Angel Rekalde
Nabarralde

Gernika eta ministro iruzurtia

Espainiako Gobernuak Gernikako Batzar Etxea memoria-leku izendatzeko egindako proposamenak eztabaida sotil bat piztu du, ez oso agerikoa, eta atzealdean geratu da, iradokizun eta xuxurla artean. Hala ere, esplizituki lehertu gabe, ezinegona sumatu da erakunde autonomikoetan.

Inor ez da ausartu ozen hitz egitera, eta doi-doi egin du marmarka protesta. Eta, hala ere, Bolaños ministroak Gernika (edo Juntetxea, are lausoago) oroimen espainiarreko leku izendatzeko egin duen keinuak ez du onik egin gure lurraldean. Zergatik? Ekimena maltzurra delako eta gibel-asmoz datorrelako. Eta eztabaida bera deserosoa delako inplikatutako alderdi guztientzat.

Ikus dezagun gaia urratsez urrats. Gernika gure artean oroimen-leku zirraragarria zela aski ezaguna da. Horregatik bonbardatu zuten! Gernika Bizkaiko Jaurerriko Foruen zinpeko lekua zen eta bertan biltzen ziren Batzarrak. Horregatik egin zuen lehendakari karguaren zina Jose Antonio Agirrek zuhaitz ospetsuaren aurrean, eskubide eta askatasun propioen memoria horrexegatik. Horregatik eskaini zion Iparragirrek bere kanturik ospetsuena, ereserki politiko eta erlijioso, mobilizazio eta protestarako kantu bihurtu zena, belaunaldiz belaunaldi, herrialdeko hainbat indar politikorentzat, hasi karlismotik eta ezker abertzaleraino, tartean jelkideak daudela.

Oroimen-leku bat bere esanahia da. Aldatzen edo lausotzen bada, lekua desagertu egiten da kontakizunarentzat eta bere egiten duten biztanleentzat. Horixe dago jokoan Gernikako ministerio-proposamenean. Bolaños ministroak horren aldeko apustua egin du, eta euskal ikur nazionala berreskuratu du Espainiako iruditeriarentzat, hispaniarren oroimen demokratikoarentzat. Jokaldi amarrutsua. Maltzurra. Horrela, haren esanahia bereganatu eta hustu egiten du. Esanahia bestelakotu eta garai guztietako foruzaleei eta euskal askatasunen defendatzaileei lapurtzen die. Baita gerrara beren Gernikako Arbolarekin joan ziren karlisten batailoiei ere. Are gehiago, Agirre lehendakariari berari ere xixkatzen dio, bonbardatutako biztanleria zibilaren ikur bihurtzen baitu, eta Gernika edozein hiri, leku abstraktua, datu eta xehetasun gehiagorik gabea. Esanahi-aldaketa agerikoa da, iruditeria nazional batetik inperial batera, baina txikikeria horiek ezer gutxi aipatu dira.

Eta ez da polemikaren berri eman, tranpa aldez aurretik jarrita dagoelako; agian horregatik inor ez da iskanbila sortzera ausartu. Tranpa hau da: Espainiako legeriak, memoria ofiziala hitzetik hortzera darabilten guztiek aipatzen dutenak, 36ko memoria besterik ez duela aitortzen (demokratikoa, hori bai). Baina espainiarra. Data horren aurretik ez zegoen baskoirik, ez euskaldunik, ez nafarrik, eta ez zen ezer gertatu gu markatzeko. Munduko beste edozein herrik baditu bere erreferentziak. Eskoziak bere independentziaren borrokalaria gogoratzen du, William Wallace, eta Stirling zubiko bataila. Kataluniak 1714. Latinoamerikak, oro har, Kolon bere kontinentean lehorreratu zen data du, bere hondamendien erreferente gisa. Frantziak Karlomagno enperadore handiaren aintza aldarrikatzen du bere historiaren mitotzat, nahiz eta Euskal Herrian ez zaion grazia beraz begiratzen. Baina guk ez dugu liga horretan jokatzen.

Bestela esanda, ez dugu existentziarik; ez zaigu aitortzen garenik, izan garenik, eta esplikatzen gaituen iragana kontatzen dugunik. Esplikatzen gaituena ez ezik, baita sendotasuna ematen diguna ere. Iragan horrek harrotu egin gaitzake, autoestimua eman, eta bidegabekerien memoria (hala nola Gernikako bonbardaketarena, baina ez horrena soilik). Kohesioa eskaintzen digu, kolektibitatearen kontzientzia, nazioaren energia. Horretarako dira oroimen-lekuak.

Hortik ulertzen da isiltasuna gure lekuei buruz: bonbardatu aurretiko Gernika, Amaiur, Orreaga, Agirre lehendakaria, Martin Ttipia, Jaime Velaz de Medrano...

Eta esanahi horiek desmuntatzeko, beste behin ere, espainiar Estatuko Presidentzia ministro azeria etorri da eta sagar pozoitu bat eskaini digu. Iseka da, trufa hutsa, 1937ko krimenaren oinordekoek Gernikaz jabetu eta «oroimenaren lehen leku» gisa berrasmatzea. Espainiako ministroak leku bat aitortzea proposatzen digu, baina Espainiako iruditeriaren barruan, oso demokratikoa beti, eta bere indarkeriarik aitortu gabe, erreparaziorik onartu gabe eta barkamenik eskatu gabe, hori ez baitator bat hispaniar harrokeria inperialarekin.

Normala da aurrekari horiekin inor ez ausartzea ministroari ahoa ixtera. Gai horri fundamentuz heltzeko, euskal memoriaren lege propioa behar da. Gure existentzia aitortzen duena. Nafarroako erresuman estatu bat izan garela adierazten duena. Eta adierazten duena, halaber, badugula kultura, lurraldea, historia, hizkuntza, euskara. Bi estatu, bi potentzia inperialen etsaitasuna pairatu dugula. Eta guretzat esanahia duten datak guk erabakitzen ditugula, ez gure pazientziaz trufatzera datozen lehendakaritza- ministroek.

Picassok, Parisen nazi batzuen bisita jaso eta Gernika bere lana ote zen galdetu ziotenean, ezetz erantzun omen zien; haiek zirela egileak. Egia edo gezurra izan, kontua da Espainiako erregimenak ez duela inoiz barkamenik eskatu Gernikako krimenagatik; ez du inoiz bere obratzat hartu. Quousque tandem abutere patientia nostra!

Search