Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatiba

Itsu, sor eta gor, noiz arte?

Zertan aldatu? Lehenik eta behin, jarrera. Jada berandu gabiltzala sinestea (inoiz beranduegi ez dela pentsatu nahi badut ere) eta neurriak zenbat eta gehiago atzeratu, gero eta zailagoak, larriagoak eta gogorragoak izango direla onartzea, batez ere jende xehearentzat.

Australiako basoak sutan, 30 pertsona hilak eta milioika abere kiskaliak edo itota. Ke zutabeak Argentinatik ikusten ziren, eta une berean, Wuhan-eko (Txina) azokan era guztietako basabereak eros zitezkeen... Lehen estudioek diote saguzarra dela koronabirusaren habia eta handik zabaldu zela azoka horretan saltzen ziren espezietara, eta haietatik gizaki batera. Eta ondoren mundu osora. Aldi berean zerua estaltzen zuen mangosta izurrite batek arrasatzen zituen Afrika eta mendebaldeko Asia. Basamortuetan izandako ezohiko zikloi eta eurite anomaloak mangosta plagaren habia bihurtuz. Apokalipsiaren zaldunek inoiz ez dute bakarrik bidaiatzen».

Hauxe, "Saguzarra eta kapitala: koronabirusa, aldaketa klimatikoa eta gerra soziala" Andreas Palmen azken liburuaren sarrera. Liburu hau ez da inondik inora apokalipsiaren gaia lantzen duen fikziozko literatura, zeinak antikristoa badatorrela eta berarekin mundu akabera edo Armagedona. Aitzitik, Palmen liburuak egungo egoera erreala aztertzen duen ikuspegi zientifiko materialista du abiapuntu.

Egoera honi batzuek antropozeno deitu diote, alegia, lehenengo aldiz naturaren aro berria gizakiaren eraginez sortua delako. Orokorrean horrela dela ukatu gabe, ekosozialistok kapitalozenoa deitzea nahiago dugu, erantzulea sistema kapitalista delako, eta sistema honek jada seigarren suntsiketaren mugetara eraman gaituelako.

Historiaren materialismoak eta naturaren materialismoak metodo orokor beraren aldaera ezberdin baina banaezinak direla ziurtatzen dute. Biak ala biak ezin dira bereizi, naturaren historiak eta gizakien historiak elkar baldintzatzen baitute. Alabaina, ematen du mundu eta estatu agintariak itsu, sor eta gor daudela egoera horren aurrean, asaldatuta, baina ahalke edo paralizatuta, kontrako bidean ihesi ez direnean.

Zantzuak, datak, gertakizunak hor daude ikusi nahi dituenarentzat: beroketa klimatikoa, animalia basatien eta biodibertsitatearen suntsiketa, zoodemiak sortutako covid-19ren pandemia, eta okerrena, denok egoera oso arriskutsua dela dakigun arren, inor ez da behar diren neurriak hartzen ari. Are, inpunitate osoz, Amazonia txikitzen ari dira, Brasilgo Gobernuaren utzikeriaz eta multinazionalen irabazi aseezinen eraginez. Hamazortzi zientzialarik osatutako taldeak "Nature" aldizkarian argitaratutako ikerketan zera dio: «2010 eta 2018 artean, eta baso-soiltzearen ondorioz, Amazonia xurgatzen duen baino karbono dioxido gehiago askatzen hasi da atmosferara». Soiltzearekin batera, meategiak irekitzen dira, ganadu hazkuntza intentsiboa hazten da eta abar. Ezin ahaztu gerraren edo hondamendien eraginez sorturiko etorkin eta iheslarien tragedia.

Egunotan ikusi dugu Jeff Bezos munduko gizonik aberatsena, orain gutxira arte Amazon eta Blue Originen jabea, arrakastaz hamaika minutuko abentura espaziala betetzen. Komunikabideek gorazarre egin diote, edo xelebrekeriatzat hartu, horrelako ekintza burugabeek eragiten duten baliabide energetikoen xahuketa salatu gabe, aberatsek beren gozamenerako antolatutako mundu horrekin bat eginik. Mezua garbia da, gertatzen dena gertatzen dela, aberatsek nahi bezala jarraituko dutela, beren gozamenerako baliabideak xahutuz, baita hondamendiaren barruan ere.

Duela egun gutxi, berripaper honetan esaten zen: «IEAk adierazi du CO2 isurketak inoizko handienak izango direla bi urteren buruan. Mundua klima larrialdian bada ere, agentziaren esanetan pandemia osteko berraktibatze ekonomikoak erregai fosilak ditu oinarri». Beraz, trantsizio klimatikoarekin ahoa betetzen duten politikari eta patronalak hazkunde ekonomiko hori txalotzen ari dira aurreko egoerara itzultzeko asmoz.

Alabaina, Naomi Kleinek «honek dena aldatzen du» dioenean oso garbi adierazi digu, eta ekologistek bere egin dute iritzia: «Sortu zenetik, kapitalismoaren historia aurrerantz ihes egindako pertsona errepikari batena da beti, gero eta eskala handiagoan. Onura lortzeko lasterketa honek zapalduak eta ekosistemak agortzen ditu. Horren bidez, krisi ekologikoa areagotu egin da, eta ezin da gainditu, eta gizarte krisiarekin lotuta dago ezinbestean. Ondorioz, lehen bezala berriro hastea ez da aukera bat: jada ezin ditugu, aurrerapen suntsitzailearen izenean, erronka soziologikoen erantzunak atzeratu, ondorengo deus ex machina teknologiko baten esku-hartzearekin. Berehala aplikatu behar ditugu ezinbestekoak diren egiturazko irtenbideak».

Zertan aldatu? Lehenik eta behin, jarrera. Jada berandu gabiltzala sinestea (inoiz beranduegi ez dela pentsatu nahi badut ere) eta neurriak zenbat eta gehiago atzeratu, gero eta zailagoak, larriagoak eta gogorragoak izango direla onartzea, batez ere jende xehearentzat. Zer produzitu, nola produzitu eta zertarako produzitu, horra hor gakoa. Desazkundean sinesten ez dutenek ere produkzioa eta kontsumo orokorra moteldu beharko dela ontzat har dezaten. Eta horrek eskatzen duela produkzio indar estrategikoen nazionalizazioa edo sozializazioa gauzatzea eta era demokratikoan planifikatzea botere publikotik (gizarte mailan zein lantegietan). Ekosozialismoa helburu.

Ezkerrak «honek dena aldatzen du» aldarria bere egiten ez badu, jai dauka. Eta ezkerra diodanean, esan nahi dut emantzipazioa helburu duten mugimendu (herri subiranotasunaren aldeko, politiko-sozial, ekologista eta feminista) poliedriko eta anitzak bere egitea egitasmo hori. Halabiz.

Search