Andres Urrutia - Euskaltzainburua

Jean Haritschelar, euskal kulturaren zalduna

Euskal Herriko ipar zein hegoaldean ezaguna izan da Jean Haritschelharren irudia eta irudi hori erabili du berak, behin eta berriro, euskararen mesederako emaitzak lortzeko.

Jean Haritschelhar hil da. Hala jakin dugu igande honetan. Berarekin batera joan dira, besteak beste, haren eginahal desberdinak, Jean Haritschelhar ikusi dugulako unibertsitateko irakasle, herriko alkate, kazetari, pilotazaleen buru edota plaza gizona. Horien artean, alabaina, azpimarratu beharrekoa da euskalgintzan izan dituen ekimenak eta emaitzak.

Izan ere, Jean Haritschelhar euskarari eta euskal kulturari emana bizi izan da urte luzetan. Horretarako leku aparta izan du Euskaltzaindian, euskararen Akademian, bertan luze jardun baitu, zeregin eta ahalegin ugarietan. Euskaltzain oso, buruorde eta buru izan dugu luzaz Jean Haritschelhar eta horrek egundoko ikusmira eman dio euskalgintzaren hainbat arlotan.

Literatura gaietan aditua eta sona handiko ikertzailea izanik ere, Jean Haritschelharrek ez ditu ahantzi edo baztertu akademia bati dagozkion gaiak, alegia, hizkuntzaren aitzinamendua eta egokitzapena. Horretan ere, Euskaltzaindiak lantzen dituen bi arloak, Iker eta Jagon, haren xede eta helmuga izan dira, ikerketarekin batera beti landu izan baitu euskararen presentzia bermatzea gizartearen arlo anitzetan, nornahirekin eta nonahi, jakitun izanik euskara bera dela euskaldunen nortasuna eta bilgunea.

Euskal Herriko ipar zein hegoaldean ezaguna izan da Jean Haritschelharren irudia eta irudi hori erabili du berak, behin eta berriro, euskararen mesederako emaitzak lortzeko. Mota eta pentsaera bateko nahiz besteko agintari, talde eta gizarte arduradunekin lan egin du eta horietan guztietan nabarmendu ditu euskararen eta akademiaren zereginak.

Nabarmendu ere, modu dotorean egin du, berari zegokion hitz egiteko erraztasuna baliatuz. Hainbatez, berarekin bat ez zetorrena begirune osoz hartzen zuen eta harekin kontuak adosteko beti prest zegoen. Hitz batez esateko, zin-zinezko zalduna, euskararen eta euskal kulturaren zalduna.

Zaldun izate horrek ekartzen zion, bestalde, pentsamolde berekoak ez zituenen errespetua eta aintzat hartzea. Hamaikatxo aldiz ibili da Jean Haritschelhar Euskal Herri osoan zehar agintariekin aspertu gabe euskararen arrazoiak ematen eta azaltzen. Euskararen ofizialtasuna behin eta berriro aldarrikatu du eta bere kargu utzi zuenean ere, Euskaltzaindiak Bilbon egin zion omenaldia aukera paregabea izan zuen Euskaltzaindiaren eta Euskal Herriko Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lehen hitzarmena gauzatzeko.

Akademian bertan ere, Villasante aurreko euskaltzainburuaren ildotik joan zen eta bitariko lanak bultzatu zituen, hala nola, hats luzeko egitasmoak, euskararen dialektologiaren eta hiztegigintzaren edo gramatikaren aldetik, literatura bera ere baztertzeke. Aldi berean, unibertsitatean hezitako euskaltzale eta euskaralari belaunaldi berriak akademiara ekarri zituen, erakundearen geroa ziurtatu nahian.

Joan zaigu Jean Haritschelhar, baina hemen geratzen dira haren lekukotasuna, lanak eta ibilbideak. Hark utzitako hutsunea bete egin beharko da, horixe baita harengandik jaso genuen erantzukizuna. Horixe nahi zuen berak eta horri egingo diogu men Euskaltzaindian, jakinik, hori bai, erantzukizun horrek guztioi ekarriko digula euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna.

Search