Hizkuntza kontzientzia medikuntzan
Osasun-jarduerak bi zutoin sendo ditu. Bat, ebidentzian oinarrituriko medikuntza: indarrean eta eguneratua dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko jarduera kontziente, arduratsu eta neurrizkoa. Bestea, eredu biopsikosozialak abiarazi duen pazientean zentraturiko arreta, pertsonaren izaera (baita hizkuntza ere) kontuan hartzen duena.
Pazientean zentraturiko arreta-ereduari jarraituz, hizkuntzak zerbitzuaren kalitatean eragiten du bete-betean. Bestalde, eskura dugun ebidentzia medikoak hizkuntza eta kalitatea banaezinak direla dio. Zerbitzua pazientearen hizkuntzan ez izateak ekitatea eta onargarritasuna zapuzten ditu, dudarik gabe. Efektibitatean, iriskortasunean eta segurtasunean ere kalte eragin dezake.
Gauzak horrela, eremu elebidun batean osasun-laguntza pazienteak lehenetsi duen hizkuntzan eskaini behar da nahitaez. Gurean gazteleraz zein euskaraz, pazienteak hala nahi badu. Ebidentziatik ezarpenera jauzi egin behar da, lege-esparruarekin, kode etikoarekin, gizartearen beharrekin eta Osakidetzaren lerro estrategikoekin bat eginik berariazko esku-hartze eraginkorren bitartez. Ez da erraza, ez baitago honen inguruan erabateko adostasunik.
Kanadarrak dira, zalantzarik gabe, hizkuntza eta osasungoaren gaian aitzindariak eta erreferenteak, zerbitzua mendeko hizkuntzan eskaintzeko gai diren profesionalen ezaugarriak hobekien aztertu dituztenak. Argi daukate hizkuntza gaitasuna duen langileen kopuruak berez ez duela zerbitzu egokirik bermatzen. Boluntarismoa ez dela eraginkorra egiaztatu dute, legearen babesik gabeko esparruetan batik bat, berariazko neurri eta araudirik ez badago, giza-baliabideen antolakuntza egokirik gabe eta elebitasuna lanbide-garapenean zein langileen hautatze-prozesuan kontuan hartzen ez bada. Euskal Herrian hizkuntza eskakizunak ezinbestekoak dira noski, baina ez dute osasun arreta euskaraz bermatuko inolaz ere. Osakidetzak bere jarduna Euskara Planean ezarritako helburuen arabera egokitzen du, ez ebidentzia medikoan oinarriturik. Galtza estuak, besterik ezean. Aurrerapausoak ematen ari dira, baina oraindik ez dugu kalitate maila gorena lortu.
Bestalde, giza-baliabideen hautaketa-prozesuan hizkuntza kontuan hartzeak gatazka soziala dakar, askorentzat inposaketa baita. Hizkuntza ohiturak ez dira goizetik gauera aldatzen gure jardueran. Zerbitzua euskaraz eskaintzeak beraz kultura-aldaketa sakona eskatzen du nahitaez, osasun-sistema bere osotasunean kontuan hartuz. Osasun-zerbitzuen kudeatzaileek, komunitateak, osasun-langileek, eta formakuntza kudeatzen duten erakundeek (unibertsitateak) parte hartu behar lukete kultura-aldaketa prozesuan.
Horretarako tresna baliagarria hizkuntza kontzientzia izan daiteke, eta berau formakuntzan txertatzea. Osasungintzan, hauxe litzateke: hizkuntzak pertsonen bizitzan, nortasunean eta izaeran duen garrantziaz jabetuta egotea, gaiarekiko sentiberatasuna izatea, eta pazientearen arabera jarrera egokiak garatzea, horrela langilearen gaitasun-maila eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz.
Osasun-profesionalen prestakuntzak euren eginkizunetarako ezinbestekoak diren gaitasunak eskuratzea du helburu: ezagutza medikoaren kudeaketa egokia eta eguneraketa, eskura daukagun informazioa zentzuz erabiliz, pazientearen zein ingurunearen neurrira. Zein egunetan zein galtza jantzi behar den ikasi. Hori horrela, hizkuntza lan egiteko gaitasun bat da osasungintzan. Etorkizuneko langileak euren burua eremu elebidun batean kokatzen ikasi behar du; alegia, bi hizkuntza ofizial dituen herrialde bateko hiritar bezala. Gure gizartearen printzipioak eta oinarriak, hala nola askatasuna, berdintasuna, inklusioa, elkartasuna, bizikidetza eta errespetua bere egin behar ditu, bere lan esparruan konfiantzaz, kalitatez eta egiatasunez jarduteko. Horregatik, hizkuntzak arretan duen garrantzia zein hizkuntza kontzientzia formakuntzan kokatu behar dira, hasieratik.
Osasun-langileen ibilbidea unibertsitatean hasten da. Honen helburua etorkizunean mailarik handiena lortuko duten langileak sortzea da, ez bakarrik arlo profesionalean, baita arlo akademikoan eta humanistikoan ere. Etorkizunean eremu elebidun batean liderrak izango diren profesionalak. Unibertsitateak gizartearen eskaerei erantzuna eman behar die, eta bere eremuko egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar luke bere programazioan.
Hizkuntzak osasungintzan duen garrantzia, hala nola hizkuntzarekiko kontzientzia, ikasgai gisa ezarri behar dugu, bai Medikuntza eta Odontologia Fakultatean bai Erizaintzako Unibertsitate Eskolan. Hautazko ikasgai gisa, nahitaezkoa ahal izanez gero. Ikasle elebidun zein elebakarrei zuzendurikoa. Ez dugu esango egun batetik bestera egin daitekeen gauza denik. Baina badago pausoz pauso bidea egiteko aukerarik: UEUko zein UPV/EHUko Udako Ikastaroak aproposak dira ezagutza profesionalean gai honen hastapenak abian jartzeko. Besterik? Graduondoko ikastaro edo master bezala garatzea; medikuei, erizainei, odontologoei, osasun-profesionalei, gizarte-langileei eta osasun-zerbitzuen kudeatzaileei zuzendurikoa. On line ikastaroak ere sor daitezke gai honen inguruan, Osakidetzako langileon etengabeko-formakuntzan zein edonorentzat zabalik dauden Massive Online Open Course izenekoak.
Hizkuntzaren gaia landu, prestakuntzan txertatu, hasieratik eta etengabe, kultura-aldaketa eta hizkuntza-ohitura egokiak era progresiboan ezartzeko. Etorriko den gatazka soziala saihesteko, bide batez. Hona hemen Osakidetza eta EHUri egiten zaion proposamena, orain publiko egiten duguna.