Eva Ferreira
UPV/EHUko errektorea

Euskararen unibertsitatea

Euskarak ikaragarrizko aurrerakada egin du azken urteotan. Esan daiteke halakorik? Nik, zintzoki, hala uste dut. Are gehiago aurreratu behar du, zalantzarik ez, baina nahikoa da gogoratzea zein zen hizkuntzaren egoera orain dela mende erdi inguru, gauzak errotik aldatu direna jabetzeko. Gainera, uste dut aurrerapauso horrek egoera ezin hobean jartzen gaituela oraingo eta etorkizuneko erronkei heltzeko, erronkarik, egon, egongo delako, duda barik.

Eragile publiko eta pribatu askok lagundu dute itzelezko aurrerapen horretan, eta neuri dagokit garrantzitsuenetako baten partea azpimarratzea: Euskal Herriko Unibertsitatearena. Euskal unibertsitate publikoak arlo guztietako 130.000 profesional baino gehiago prestatu ditu euskaraz –medikuak, erizainak, ingeniariak, irakasleak, kazetariak, artistak...–, bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko eta gizartearen premiei erantzuteko gai diren pertsonak. Azken urteotan, gure ikasleen erdiak baino gehiago euskaraz matrikulatzen dira graduetan, eta master amaierako hiru lanetarik bat euskaraz egiten da.

Euskal unibertsitate publikoa garen aldetik, gure eginbeharra eta gure erantzukizuna da goi mailako prestakuntza hizkuntza ofizialetan bermatzea. Erantzukizun horri erantzunez, gradu berak eskaintzen ditugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta beste aurrerapauso bat ere egin dugu: gaitasun masterrak ere bi hizkuntzetan bermatzea.

Gure bigarren helburua izan da –eta da– euskara egokitzea mendeetan baztertua egon den errealitate zientifiko eta teknologikoetara. UPV/EHUk zehaztasuna eman dio terminologiari eta jakintzaren arlo guztietara ireki du Europako hizkuntzarik zaharrenetako baten hizkuntz corpusa. Lan horri esker, gaur egun euskara tresna eraginkorra da jakintzaren, zientziaren eta teknologiaren arlo guztietan; aurrean zabaltzen zaigun ibilbide bat, ikasteko, ikertzeko eta jakintza transferitzeko. UPV/EHUren ekarpena gabe, loraldi kultural eta intelektual hau ezinezkoa izango zen. Urtero 1.000 artikulu zientifikotik gora argitaratzen dugu euskaraz, eta euskaraz egiten diren tesien %90 gurean egiten dira –%93, Euskal Autonomia Erkidegoan–.

Hori bateragarria da, zalantzarik gabe, mundura irekita egotearekin, baina ez hori bakarrik: aberasgarria ere bada munduko jakintzarentzat, eta horixe azpimarratu gura dut. Izan ere, UPV/EHUn euskaraz egiten diren doktorego tesien erdiek baino gehiagok nazioartekotasun aipamena dute. Zer esan gura du horrek hizkera akademikoa ezagutzen ez dutenentzat? Bada, doktoregaiak gutxienez hiru hilabete egin dituela atzerriko ikergune batean, prestakuntza hartzen edo ikerketa egiten; eta haren tesiko epaimahaian atzerriko ikastegietako itzal handiko kideak egon direla, ikerlan baten defentsa elebidunean, eta ikusi dutela aurrez aurre euskarazko jakintzaren aurrerapena, ordura arte hizkuntza hori ezagutu ez arren, sarritan.

Euskara ez da harresi bat, munduko inongo hizkuntza ez den legez: ziurgabetasunaren hutsunea gainditzeko akueduktu bat da, jakintzaren guneak lotzeko bide bat, bera ere jakintzagai izateaz gainera. Indarrean sartu berri da UPV/EHUko IV. Euskara Plana, Gobernu Kontseiluak adostasun handiz eta kontrako botorik gabe onartu ondoren. Lehengo helburuetan aurrera egiteaz gain, helburu berriak proposatzen ditu akordio kolektibo honek: euskararen erabilera sustatzea bizitza akademikotik harago, hau da, unibertsitateko bizitza sozialera hedatzea, gidari dugun leloa betez: Eman Ta Zabal Zazu.

Euskara ezagutzen ez dutenak (adibidez, Erasmus ikasleak) erakartzeko moduko ereduak diseinatu ditugu, eta gure kultur eta kirol programetan eta zientzia dibulgaziorako ekimenetan euskara gehiago eta eskuragarriago egoteko proposamenak.

Adimen artifiziala eta digitalizazioa ere baditugu erronka. Adibidez, HiTZ ikergunea (Basque Center for Language Technology) adimen artifizialaren eta hizkuntza teknologiaren ikerketaren abangoardian dago, eta euskara lehen mailako arretagunea da ikerketa aitzindari horretan.

Laburbilduz, euskarak eremu handia dauka bereganatzeko gure gizartean, eta euskal unibertsitate publikoak funtsezkoa izaten jarraituko du etorkizun horretan. Izan ere, euskara ezagutzen, erabiltzen, ikertzen, zabaltzen duelako da Euskal Herriko Unibertsitatea euskararen unibertsitatea.

Search