Zuriñe Gojenola Goitia
Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea

Eskola segregazioak herri gisako erantzuna behar du

Justizia soziala ardatz, pertsona parekide eta librez osatutako herri bat eraiki nahi dugunontzat, ez dago segregazio hierarkiarik egiterik. Eraiki nahi dugun herria bezalakoxea izan behar du gure hezkuntza sistemak, segregaziorik gabea eta erabat inklusiboa.

Segregazioa arazo soziala da, kapitalismoak bere DNAn duen gaitza: Lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen ditu, zapalduak eta zapaltzaileak, txalotuak eta baztertuak. Horren isla garbia da hezkuntzan gertatzen ari dena. Baina hezkuntza jendartearen ispilu izatetik harago, segregaziorako mekanismo bat gehiago ere bada egungo legeriaren mendean. Eta ez nolanahikoa, gainera!

Gasteizko ikastetxeen erradiografiak ematen du errealitate horren lekukotza gordina. Justizia sozialean eta pertsona ororen eskubide berdintasunean sinisten duen edozein herritar kezkatzeko modukoa. Eta zorionez, kezka hori erreakzioa eragiten ari da; egoerari buelta emateko antolakuntza eta mobilizaziorik ez da falta. Baina zein parametrotan ari da artikulatzen ezinegon hori?

Hamaikatxo komunikazio bitarteko eta iritzi ezberdin publikatu dira han eta hemen gaiaren inguruan. Haatik, ñabardurak ñabardura, ondorio orokor batzuk ateratzeko nahikoa zantzu badirela esan daiteke. Eta horretarako, esaterako, EAEko parlamentuan aurkeztu den eskola segregazioaren aurkako HEL (Herri ekimen legegilea) har dezakegu irizpide. Edo esan bezala, HELaren harira sortu diren hainbat iritzi edo horiek justifikatzeko erabili den datu-zopa zabala.

HELari dagokionez, oso kezkagarria da eskola segregazioaren diagnostikoan ez aintzat hartu izana herri hau, bere kultura eta bere hizkuntza. Segregazioari aurre egiteko neurrietan ez da jasotzen hizkuntza ereduak gainditzeko eta murgiltze eredua ezartzeko beharrik. Eta horretarako ez dago aitzakia onargarririk. Jadanik, ahots gehiegi dira esparru zientifikotik zein hezkuntzakotik baieztatzen dutenak hizkuntza ereduak segregaziorako tresna direla; hezkuntza komunitatea eta herri kohesioa nabarmen zartatzen dutela.

Beste horrenbeste esan genezake segregazioaren bueltan iritzi publikoan txertatzen ari den marko kognitiboaren gainean ere. Segregazioaren diagnosia egiterakoan, ez da kontuan hartzen Iruñean eta Baionan ere, Gasteizen bezala, eskola segregazioaren arazoa badugula. Eta ziurrenik, Euskal Herria kolonizatutako herria izaki eta kultura eta hizkuntza gutxituak ditugun aldetik, segregazioaren motiboetako asko amankomunak direla Euskal Herriaren luze-zabalean; eta ondorioz, soluzioek ere, izan beharko dutela antzekotasunik. Edonola ere, tokian toki arazo larri honi aurrea hartzeko garatzen ari diren ekimenak balioan jarri eta bultzatu beharra nabarmendu nahi dugu.

Harrera herria izan nahi dugu. Baina urratsak norabide egokian eman nahi baditugu gure oinek zapaltzen duten lurra ondo ezagutzea ezinbestekoa dugu. Eta lehenengo premisa da kontziente izatea bi estatuk zapaldutako herri bat garela, hizkuntza eta kultura gutxituak ditugula eta hori aintzat hartuz eman behar dizkiegula erantzunak hezkuntzako arazoei. Gainontzean, konturatu gabe, euskal markoa baino, zapaltzen gaituzten markoak elikatzen ariko ginateke –espainola eta frantsesa–.

Bestalde, uste dugu segregazioaz baino segregazioez –sexuarena, hizkuntzarena, erlijioarena, desberdintasun funtzionalena…– hitz egin beharko genukeela. Justizia soziala ardatz, pertsona parekide eta librez osatutako herri bat eraiki nahi dugunontzat, ez dago segregazio hierarkiarik egiterik. Eraiki nahi dugun herria bezalakoxea izan behar du gure hezkuntza sistemak, segregaziorik gabea eta erabat inklusiboa.

Eta bukatzeko, sarri jotzen dugu gure hezkuntza esparrua publiko-pribatu dikotomiara murriztera. Baita kontzertatu guztiak multzo berean sartzera ere, herri honetan hezkuntzatik historikoki garatu izan den ibilbide desobediente oparoa ahaztuta bezala edo hezkuntza burujabetza osoa duen herria bagina bezala. Ez da horrela, ordea. Eta horregatik, sareen arteko katramilan nahastu ordez, sareen arteko batera-jotzeez pentsatu beharko genuke. Lehendabizi, herri honetarako hezkuntza sistema publiko eta komunitarioa nolakoa izan behar den adostu, eta ondoren, hezkuntza komunitate zabaletik eta sare ezberdinetatik horra heltzeko neurriak hartu. Bada ordua herri arazoei herri erantzunak bilatzeko.

Ikastolen Ibilaldia eta Eskola Publikoaren aldeko Jaia ospatzen diren egunotan, egungo distantziak erditik zeharkatu nahian esperantza printza batek iradoki du erronka: Datorren udaberrian, ez ditzatela hezkuntzako jaialdiak inertziek eta distantziek markatu. Jauzi ausartak behar ditugu, ilusioa berreskuraraziko diguten jauziak. Lurralde eta sare ezberdinetako hezkuntza komunitateen arteko konfiantzak saretzen lagunduko duten jauziak. Euskal Herriko hezkuntza sistema publiko komunitarioa dugu irabazteko!

Search