Patxi Zabaleta
Aralarreko koordinatzaile eta NaBaiko bozeramailea

Ikastolen eredua sexu bereizketaren aurkakoa da

Espainiako Epaitegi Gorenak jarraiko bi epaietan ebatzi du sexu bereizketa ezartzen duten eskola ereduak ez datozela bat Konstituzioko balioekin eta, beraz, ez dela zuzena haiei diru publikoa ematea. Nahiz eta bi epai horiek ez diren Nafarroako ikastetxeetaz jardun, agerikoa da dagoneko Epaitegi Gorenaren mailara iritsi den eztabaidak eragina izanen duela hemen luzarora gabe.

Ikastolen eredua hasiera-hasieratik eta beti sexu bereizketaren aurkakoa izan da; Konstituzioaren beraren aurretik jakina. Baita Nafarroako ikastoletan ere, alegia. Gainera bitarteko denbora honetan Elizako kongregazioetako ikastetxe gehienek gainditu dute sexu bereizketa; Jesui- tetatik hasi eta Eskolapioetaraino; Dominiketatik hasi eta Ursulinetaraino. Hori da denboren zentzua. Soilik Opus Dei eta bere antzeko kongregazio atzerakoiak gelditzen dira sexu segregazioaren alde.

Horregatik da harrigarria eta larria Nafarroako Ikastolen Federakundeko zuzendaritzak -NIF- sexu bereizketaren aldeko oharra kaleratzea. Delako jarrera hori zilegitasunik gabea, garaiz kanpokoa, desegokia eta kaltegarria gerta liteke.

Lehenik, zilegitasunik gabea da delako oharra. Besteak beste, ikastoletan iritzi askotako eta guztiz ezberdineko jendea dagoelako. Gainera ikastolak eta Ikastolen Federakundea ez dira iritzi eta irizpide politiko eta sozialen eztabaidak egiteko eta garatzeko tokia.

Bigarrenik, desegokitzat jotzen dugu jarrera hori, berdintasunaren aurka doan heinean. Askatasuna berdintasunean dago, baina ez berdintasunaren kontra. Askatasuna bazterketarik eta segregaziorik ezean dago, baina ez segregazioa edo bazterketa egiten denean. Horrelaxe gertatzen da giza eskubide guztiekin; askatasuna berdinen arteko dohaina delako. Jakin, badakigu Eliza bezalako erakundeetan ez-ezik, gure herri honetako jokabide askotan ere adibide oso txarrek badirautela oraindik, esate baterako Irun eta Hondarribiko belztasun lotsagarriarena.

Garaiz eta tokiz kanpokoa izatea ez-ezik, Nafarroako Ikastolen Federakundearen zuzendaritzak atera duen oharrak ikastolen betiko ereduen aurka egiten du. Nola aldarrika edo babes lezake besteentzat norberak betetzen ez duen eredua? Ikastolako gurasoen gehiengo handi batek, ikastolen aldeko hautua egiten du sexu bereizketarik egiten ez duen ereduarekin ados egonik, besteak beste.

Egia da Madrileko PPko Gobernuak Wert ministroaren bitartez legearen aldaketa iragarri duela. Egia da Esperanza Agirrek dimititu aurretik eta UPNk edo PNVk, edo Geroabaiko zati batek beren modura sexu segregazioa onartu egiten dutela. Egia da baita ere, Opus Dei edo Kristoren Legionarioak ahalegin osoz saiatzen ari direla Espainia osoan xede berarekin. Baina halere, etorkizuna datorren bezala dator eta etorriko da. Segregaziorik gabeko heziketa da berdinen arteko askatasunak eta hori da demokraziak eta aurrerapenak eskatzen duena eta ekarriko duena. Horregatik euskarari, euskal eskolei, ikastolei eta bereziki, berdinen arteko heziketari kalte besterik ez dio eragiten delako NIFko zuzendaritzaren ohar zoritxarrekoak.

Zergatik eta zertarako sartu ote da NIFko zuzendaritza berari ez dagokion gizarteko eztabaida politiko eta sozialean?

Nafarroako euskal eskolen eta ikastolen sorkuntzan garairik gogorrenetatik hasita arituok eskubide osoa daukagu Nafarroako Ikastolen Federakundeko zuzendaritzari jarrera atzerakoi eta kaltegarri horretan berehala atzera egin dezan aldarrikatzeko. Uste dugu eskari hau ez balitz aintzat hartuko, eztabaida politiko eta sozial garratz eta okerrean sartuko lukeela NIFko zuzendaritzak zoritxarrez ikastolen eta euskal eskolen mundua.

Search