Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

Gure territorio libre bakarra

Presta dezatela eurek euren Euskaraldia, euren itzultzailea: gu gose grebara joateko prest gaude.

Euskara baldin bada euskaldunon territorio libre bakarra, testu librea da mediku euskaldunon territorio libre bakarra. Zer da, baina, testu librea? Nola azaldu, osasun langilea ez denari, zein garrantzitsua den historia klinikoa? Bere baitan gordetzen den altxorra, urrezko giltza, testu librea dela nola esan?

Ordenagailuarekin lan egiten dugu, egun, medikuok. Aurrean daukagun pantailari so ematen dugu eguna, pazienteari begiratzeko astirik gabe. Eta lanerako darabilgun euskarri informatiko hori erdaldunek egin dute, euren neurrira, euren mesederako. Pazienteari bronkitisa diagnostikatu ondoren, erregistratu nahi eta, hara, gazteleraz idaztera behartzen gaitu: «bronquitis aguda». Gure jarduerarako ezinbestekoak diren proba osagarriak euskaraz eskatu, eta ordainetan txostena gazteleraz jasotzen dugu. Den-dena dago gazteleraz, atal bat ezik: testu librea. Bertan, pazientearen gorabeherak, haren gaineko oharrak, edo berak esandakoa jasotzen dugu, baita guk egindako azterketan antzemandakoa ere, gure neurrira. Euskaraz. Halaber, beste espezialistenganako bideraketak euskaraz doaz. Baita edozein probaren eskaera ere: euskaraz. Testu librea euskaraz idatz dezakegun gauza bakarra da.

Orain testu librea erdaldundu nahi dute, gazteleraz jarri, itzultzaile automatiko baten bitartez. Itzulbide du izena, aurrera egiten ari garen une honetan hasierara bueltatzeko. Euskaraz idazten dugun apurra. Langile erdaldunak bakean eta lasai bizi daitezen. Aurrerantzean euskaraz ez dakien ordezko medikua bidaliko dute, arazorik gabe. Aurrerantzean, ospitaleko medikuak ez du euskara ikasteko beharrik izango, den-dena gazteleraz egongo baita. Hori baita euren helburua: medikuoi euskaraz idaztea onartu, baina betiere historia klinikoa gazteleraz baldin badago. Euskara, beraz, aukerakoa, norbanakoaren esparruko eskubidea, gaztelera guztiona eta derrigorrezkoa delarik. Behin betiko.

Orain arte euskaraz idatzi ez duten horiek hasiko dira, Itzulbide proiektuari esker, buru-belarri euskararen alde, euren burua zuritzeko. Oraindik ez dute ikasi besteen gogoaren menpean ez dagoela aske izaterik. Medikuok ere herrigintzan, euskalgintzan, gure ekarpena egin dezakegula, gure esparrutik.

Testu librea da mediku euskaldunon territorio libre bakarra, euskara euskaldunoi geratzen zaigun territorio librea den bezala. Eta prest gaude gurea dena defendatzeko: euskaraz, eta ez besterik, idazteko eskubidea. Euskaraz, Euskal Herrian. Hasteko, ez dugu Itzulbide proiektuan parte hartuko. Ez diegu baimenik emango gure pazienteen gaineko oharrak, euren baimen informaturik gabe, erabiltzeko eta itzultzeko. Behar izanez gero sendagileen elkargoetako aholkularitza juridikora joko dugu: informatikariak, teknikariak, zerbitzuburuak epaitegietara. Zuzendaritzak, halere, ez du etsiko. Guk euskaraz idazten duguna erdaraz nahi duelako, aldez edo moldez. Ezta guk ere: gure territorio librea defendatuko dugu. Presta dezatela eurek euren Euskaraldia, euren itzultzailea: gu gose grebara joateko prest gaude, ez nolanahi, baizik eta oinarrizko eskaera zehatz batzuekin. Ez da samurra izango, eta faltan botako ditugu pazienteek ekartzen dizkiguten barazkiak. Izan ere, zuzendaritzak dauka agindua, baina botererik ez. Gu gosez egon gaitezke, baina eurek ez dute Aramaioko tomaterik jango.

Search