Juan Martin Elexpuru
Idazlea

Iruñea ala Iruña?

Duela gutxi prentsan nafar baten gutuna irakurtzen genuen udal berriari eskatuz Iruñea har zezala behingoz izen ofizialtzat, Euskaltzaindiaren aspaldiko erabakiari jarraiki. Denok nafarrak omen garenez, hona hemen mendebaldar honen kontrako iritzia.

Ahoz inkesta egingo bagenu Euskal Herriko hiriburuaren izena galdetuz, Iruñea ala Iruña erantzungo ote lukete gehienek? Iruña, nik uste. Eta hori badirela hogeita hamar urte Euskaltzaindiak Iruñea erabaki zuela, eta eskoletan, prentsan edo liburuetan ez dela besterik ikusten. Koldo Mitxelenak bi artikulu idatzi zituen Iruñea formaren alde, bata 1958an (Archivum 8), gaztelaniaz, eta bestea 1982an (Iker 2), euskaraz. Iruñea, Iruñeko, Iruñetik, Iruñera... formak usu dokumentatzen ditu idatziz zein ahoz, eta bikain arrazoitzen du, ohi bezala, bere hautua. Iruña, Iruñako, Iruñatik... ere aurkitzen ditu, baina lehenak hobesten ditu, azaltzeak luze joko lukeen argudio linguistikoetan oinarrituta.

Errenteriarrak bultzaturiko Euskaltzaindiaren erabakia zuzena izan ote zen? Zera idatzi zuen Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain uxuetarrak 1991an (Zutabe 27).

«Nafarroako hiriburuaren izenak buruhaustea franko eman, ematen, eta emango dizkigu euskara irakasterakoan, Euskaltzaindiak proposatu izenari eusten bazaio bederen. […] Euskaltzaindiak, seguraski Mitxelenaren aholkuei jarraiki, Iruñea aukeratu zuenean ezin pentsatuko zuen (batez ere) Nafarroako euskara-irakasleoi nolako zama pisua bizkarreratzen zigun. Zama hau bi zatitan bana daiteke: batetik Iruña hitzak duen tradizioa (Café Iruña, Pan lruña, Transportes Iruña, Mercairuña...) dago; hau da iruindar gehienek, erdaldun nahiz euskaldunek, ezagutzen dutena, begi-belarrietatik sartzen dena, eta zail gertatzen da ongi ikasia dagoena bazterrera uztea.

Bestetik, morfología bera dago, hau da, hitzaren forma eta hitza deklinatzeko modua. Izan ere, ikasle askok aldaera zuzena eta batuaz erabili behar dena Iruñea dela ikasi arren, ez dakite azkeneko -a hori mugatzailea baizik ez dela (izen berezi gehienek ez baitute mugatzailerik onartzen), eta Iruñean ongi esaten badute ere, ez dute asmatzen Iruiñera, Iruñeko, Iruñetik eta abarrekin, eta hauen ordez Iruñeara, Iruñeako eta Iruñeatik esaten edo idazten dute. Arazoa gehiago korapilatzen da mintzagai dugun izen honi posposizioak eransterakoan, zeren nola esan behar ote da: Iruñe ondoan ala Iruñea ondoan? Jakina, -a artikulua bada, lehen forma izanen da zuzena, eta ez bigarrena, baina ikasleei gogoeta hauek egiteko eskatzea, maiz aski, praktikak erakusten digunez, soberaxko eskatzea da.»

Guztiz bat nator Salaberrirekin. Aita Polikarpo Iraizozkoa ere Iruñaren alde azaltzen da hilda gero argitaratu zioten artikulu batean (Fontes 12, 1980). Mixelenaren lanez aparte, ez dut Iruñearen aldeko besterik ezagutzen. Arrazoi linguistiko hutsei erreparatuz gero, baliteke balantza Iruñearen alde makurtzea, baina praktikoei begiratuta, zalantza gutxi. Salaberrik dioen bezala, Iruña ezagutzen eta esaten du jende gehienak, erdaraz zein euskaraz ari denean. Deklinatzeko ez du inolako arazorik. Iruñea, berriz, NOR kasuan, ahoskatzen zaila da, eta bere deklinabidearekin EGAdun askok ere ez du asmatzen. Eta Pamplonaren ordez euskal izena erabili nahi duten erdaldunei hasi zaitez Iruñearen onurak esplikatzen, -a artikulua dela eta gainerakoak.

Etimologia eztabaidatua du hitzak. Lehen zatia (iru) uri-ren metatesia izan liteke, nire ustez. Burdina Aroko gotorleku askok du osagai hori (Irumendi Lapurdin, Irulegi Nafarroan, Ilunzar Bizkaian, Iruña Araban…). Argi dago Irun oinarri duen izena jartzen zietela garai hartan gotorleku askori.  Jakes Casaubonek honetaz argitaraturiko artikulua (Uztaro 86, 2013) irakurtzeko gomendatuko nuke. Bigarrena (-uña, -uñe), bietako bat izan liteke: (g)une, hau da, 'hirigune'; edo eta ona, hau da, Hiriona, Uriona, inguruko hizkuntzetan Villabona eta gisakoak eman dituena. Zalantzekin, baina bigarrenaren alde egingo nuke. Bestalde, hor daukagu izenkidea, Arabako Iruña, beste aldaerarik ezagutzen ez zaiona.

Baina etimologiak etimologia eta erabakiak erabaki, iruditzen zait arrazoi praktikoak gailendu behar direla kasu honetan eta horiek Iruñaren alde mintzo direla ozenki. Ezin gara in aeternum korapilo honekin bizi, jakin behar dugu Euskal Herriko hiriburua zalantzarik gabe izendatzen, eta oinezko nafar xume honek errespetu osoz eskatzen dio gure akademia maiteari laurogeiko hamarkadan hartutako erabakia berraztertu eta Iruña bihurtu dezala izen ofizial.

Search