Euskararen Liburu Zuria «biz»
Beharrezkoa dirudi Euskaltzaindiaren ehun urte hurrena igaro ondoren, gogoeta egitea euskararen etorkizunari buruz ez-ezik, baita Euskaltzaindiaren zereginei dagokionez ere.
Euskararen Akademiak, Euskaltzaindiak, 75 urte bete zituenean oihartzun handiko liburu bat argitaratu zuen: "Euskararen Liburu Zuria" izenekoa. Liburu hura bederatzi gizonek idatzia izan zen (Mitxelena, Pagola, Aguirrebaltzategi, Intxausti, Villasante, Lekuona, Larrañaga, Barandiaran eta Satrustegi) eta beste Jose Luis Lizundia buru zuen beste bost gizoneko taldeak koordinatuta. Esanguratsua dirudi gainera, aipatutako autore gehienak teologiako doktoreak edo lizentziatuak zirela gogoratzea.
"Euskararen Liburu Zuria" ondorioak ateratzen dituen atal batean bukatzen da. Ondorio horietan bigarren eta hirugarren liburuak aurre-ikusten dira; eta bakoitzari gainera, bere xedea eta egitaraua ipintzen zaio. Hitzez hitz esaten da «bigarren liburu bat gaur eguneko euskararen erabilkera linguistikoaz darraikioke» eta «hirugarren liburu bat euskararen normalizapenari buruzko ihardunketa plan posible baten aurreprojektua darraikioke». Aurre-ikusitako bigarren liburuak «gauregungo euskararen erabilkera linguistikoa» landuko omen zuen; eta hirugarrenak, berriz «euskararen normalizapenari buruzko plan posible baten aurreprojektua».
Garai hartan oraindik "Aitorren Hizkuntz Zarra" abestiaren oihartzunak entzuten ziren eta erronka «akademikoa» euskara bizimodu modernorako tresna egokia egitea zen; hau da, euskararen estandarizatzea edo batasuna. Hori da euskal gizarteak lortu duena, horretarako protagonismoa Euskaltzaindiari aitortuz, estaturik ezean. Euskaltzaindiak gainera ekimen bereziak bultzatu eta babestu izan ditu denboran zehar: Bai Euskarari, bertsolariak, ikastolak, «euskalduntzerako eta alfabetatzeko» ahaleginak «gau-eskolak» zirenetatik hasita... Ez ziren zehazki egiteko akademikoak, baina ez zegoen beste nork eginik, lege arazoak zirela, edo beste gabeziaren bat zela eta. Bestalde Bai euskarari, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaraz bizi, Euskaraldia... bezalako kanpainak, helburuak eta leloak, nahiz aintzat hartzekoak izan, bestelako estrategia eta aldarrikapen batzuekin osatzen dira; adibidez, hizkuntzen berdintasuna eskaria; askoz prosaikoagoa eta hotzagoa badirudi ere.
Jakina den bezala, ordea, ez da liburu zuriaren jarraipenik izan; ez dira aurreikusitako bigarrena eta ezta hirugarrena ere egin. Agian hobe horrela, gaur egungo erronka nagusiak eta premia gorenak guztiz ezberdinak baitira. Halere, beharrezkoa dirudi Euskaltzaindiaren ehun urte hurrena igaro ondoren, gogoeta egitea euskararen etorkizunari buruz ez-ezik, baita Euskaltzaindiaren zereginei dagokionez ere. Ezin da ahaztu asmo hutsean gelditu ziren bigarren eta hirugarren liburu zuri haiei aurreikusitako asmoen artean, oraindik burutu gabeko asko daudela, adibidez gramatikaren arloan, baina batez ere, eman diren urratsak eta lortu diren helburuak ez-ezik aurrean ditugun erronka berriak eta beharrezkoak zaizkigun ideia eta estrategia berriak zehazteko.
Iaz, edo hobeki esateko 2018/19 biurtekoan zehar, Euskaltzaindiak 100 urte bete zituen. Efemeride hori ospatzeko –eta aprobetxatzeko– hainbat ekitaldi antolatu eta burutu ziren asmaketa maila eta arrakasta ezberdinez. Bestalde, euskarari buruz, eta gehienetan euskararen alde, egunero argitaratzen dira gure artean artikulu, saio, azterketa eta ekintza ugari eta anitz. Ezin zaie ahalegin eta ekimen horiei meriturik ukatu, baina XXI mendeko lehen herena bukatzera abiatu garen honetan, lehengo eta orain arteko helburuak, xedeak, leloak eta batez ere, estrategiak berrikusi, osatu, eraberritu eta egokitu beharrean gaude.
Jendarte eleanitza gara dagoeneko XXI mendeko lehen heren honetan pertsona eleanitzez osatutako gizartea, alegia. Hizkuntza zuzenbidea eta eskubideak eta hizkuntza ofizialen –edo ofizialak beharko luketenen- arteko berdintasuna dira aurreran ditugun erronkak. Adibidez, ertzainek, erizainek maisuek edo administralgo publikoko langileek erderaz (frantsesez eta gazteleraz) jakin behar dutela ez du inork dudan jartzen, baina euskaraz ere jakin behar izatea diskriminazioa delako argudio faltsua legeetan, jurisprudentzian, politikarien pentsaeran eta, zoritxarrez, gizarte osoan sakonki sartzea lortu dute zapalkuntzaren pentsalariek. Gaztelera edo frantsesa jakin behar izatea diskriminaziotzat aitortzera inor ausartuko ez litzatekeen bezala, iraingarria eta zuzengabea da euskaraz jakin behar izatea diskriminaziotzat jotzen duen argudio zapaltzailea. Ortografiak diskriminatzen al du ba? Edo matematikak? Edo diren hainbeste eta hainbeste teknikek? Hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzea lehen mailako xedea da dagoeneko eleanitza den eta gero eta gehiago izango den gizarte honetan. Ez da helburu «maitagarria» edo modan jartzeko erraza, baina ikuspegi horretatik eraiki beharko da estrategia berria.
Euskaltzaindiari berari ere premia larrikoa bihurtu zaio bere egitura eta egitarauak eguneratzea. Genero berdintasuna atzera ezinekoa da; are gehiago, euskal kultura, irakaskuntza eta literaturako protagonismoak urrats hori eman duelarik; zentzu horretan, batasunaren arrakastako froga eta eskaparatea den euskal literaturan dagoeneko gehiengoa diren emakumeak, ezin dira erakundeetan gutxiengo hain nabarmenean utzi. Euskal gizarteak ez luke ulertuko horretarako aldatu behar diren arauak eta jokabideak ez aldatzea. Aldi berean, garai bateko bilera irekiak berreskuratuta, euskaltzain urgazle eta ohorezkoei hitza emateak aberastu egingo bailuke erakundearen jarduera, arlo akademikoetan beti tentazioa eta arriskua den endogamia uxatuz eta gardentasuna areagotuz.
Euskaltzaindia zerbitzu publikoko erakundea bezala aitortu eta antolatu behar da; kanpotik eta barrundik. Euskararen hiru lurralde administratibo-politikoetan egoitza bana –eta ez soilik ordezkaritzak, orain bezala- edukitzeak itxura egokiagoa ez-ezik, onura eta izaera publikoa duen erakundearen irudia emango luke. Iruñean eta Baionan Euskaltzaindiak benetako egoitzak behar ditu, eta hori gaur egungo bitartekoekin ahalbidekoa da.
Gainera, Euskaltzaindiak euskararen irudia eta ezagutza nazio-artean hedatzeko ahaleginak areagotu beharko ditu. Xede horretan Azkue Biblioteka eta Artxibategiari euskal biblioteken biblioteka izaera eskuratzen saiatu beharko luke; zera, euskarazko sorkuntza guztien azalpena nazio-artean emateko eta errazteko xedeaz, biblioteka eta artxibategi nazionalik ez daukagun herri honetan. Baina horretarako, jakina, krisialdiak guztiz murriztuarazi zituen jokabideak aldatu egin beharko lirateke.
Biz? Zergatik «biz»? Nolatan ulertu «biz»?
Euskarak Europan zehar utzi dituen arrastoen artean euskal eta nafar erregeen patronimikoak daude; zera, «iz, itz, ez, etz, es» deklinatuz, leinua adierazten zuten ikurrak. Horiei ere, gurasorik eta aitarik gabe uzteko zorian diren honetan bijoakie bi aldiz eta aldi biz nire omenaldia.