ETB2
Gogoratzen dut, orain dela 30 urte baino gehiago, behin tokatu zitzaidala eskolak ematea Iruñeko ikastola batean, eta egokitu zitzaidanean hauerrei gaztelania ematea, oroitzen naiz sentitu nintzela oso arraro, deseroso eta gaizki; bortxatua, behartua bezala, beti euskaraz mintzatzen nintzen haurrekin, orduan, nahi eta nahi ez, gazteleraz egitera behartua. Ez nuen batere gustuko eta gogokoa izan. Ez nuke berriz ere esperientzia hura errepekatu nahiko.
Hala eta guztiz ere, ETB2n, behin eta berriro ikusten dugu kazetariek eta abarrek behartzen –edo gutxienez bultzatzen– dituztela Euskal Herriko herritar euskaldunak espainieraz eta frantsesez egitera, urrutirago joan gabe, atzo bertan, (2015-02-05ean) elurra zela eta ez zela, Abaurregainan ikusi nuen nola ETB1-en hiru gizonezkok hitz egin zuten euskaraz, eta geroago, beste norbaitek ETB2 piztu zuelako, ikusi nuen nola pertsona haiek beraiek esan zituzten gauza berberak espainieraz, segur aski, EITBko langileek behartuta edo gutxienez bultzatuta, ez daukat zalantzarik txikiena ere. Niri ere, bizitzan zehar, behin baino gehiagotan egokitu zaizkit antzeko egoerak eta beti uko egin izan diot kazetari euskaldun bati erdaraz mintzatzeari EITBrako; beti gizalegez eskatu izan diet ni ez behartzeko gazteleraz egitera nahi gabe, alegia, itzulpena egin dezatela haiek beraiek –horretarako dituzte-eta hainbeste lankide eta baliabide ekonomiko– eta ez elkarriketatuek, bestela, nik ez dakit jendea konturatzen den ala ez, baina kontua da, lehendabiziko moduan jokatuta, gertatzen dena da, EITB erakundea bera dela hainbat euskaldun bortxatzen edota bultzaten duela erdaraz egitera (berdin Ipar Euskal Herrian), eta, teorian behintzat, EITBren helburua, nik uste dut guztiz aurkakoa zela, horretarako uste dugu –uste genuen– asmatu eta egin zela.
ETB1en badaude salbuespen duin batzuk, konparaziora, Maialen Iriarte, Andoni Aizpuru, Xabier Usabiaga, Xabier Euzkitze... beti -nire ustez; baliteke oker egotea- euskaraz aritzen eta aritu direnak, baina badago beste langile mordo bat –esatariak, korrespontsalak, aurkezleak, e.a.– ikusten ditugunak axola handirik gabe aritzen direnak euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Orduan nik gogoratzen dut ikastolako, aspaldiko nire esperientzia desatsegin hura: EITBko langile horietako asko ez ote diren sentituko, ni garai hartan sentitu nintzen bezalaxe, hau da, deseroso, gaizki, behartua, eta abar.
Dagoeneko jende asko gara, askotan idatzi, esan eta adierazi dugunak ez gaudela batere ados EITBren jokabide horrekin, baina beraien moldea aldatzen ez duten bitartean euskararen mesederako, hots, euskararen alde ekintza positiboak egiteko, behartuta sentituko gara behin eta berriz, honelako desadostasunak azaltzera.
Hasteko, nik animatuko nuke jende euskaldun guztia ez erortzeko joko txepel horretan, alegia, «Orain esanen al didazu gauza bera erdaraz, mesedez?». Egin boikota eta esan ezazue ezetz! Gero gerokoak!