Jose Ignazio Ansorena

Habanara joan nintzan

Habanara joan nintzan,/ xentimorik gabe,/ handik etorri nintzan, maitia,/ bost milioien jabe./ Txintxin, txin txin./ diruaren hotsak,/ horretxek ematen dit, maitia,/ bihotzian poza.

Parranda giroko abestia da. Baina atzean etorkina du, joandakoa gure ikuspuntutik, nola aberastu den... Aberastu dena, noski. Iparragirre xentimorik gabe itzuli zen. Eta gure amaren izeba Maria, osaba Eliziorekin batera Argentinarako saltoa bi aldiz eginagatik, joan baino pobreago itzuli zen bietan. Ekarri zuen bakarra hemen emakumeen ahotan aditzen ez ziren birao eta hitz lodiak: Jopuuuta! Haurrak ginela, huraxe festa hori entzutean, guri ere antzekoak jaurtitzeko ataka irekitzen zigulako.

Habanara joan diren askok kontatzen dute arraza beltzeko persona ugarik dituztela han euskal abizenak: Arizmendi, Eguzkiza, Etxebarria, Urrutia... Euskaldun jabearen hazienda handi bateko esklaboen ondorengoak direlako. Eta euskaldun horrek nola lortu zuen ba hazienda handia? Egungo modu berberaz, beste pertsonei zukua ateratzen. Horietako batzuk Euskal Herrira itzuli ziren guztiz aberastuta eta, bekatuen ordainetan, elizako kanpandegia edo organoa ordaindu eta Indiano enea etxeak eraikiarazi zituzten, denek gurtu eta omendu zitzaten. Horri deitzen zaio Indianoaren sindromea: urteetan jopuuuta izan eta aurrean jartzen ziren guztiei zukua ongi atera ondoren, laztanak nahi izateari. Egun hauetan elizetan irakurri den Santiago apostoluaren epistola horrelakoei zuzentzen zaie: Entzun orain, zuek, aberatsok! Egizue negar eta aiene, gainera datozkizuen zoritxarrengatik (...). Zuen soroetan uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiarka ari da, eta igitarien deiadarra Jaun ahalguztidunaren belarrietara iritsi da. Pena, igande horretan Garamendi mezetara ez joan izana.

Udako gaia izan da immigrazio irregularra. Benetako irregulartasuna da, ordea, munduko aberastasunak horren gaizki banatuta izatea, non batzuk alde egin behar duten euren herrialdeetatik. Irregularra da Mendebalde aberatsa haien ustiaketaren kontura aberastu izana eta, egoera jasanezin bihurtu zenean, handik alde egin izana satrapa eta diktadore asezinen eskuetan utzirik gobernuak. Edo oraindik ere horiekin harremanak izatea herritarrak lotuta izan ditzaten eta ihes egiten utz ez diezaieten.

Irregularra da egun estatuaren bozken erdia ordezkatzen duten politikarien hitzetan entzuten eta irakurtzen ditugunak. Gurea kentzera omen datoz batzuen hitzetan. Diskurtsu faltsuetan soka tenkatzen dutenak ez dira tontoak, oso lixtoak baizik, ez zehazkiro adimentsuak. Badakite gorrotoa indar eraginkorra dela eta hura hauspotuz jendeak euren aldera mugiarazi daitezkeela. Bide gidari ez dute arrazoiaz edo justiziaz jokatzea, boterea biltzea baizik. Pertsona askok, arazoaren mamia ulertzeko ahaleginik egin nahi ez edo duten apurra kenduko dieten beldurrez, jarraitu egiten diete. Hortxe daude ultrak eta ultrak ordaintzen dituztenak. Zer eginik ez dute ordea. Goseak gorrotoa baino indar handiagoa du. Horrela erori zen Erromako Inperioa ere.

Bidenabar, zer gertatu zaio Eneko Goiari? Antena 3en Donostiako segurtasun ezari buruzko berri maltzurrak eman ondoren, irudietan kolektibo zehatz bat seinalatzen, bera agertu itxuraz haiekin bat egiten. Engainatu al dute? Edo berak engainatu nahi gaitu? Zein segurtasun ezaz ari gara? Etxebizitza ezin lortzearena? Soldata duina ezin eskuratzea? Ondorioz bizitza egitasmo txukunik ezin bideratzea? Hori gertatzen zaienak tontoak eta alferrak dira, jakina. Ez dute esfortzuaren kultura ezagutzen. Lotsa. Vergogna!

Eta Borboi txorizoak, esfortzuaren kulturan katedradun, egunero berri txorizeroak sortzen: sentitzen omen du kontakizuna lapurtzen ari zaizkiola. Horrela izango da, lapurketa kontuetan maisutza, gradua, doktoretza eta hainbat master eginda baititu. Juan Karlosek ere Indianoren sindromea du. Orain Maite, maite egitea nahi du. Emigratu dezala familia osoarekin! Egun Habanara ez, Abu Dabira nahiago nonbait.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinat zailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Irit zi artikuluak eta gutunak sinat zailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinat zailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search