Gure eginbeharra…
Larunbatean dugu beste aukera txiki bat Donostian gure oihu sentipenez beteekin ezinbesteko eskakizunei bide emateko
Gure lana, zintzotasunez esanda, ez da instituzioetako eztabaida eta hitz trukaketak aztertzea, hau edo beste esan nahi ote zuten edo nori zuzendua ote den garbi ulertzen ez denean.
Instituzioek, CAVekoak, Nafarroakoak edota Iparraldekoak izan, denak Euskal Herriaren askatasunaren aldeko lana egin behar lukete. Askatasuna zentzu zabalenean harturik, inor bertatik kanpo sentitu gabe eta bai bertako partaide. Hor dago hain zuzen gakoa, nire iritziz.
Lan horretan, instituzio guztiak, maila politiko zein sozial zabalenean, eta sindikalean, izugarrizko ardura dute une honetan, garrantzizko unean bizi garela etengabe entzuten ari garen honetan. Neuk ere hala deritzot, baina ez dut aldeko jarrera ikusten bakoitzak bere askatasun propioa, bere ahalduntze propioa defendatzen duenean. Alegia, ez dago herri egiten gaituen orerik, ezta kritika zorrotzik bidexka honi argi egingo dionik ere.
Nire azken urteotako kinkeak pizturik jarraitzen du gau luzean izarrak aurkitu nahian, eztabaida antzuetan murgildu nahi-ezta. Ondo dakit arituz aurkitzen direla izarrak, etengabeko jardunean, itxaropena buruan eta ilusioa bihotzean. Baina, horretarako bidaide egokiak eta gidari zintzoak behar dira, argitasuna emango digutenak eta diren guztia herriaren alde egingo dutenak ere. Gehiegitxo ote? Baiezkoan nago begi bistan dugun orea ikusita!
Badakit ere, kamarada deituta ez garela ezkertiarrago izango; beraz, hobe deiturarik gabe ezkerreko bidea jorratu, posibilismoan eror ez gaitezen, zeren hortik hasita maldan behera abiadura ikaragarria har genezake, eta zulo horretatik irteteko ez dut pentsatu ere egin nahi nolako zailtasunak aurki ditzaketen hurrengo belaunaldiek!
Lizarra-Garaziko garaian ez omen genuen izan estrategia berrirako heldutasunik, ezta barne kohesiorik ere, baina gizarteak beste era batera bizi omen zuen garai hori, zuzendaritza politikoa gaindituz. Neuk ez nuen bere osotasunean bizi, albozka soilik, kartzelan nengoen-eta, baina, bat nator gauza batean: politikoki lidergo talde edo kolektibo eza edo falta nabari zela. Garai hartan aukera politikoa galdu egin zela edo genuela esaten da.
Oraingo honetan, mugimendu sozialen bihotz taupadak entzuteko gai ez bagara, ezingo dugu herria bere senez osatu, eta ezkerretik eraiki, Estatu propioa lortzeko bidean. Porrota nagusituko da!
Are gehiago, kartzeletan eta atzerrian ditugun kide, etxeko, lagunak, gaur, eta orain, samin ikaragarriaz diot, ez garela gai izan ez kartzelatik ateratzeko, ezta etxetik hurbileko kartzeletara ekartzeko ere, eta, zer esanik ez, erbestetik Euskal Herrira! Lidergorik eza? Nik bederen, ez dut ez Espainiatik ez Frantziatik irtenbide zintzorik espero. Azkenengo «mugimendua» lekuko: Frantzia eta Espainiaren jokabidea Peio Irigoien eta Karlos Apeztegiarekin.
Larunbatean dugu beste aukera txikia Donostian gure oihu sentipenez beterikoekin ezinbesteko eskakizunei bide emateko: gure maiteak beren etxean izan daitezen azkar!
Gure betebeharreko lana gizatiar gisara jokatuz.