonuccik eta Paulo Freirek bultzatzen duen ereduan sinisten dugu, besteak beste, non hezkuntza jendartea eraldatzeko tresna den eta non haurrak aske heziz jendarte osoa askatasunean bizi izango den.

Eta helburu potolo horien bidean zita bat dugu azaroaren 28an. Agenda ikustea besterik ez dugu egun inportantea dela ikusteko; izan ere, Euskal Herrian martxan gauden erakusle garbia da, deialdiz beteriko eguna baita azaroaren azken larunbat hori. Gureari dagokionez, inposizioen kontrako eta Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko aldarrikapenez bete nahi ditugu Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak.

Duela bi urte luze hasi ginen Hezkuntza Plataformen Topagunea gisa antolatzen eta onartu behar dugu bide oparo zein aberasgarria izan dela. Ez ginen ezer ordezkatzeko sortu, ez eta egondako ezer errepikatzeko ere. Sortzetik, gure asmoak argiak izan dira: inposizio ororen kontra gaude; Lomce legea desobeditzeko konpromisoa dugu; egunez egun Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen ari gara. Ikastetxe, auzo, herri eta eskualdeetako hezkuntza bilgune ezberdinak saretzen aritu gara denbora guzti honetan eta behin Santurtzin dozena erdi ginen horietatik dozenaka gara orain. Kontzentrazioak, kalejirak, hitzaldiak, mahai inguruak, asanbladak, gogoeta egunak... hamaika ekimen egin ditugu denbora guzti honetan. Lan gogorra izan bada ere, aurrerantzean bide horretan jarraituko dugu, hezkuntza gauza inportanteegia delako inoren esku uzteko.

Argi utzi dugu gure borondatea eta determinazioa. Horren lekuko da iragan maiatz eta ekainean egin genuen plantoa. Lomceren aplikazio zuzena zen 3. mailako azterketari «ez» esatetik harago, planto egin genion. Familia eta herritarren konpromisoaz, inposatu nahi ziguten azterketa atzerakoi eta antipedagogikoa ez egitea lortu genuen. Aurten ere, 3. zein 6. mailako probei planto egiteko antolatzen hasiak gara. Lomce zer den ondo baino hobeto dakigu, horregatik, ez aplikazioaren bide hori bururaino eramaten jarraituko dugu.

Hezkuntza eragile ezberdinekin harreman eta elkarlana dugu, gainera. Hezkuntza mugimenduan paper garrantzitsua betetzen dugu eurekin batera. Horren adibide da iazko urriaren 11n elkarlanean deitutako herrialdekako manifestazioak edota abenduaren 6an “Gure Gida” dokumentua osatzeko antolatutako lansaioan euren ekarpenak lehenengo pertsonan jaso izana. Bide horretatik jarraituko dugu aurrerantzean ere, zailtasunak zailtasun, zenbat eta gehiago izan, bidean aurrera egiteko baldintza hobeak izango baititugu.

Baditugu, gainera, hezkuntzan adostasun zabala duten egitasmoak. Horien artean nagusienetakoak herri gisa dagozkigun eskubideak oinarri hartuta zehaztutako Oinarrizko Hezkuntza Akordioa eta hainbat eta hainbat eragileren ekarpenekin eraikitako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ditugu. Guk gure egin eta lan tresna gisa erabiltzeko baliagarritzat hartzen ditugu.

Ikusi genuen ere Alternatiben Herrian, bestelako hezkuntza eredu bat egunez egun eta maila lokalean eraikitzea posible dela. Hezkuntza Plataformen Topagunean bide hori egiten hasi nahi dugu. Alternatiba txiki eta lokalak ezagutu, saretu, hedatu eta martxan jarri nahi ditugu. Hori da azaroaren 28an abiarazi nahi dugun bidea. Larunbatean, Hezkuntza Sistema Propioaren norabidean, gure errealitate propioetatik hezkuntza proiektuak eraikitzeari ekingo diogu. Badakigu, gainera, Euskal Herrian badagoela bide bat hasia. Gu horri ekarpena egitera goaz, besterik ez.

Badakigu aipatu bidea ez dela erraza izango gure ikastetxe eta herrietan proiektuak garatzea ez delako ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez da egun batetik bestera lortzen den ekimen konkretua ere. Hezkuntza proiektuak garatzea ardura eta konpromisoa dakarren lana da. Baina prest gaude horretarako. Gainera, modu parte hartzailean, auzolanean eta hezkuntza komunitatearekin zein herritarrekin batera eraiki nahi ditugu. Konbentzituta gaude inposatu nahi diguten lege, dekretu edo murrizketei aurre egiteko modurik eraginkorrena gure hezkuntza ereduan aurrera egitea dela. Eta horretara goaz.

Beraz, hezkuntza eragile nagusien eta ehunka herritarren atxikimendua jaso duen deialdian, azaroaren 28an, maila lokaletik nazionalera guk, orain eta hemen, gure hezkuntza eraikiko dugula argi utzi nahi dugu. Ez garelako inoren zain egongo, eta gure bidea guk geuk egiteko konpromisoa hartua dugulako, kaleak hartu eta Euskal Herrian nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeari ekingo diogu.

Search