Ez dugu onartzen
Momentu honetan ere posizionatzea dagokigu, gazte, abertzale, sozialista eta feminista bezala. Ez dago erdibidekorik: injustizia edo demokrazia, espainiar inposizioa edo autodeterminazioa, presoak edo askatasuna
Azken egunetan ezagutu dugu, berriro ere, espainiar proiektu inposatzaile eta atzerakoiaren aurpegirik injustuena. Injustua diogu, justiziaz mozorrotzen den legedia faxistak eman dielako bide Altsasuko gazteen zein procesaren aurkako epaiei. Gazteok ez dugu horietako bat bera ere onartzen.
Euskal Herrian aski ezagunak ditugu bidegabekeriak, mundua bera bezain injustuak direnak. Errefuxiatuek Mediterraneoa gurutzatu beharra edota neska* izanik etxerako bidea beldurrez egin behar izatea injustua da. Injustua den bezala euskal preso politikoen senide eta lagunek munduari buelta eman behar izatea beraiek bisitatzeko. Injustua da fabrikan bizia galtzea edota prekaritaterik gordinenean lan egin behar izatea. Gutxieneko pentsioa bermatuta ez izatea eta mundua nola urtzen doan ohartzea ere ez da bidezkoa. Injustuak dira parez pare jarri eta haserretzen gaituzten hainbeste gauza, justizia bera topatzea ezinezkoa egiten zaigula askotan.
Gezur handi bat irentsarazi nahi digute, oasiaz hitz egiten dute, baina munduan justizia bilatzea bezain zaila egiten zaigu Euskal Herrian. Espainiar kateek lotzen gaituzte eta Madrilen hartzen diren erabakien menpe bizi gara. Jakina da zeintzuk diren aipatutako estatuaren oinarriak. Franco Erorien Haranetik desobiratuko duten honetan, demokrataren maskara jarri nahi du ezintasunez beteta eta berrasmatze lanetan dagoen espainiar erregimenak. Beren burua progresistatzat daukatenek 1978an ezarritako oinarri berdinen gainean eratutako konstituzioarekin justifikatzen dituzte egun jasotzen ditugun epaiak. Zapalkuntza nazionala eta soziala oinarrian dituen legedi berdina da 155. artikuluarena eta Auzitegi Gorenarena. Espainia ez da demokrazia bat eta gutxiago justizia oinarrian daukan estatu bat. Botereen banaketaz eta independentzia judizialaz hitz egiten digute, eskubide murrizketak, ukazioa eta inposizioa telebista programetako borreroen eskuetatik igarotzen diren bitartean. Ez dugu sinesten, ez eta onartzen ere.
Altsasuko gazteen aurkako azken sententzia ezagutu genuen pasa den urriaren 10ean. Duela hiru urtetik euskal gizartea eta bereziki gazteria gogaitu duen injustizia. Gazte izan eta Altsasun bizitzeagatik, muntaia polizial, judizial, mediatiko eta politikoa lehen pertsonan pairatu duten zortzi gazteren kasuak amorratu egiten gaitu. Altsasukoa bezalako kasuek erakusten dute espainiar estolden boterea eta lobby ultranazionalistek prozedura judizialetan daukaten erabakimena. Euskal Herrian Guardia Zibilak izan beharreko presentzia inposatu eta justifikatzeko ariketa da, guztiz zilegiak diren herri aldarriak kriminalizatu eta zigortzekoa. Espainiar estatuak «hemen nik diodana eta punto» egiaztapena egiten du mota honetako epaiekin. Guk ez dugu onartzen. Ez dugu onartzen gazteria kikiltzen saiatu, tribunal arrotzen bidez zigortu eta espetxeratzea. Ez dugu onartzen absoluzioa ez den beste epairik. Gure besarkada eta elkartasuna Oihan, Iñaki, Jokin, Adur, Jon Ander, Julen, Aratz eta Ainararentzat. Zuekin gaude eta ez dugu etsiko denak aske izan arte!
Procesaren aurkako epaiketaren ondorioak ere jaso ditugu astelehenean eta onargaitzak iruditzen zaizkigu. Gatazkaren muinari heldu baino gehiago, espetxea dauka eskaintza bakar bezala estatuak. Horrez gain, makineria errepresiboa martxan da, epaitegietatik harago, estatu egitura guztiak baitira sententziaren parte. Adibide garbia da azken asteetan mugimendu independentistaren aurka aktibatutako kriminalizazio eta deslegitimazio kanpaina. Hau ere ez dugu inondik inora irensten eta amorratu egiten gaitu. Herrialde Katalanetara begira topatzen dugun justizia ariketa bakarra herritarren partetik aurrera eramandakoa da. Justizia dira hautetsontziak, kale mobilizazioak, errepide mozketak, tsunamiak. Injustiziak iruditzen zaizkigu errepresioa, atxiloketak, espetxeratzeak eta epaiak. Beldurra sortu eta hedatzeko estrategia izan da espainiarrena azken hilabeteetan, historikoki Euskal Herrian jarraitutako prozedura berdina abian jarri dute.
Autodeterminazio eskubidearen aitortzarik ezak auzia konpondu beharrean areagotu egiten duela uste dugu eta injustiziak dirauen bitartean justizia herritarron eskutik soilik irits daitekeela aldarrikatu. Herrialde Katalanetan zein Euskal Herrian burujabetza muturreraino eramango baldin badugu, independentzia prozesua hauspotu, osagarritu eta garatu ostean izango da. Ezer aldatzeko prest ez dagoen erregimen autoritarioaren aurrean aukera bakarra gelditzen zaigu: independentzia.
Espainiar injustizia bota egingo dugu, Altsasukoen zein procesaren aurkako epaiek botaka egitera eramaten gaituzten bezala. Ez dugu irensten Espainia izena jarri dioten gezur handi hori. Ez dugu onartzen. Euskal Herri askea dugu helburu, sozialismoa eta feminismoa gauzagarri egingo dituen prozesu independentista lanabes. Inposizio espainiar kapitalistak ez gaitu irentsiko. Beren tresneria guztia behin eta berriz erabiltzen badute ere, sekula ez dute lortuko herri hau norabidez aldatzea. 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin egin bezala, kaleak gureak direla aldarrikatzera gatoz. Momentu honetan ere posizionatzea dagokigu, gazte, abertzale, sozialista eta feminista bezala. Ez dago erdibidekorik: injustizia edo demokrazia, espainiar inposizioa edo autodeterminazioa, presoak edo askatasuna. Elkartasun hutsaletik harago, haserretuta egotetik harago, zigortzen duten matxinada bera da martxan jarri behar duguna. Autodeterminazio eskubidea gauzagarri egingo duen gazte olatua eguneroko borrokaz antolatzea dagokigu.