Eneko Oroz Ormazabal eta Iruñe Astitz Larunbe
Sareko eduki sortzaileak

Euskaraz bizi nahi dugu?

Gure egunerokotasunean pantailek oso presentzia handia dute. Zenbat aldiz begiratzen diogu mugikorrari egunean? Eta tablet, ordenagailu edota telebistari?

Zorionez, gero eta gehiago hitz egiten ari da pantailez. Pare bat asteko tartean, hiru aldiz irakurri dugu haien inguruko aipamenen bat prentsa idatzian. Horiek irakurrita, hainbat zalantza sortu zaizkigu: zertaz ari gara pantailez hitz egiten dugunean? Zer ikuspuntutatik hitz egiten da pantailen inguruan?

Azkenaldian, tamalez, pantailetan euskara sustatzearen aldarrikapena streaming plataforma zein telebista formatuetara bideratuta dauden ikus-entzunezkoetara mugatu da. Izan ere, pantailen inguruan sare sozialetako edukiaz hitz egiten denean, gehienetan, kanpo mehatxu bezala ikusten da.

Sareak, eta bereziki sare sozialak, hizkuntza hegemonikoei (gaztelania, frantsesa edo ingelesa, adibidez) atea irekitzen dieten tresnak direla aipatu izan da, garai batean rockarekin gertatu zen bezala. Baina, gaur egun, rocka ez al da euskal musikaren parte? Zenbat pertsona gerturatu dira euskarara garai batean gure hizkuntzarentzako mehatxutzat hartu zen musika estilo horri esker?

Sarea gure egunerokotasunean presentzia handitzen joan den heinean, euskara erdigunean duten proiektuak sortu dira. Bere garaian Hertzainak edo Zarama taldeek rockarekin egin zuten moduan, hainbat lagun pantailetan edukia euskaraz sortzen gabiltza, atsegin ditugun ikus-entzunezkoak euskaratzen ari gara eta bideojokoen, rolaren, manga eta animearen, zinemaren zein Kodi bezalako tresnen zaleok elkarguneak sortu ditugu sareak eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Inork ezer esan gabe martxan jarri gara, bozgorailuetatik pantailak munduaren akabera direla esaten den bitartean.

Gero eta jende gehiago gara Interneten euskaratik eta euskaraz bizitzeko bidea egiten gabiltzanak; Youtube, Twitch, Tik Tok eta Instagram bezalako sare sozialetan edukia sortuz edota puntako filmak, telesailak zein bideojokoak euskaraz egon daitezen lan eginez, adibidez.

Hala ere, gaur egun, euskaldun gehienok sare sozialak, streaming plataformak edota bideojokoak erdaraz kontsumitzen ditugu eta bilaketak erdaraz egiten ditugu. Izan ere, askotan ez dakigu atsegin dugunaren inguruko edukia euskaraz dagoen, eta egotekotan non edo nola topa daitekeen.

Pantailei buruz eztabaidatzeak beharrezkoa izaten jarraitzen duen bezala, gurea bezalako hizkuntza komunitate batean ezin dira gutxietsi sareak hizkuntzaz gozatzeko eta horren normalizaziorako ematen dituen aukerak.

Horregatik, oso garrantzitsua da euskara erdigunean duten proiektu eta edukiak bultzatzea: sare sozialetako eduki sortzaileen lana ezagutzera emanez, gai espezifikoen inguruko euskarazko komunitateak sustatuz, Zer Non Ikusi bezalako tresnak ezagutu eta zabalduz edota euskarara itzultzen, bikoizten edo azpititulatzen direnak kontsumituz, adibidez. Beraz, euskaraz bizi nahi dugun heinean, garrantzitsua izango da halako espazioak ezagutu eta kontuan hartzea.

Search