J. Ortuñez
Errepresaliatua

Herri harresia

«Baina guztiok batera/ saiatu hura botatzera/ usteltzen hasia dago ta/ laster eroriko da./ Hik bultza gogor hortikan,/ ta bultza nik hemendikan,/ ikusiko dek nola,/ nola laster eroriko dan.

Horra hor, irakurle maitea, katalanez agian ezagunago zaizun 1968ko abesti ospetsu baten leloa. Eta hauxe izan nuen gogai, Donostiako Aske Guneak iraun zuen bitartean. Bidenabar, eskarmentu hau lagungarri suertatu zitzaidan ondoko lerroetan garatu eta irakurle zaren horrekin partekatu nahi nituzkeen gogoetak egiteko.

Dakizun bezala, EPPK-ren egoera blokeaturik dago gobernuen aldetik era ezin interesatuagoan. Ez da gauza berria. Ez dizut inolako berritasunik ekarriko ere esaten badizut euskal auziari buruzko gertakari edota aipamen txikiena egitea deseroso zaiela oso espainiar eta frantses gobernuei. Beraz, aipatu gatazka (hala arrazoi historikoengatik -konkistaren errealitatea- nola herri borondatearen ikuspegitik -burujabetasuna bilatzen duen egitasmo nazionalari atxikimendua-) politikoa dela aitortzeak negala sortzen die. Eta zer esanik ez, jakina, aurka egite horretan aktiboki edo pasiboki sartu izanagatik espetxeratu duten pertsona oro preso politiko dela ondorioztatze soila, Amnesty Internationalek berak honela definitu duen arren.

Egia da gu izorratzeko asmoa ez dela gaurko kontua. Guztiarekin ere, 600 lagun baino gehiago biltzen dituen Kolektiboa adierazterakoan «preso politiko» esapidea erabiliko zuen edonor espetxe zigorraz ere zigortzeko gogoa, sendotu ez ezik, gauzatu nahian ere badabilzkigu, azken bolada honetan, Gasteiz eta Iruñeko erreinutxoetako agintariak. Kolektiboaren bitartekaritzak antolatzen dituen ekitaldiek jaso ohi duten jazarpena eta, gertuago, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean burututako hitzaldiak jasotako anatema esandakoaren froga ditugu.

Alta, ez ditut preso politiko izendatzen «sozial» edo «arrunt» deitzen ditugunengandik bereizteko temakeriagatik; gainera, preso politikoak eraldatu nahi duen gizartearen biktima izaten ohi dira horietako gehienak. Bestalde, ez dira preso politiko bakarrak, espainiar Estatuan preso galegoak eta kataluniarrak ere badaudelako, frantsesean korsikarrak edota bretoiak ere badauden antzera..., baita espetxeko hirugarren hamarkadan sarturik daukaten preso politiko libanoarren bat ere. Oso kontuan hartzekoa da honokoa: ez dira preso politiko inor mintzearren, eta gainera Euskal Langile Herria dugu «preso politiko» izendapena jorratu zuena. Zertan datza, orduan, politiko direla aitortu eta are esateko arazoa?

Euskal presoen militantziaren izaera politikoa ukatzea begien bistakoa den gauza ukatzea litzateke, horixe baita sistema kapitalista suntsitzaileak, Estatuak, ideologia meneratzaileak, Francok izendatu zuen monarkiak eta bere burua demokraziatzat («organikoa» lehenago) jo duen neofrankismoak ezarri dieten zigorraren iturburua. Hau da, motibo edota arrazoi ideologikoak kausa eta medio, espetxeratu zituzten edo euren etxetik ihes egitera behartu. Eta ildo beretik, aipatu egitura horiek «Egilearen Zigor Zuzenbide» delakoa aplikatzen diete behin eta berriro. Salbuespen legedia, horren adibide bat baino ez da.

Preso politikoez hitz egiteak biktimen bat minduko ote zuen? Ziur ezetz. Ezetz, behintzat, betiko zentsoreak orain ia urtebete Kolektiboak publiko egin zuen adierazpena sikiera gainbegiratu badu, alde bakar bati begira egon baino, tamalez egiten ohi duen antzera. Zeren eta, adierazpen hartan, EPPK-k aitortu egiten zuen gatazkak biktimak sortu dituela (bidenabar, ez legoke gaizki azpimarratzea Kolektiboak berez eta izatez ez duela inolako biktimarik eragin, ezin zuela, zentsore horren beraren manukoek giltzapeturik daukate-eta!). Gutxi balitz, Kolektiboa gatazkari amaiera emango liokeen (biktima gehiagorik ez, beraz) erresoluzio adostu baten alde agertzen ari da behin eta berriro, eta biktima guztientzako irtenbideak eskatuz, gainera.

Orain, politika egiteagatik espetxean daukaten Kolektiboaren kide kopuruari Donostiako zortzi gazte gehitu beharrean gaude, tamal handiz. Bada, eta inolako mitifikaziorik egin nahi gabe, aitortuko dizuet beraien aurkako atxilotze-aginduak heldu zirenean emandako erantzuna zinez txalotzekoa iruditu zaidala. Ia arrakastatzat jo daitekeen hori faktore batek baino gehiagok ahalbidetu du, eta horietako bat bereziki nahi nuke hona ekarri: herri harresia.

«Ia arrakastatzat» jotzen dudala nioen gorago, zortzi gazte horien espetxeratzea dela medio, presoen kopuruak gora egin duelako azkenean eta hori, esan gabe doa, ezin arrakastatzat jo. Nolanahi ere, herri harresiak erakutsitakoari benetako ikasgai deritzot: atxikimendu kuantitatiboaz harago, herri honen grina agerian izan dugulako. Donostiako Bulebarrean bizitakoak aipatu gazteak babesteko erabakitasuna eta prestasuna erakutsi ditu. (Ez naiz honetan gehiago luzatuko, bertaratutako edonor konklusio berberetara iritsiko bailitzateke, ziur aski).

Aurrera begira, herri harresiak egonkortu beharra dago. Eta borroka molde horiek aurrerantzean tamaina eta indar berbera lortuko ote duten oraindik ikusteko badago ere, ñabardura pare bat egin nahi nituzke. Alde batetik, borroka molde arrakastatsua izanik (berriro diot, eraginkorra ere ote den oraindik aztertzekoa delarik), herri harresiaren gaitasuna gatibu direnak ateratzeko baliatzen jakin beharko genuke. Edota epe motzean behintzat, Euskal Herrira ekar ditzaten. Izan ere, herri harresiaren jomuga ez da (soilik) preso gehiagorik ezean murgildu behar, presorik ezean baizik. Hau da, herritarrok eraturiko harresi horixe da onargarri den bakarra eta bera erabili behar dugu etsaiak zementuz eta burdinaz altxatu duena erauzteko.

Donostiako harresia adin guztietako lagunek osatu dute: horra hor bidea, hori baita azken finean indar metaketaren beste adibide bat. Ez bakarra, ordea, beste sentsibilitateko jendea ere hurbilarazi behar baitugu herri harresira. Baliteke iragan hurbilean oraindik beren hastapenetan zeuden antolaketa-molde berriak orain sendo izatea eta, hortaz, baita eraginkorragoak ere. Jendea hurbiltzen ari gara. Orain eraginkor bilakatu beharra dago. Aske Guneak ekarpen ederra egin digu ildo horretatik eta beharreko ikasgaiak ateratzen jakin behar dugu.

Hemendik aurrera, Kolektibo osoa bilakatu behar dugu herri harresien babesgai. Estatuak indartsuak dira, baina ez garaiezinak. Denon artean, eguneroko bultzadaz, ankerkeriaren harresia botako dugu eta gureak etxera ekarri. Gureak direlako eta ireki dugun prozesuan parte hartu behar dutelako. Militante politikoez osaturiko Kolektiboa delako. Gatazka politiko baten parte eta ondorio izanik, beren egoerari irtenbiderik -eta irtenbide politikoa, bistan da- eskaini behar zaiolako.

Orain bai ozenki oihuka dezagun: gora herri harresia!

Search