Jondoni Joane eta udaburua
Jondoni Joanetan, udako solstizioaren banatzailean gaude bete-betean. 21-22an betetzen bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, Jondoni Joaneren gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Euskal tradizio zaharretan esaten denez, San Joanetan edo Jondoni Joanetan, eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean esanda, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du.
Gure arbaso zaharren kosmogonian urtea bitan banatzen zuten, alde batetik uda eta bestaldetik negua. Urtea bere izenak esaten digun bezala (ur + te) ur edo eurien kopura eta maiztasuna banatzeko denboraldi luze eta errepikakorra zen, hau da, eurien zikloa.
1.- Urtearen antolaketa eta udaburua
Uda eta neguaren arteko banatzaileak solstizioak eta ekinozioak ziren. Abenduaren 21-22an, neguko solstizioarekin batera, negua hasten da eta martxoaren 21ean, udaberriko ekinozioarekin, bukatzen da. Neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldiari euskaldunok negua, inauteria edo hartzaroa (1) deitu diogu, garai horretan amalurra lotan baitago, eta gure mendietako hartza neguloan edo hibernazioan, baina udaberriko ekinozioa iristean, hartzarekin batera, amalurra esnatuko da, indarrik gabe izen den Eki edo Eguzki (euskaldunontzat bizitzaren jainkosa) berpiztuko da, uztak azalduko dira eta gizakiaren bizimodua lur azalean izanen da, aisagoa, errazagoa, neguko leize-zuloen babesa, behin behinekoz baztertuta.
Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte uda izanen da. Halaber, uda edo udara hiru zatitan banatzen da: udaberria, udagoiena eta udazkena. Udaberriko ekinozioa den martxoaren 21etik udako solstizioa den ekaineko 21a arte udaberria daukagu, ekainaren 21etik udazkeneko ekinozioa den irailaren 22a arte udagoiena, eta irailaren 22tik neguko solstizioa den abenduaren 21a arte udazkena. Abenduaren 21ean uda bukatzen da gure arbasoen kosmogonia zaharrean eta berriro, negua hasten da; eta horrela betidanik eta betirako etengabeko ziklo natural batean sarturik.
Jondoni Joanetan, udako solstizioaren banatzailean gaude bete-betean. 21-22an betetzen bada ere, europar tradizio zaharrak 23ko gauarekin, hau da, Jondoni Joaneren gauarekin, lotu du oso garai zaharretatik. Euskal tradizio zaharretan esaten denez, San Joanetan edo Jondoni Joanetan, eguzkiak ortziko edo zeruko goia jotzen omen du, edo beste modu batean esanda, euskaldunontzat bizitzaren jainkosa den Ekik osotasuna sinbolizatzen duen Ortzi dibinitatearen teilatu gaina ukitzen du. Zenbait adituren ustez, ekaina hilabetearen izenak horren berri garbia emanen liguke: Ekaina = Eki + gaina, hau da, Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentu edo tenorea.
2.- Gaua eta sua Jondoni Joaneren bezperan
Euskaldunon kosmogonia zaharrean beste kosmogonia naturalista-animistetan gertatu den bezalaxe, oinarrizko lau elementuak diren ura, sua, lurra eta haizearen berri ematen digun sinbologiak eremu handia hartu du.
Oroit dezagun urtea bitan banatzen dela: negua eta uda. Negua hotzarekin, ilunarekin, loarekin eta euskaldunontzat heriotzaren jainkosa zen Ilargi edo Ilazkirekin lotua zen; eta uda berriz, beroarekin, argiarekin, uztekin, ernaltzearekin eta euskaldunontzat bizitzaren jainkosa zen Eki edo Eguzkirekin lotuta.
Solstizioetan eta ekinozioetan, hau da, sasoi batetik bestera pasatzeko egunetan, gure arbasoek oinarrizko sinbologian azaltzen diren lau elementu horietaz baliatzen ziren, uraz eta suaz, gehienbat, zenbait errito magikoren bidez sasoi batetik besterako bideak bedeinkatzeko eta errazteko. Jondoni Joaneren inguruko egunek udaberritik udagoienerako (2) pausoa ahalbideratzen dute,edo beste modu batean esanda, Eguzki-begi gorenaren garaira doan bidea prestatzen digute. Normala da, beraz, suaz baliatzea biziaren momenturik gorienak adierazteko. Baina ez dezagun ahantz, negua Olentzeroren inguruan, hau da, neguko solstizioaren inguruan, Olentzero enborra piztuz hasten zela Euskal Herriko bazter aunitzetan. Sua erabiltzen da neguko solstiziorako eta baita udako solstiziorako ere.
Sua garbitzailea da, eta horixe da bere esanahirik zabalduena. Suak amaiera ematen dio garai bati eta hasiera beste berri bati, eta horretarako aurreko garaian eduki ditugun oztopoak, ezbeharrak, etsaiak eta abar errez, errazago eginen zaigu garai berri zoriontsuago batera igarotzea. Gogora ekar dezagun horretarako herri askotan erabiltzen den azti-hitz jokoa: “Jondoni Joane, nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre!
3.- Jondoni Joaneren gaueko hainbat sineste
Gipuzkoako Anoeta herrian, San Joan hirugarrenean, hau da, ekainaren 23an, arratsaldeko laurak aldera, oilasko jokoa izaten zen herriko plazan. Jokoaren ondoren aurreskua dantzatzen zuten.
Donostian, Gipuzkoako herri gehienetan bezala, herriko plazan lizar handi bat jartzen dute eta San Joan gauean, herriko agintariek aurreskua dantzatzen dute zuhaitzaren aurrean. Ondoren, belarrez eta zuhaitz-adaxkez egindako metari su ematen diote, eta plazan bildutakoek dantza egiten dute su-metaren inguruan hasieran eta gero jauzika aritzen dira suaren gainetik. Nafarroako Arraiotzen, San Joan bezperan, elorri zuriaren adarrak mozten dira eta San Joan-lore (3), intxaur hosto eta iratzezko sorta bat osatu. Festa eguneko mezan bedeinkatzen dira sorta horiek eta ganbaran lehortu. Ekaitza lehertzean, sorta horietako lore eskukada batzuk botatzen dira sutara, eta kandela bat pizten, eguraldia hobetu arte horrela edukitzen dena.
Gipuzkoako Elduaien herrian, oraindik bizirik da oso goiz irteteko ohitura San Joan goizean lizar edo gorosti bila, etxe atariko bi aldeetan jartzeko. Euskal Herriko bazter askotan errepikatzen da errito hau. Egun batzuen buruan, eta lehorrak daudenean, adarrak kentzen dira. Horrela etxea babesturik dago ekaitzetatik.
Gipuzkoako Oiartzunen Euskal Herriko edozein herritan bezalaxe, San Joan Gauaren indar magikoaz sinesten dute. Horrela frogatzen du lasto sortak erretzeko duten ohiturak. Horrek soroetako etsaien erreketa eragingo zuela espero baitzuten. “Gure soloan lapurrik ez. Badaude, erre bitez. Apoak, sugeak erre eta peste txarrak erre, erre!”
Lapurdiko Sara herrian, bidegurutze batean egiten dute sua bezperan. Suaren inguruan ibiltzen dira bertakoak arrosarioa errezatzen, eta horrekin eguzkiari bere urteroko ibilbidean laguntzen diotela uste dute.
Azkaine herrian, gauerdia iristean, sua pizten da herriko plazan eta herriko dantzariek mutxikoak dantzatzen dituzte bere inguruan. Ondoren, bilduta dauden guztiak soka-dantzan ibiltzen dira suaren inguruan jira-biraka, eta geroxeago jauzika suaren gainetik su-meta itzali arte.
Lapurdiko Uztaritzen eta Nafarroako Beintza-Labaienen, herriko gazteak su-metaren inguruan dantzan eta jauzika ibiltzen dira. Esaten dutenez, suak gaitz guztiak garbitzen omen ditu, baita larruko sarna ere. Hori dela eta, Uztaritzen Xarnafera! oihukatzen dute, behin eta berriro, eta Beintza-Labaienen honako hau: “Sarna fuera, gaixtuk kanpora! Onak barrenera!”
Zuberoan, mendietan piztutako su-meten inguruan biltzen dira, eta gau-pasa ederra egiten dute dantzan, kantan eta jauzika. Azkeneko urteetan, Mixel Etxekoparrek sortutako dantza egiteari ekiten diote. Jondane Johañe (4) Dantza izena du eta hauxe dio: 1.- Urteak jin (5) eta bihikatzen bata bestearen ordari, ihautez piztürik sü berria eki begia beilari. // 2.- Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen bizi-emaile. Argizagia (6) eta ekia zure bi haürren sortzaile. // 3.- Goren-gorenik gure izarra xuri gorri argizale. Ekia gaü egünen egile zü denboraren jakile. // 4.- Beherapenaren aldia da gora dagon güziari. Üngürü-üngürü urtaroak egünak sor dü gaüari.
Eta lau koblen artean, behin eta berriro, errepikatzen duten leloa: Ezker negüa, esküin argia, jaüzi aitzina dantzari. Doblez ützüli esküak ützi,
pikaz üngürü süari.
Adibide hauetan garbi ikusten den bezala, antzeko erritualak dira gure geografiaren luze-zabalean, hau da, gure zazpi herrialdeetan, errepikatzen direnak.
4.- Jondoni Joaneren gau magikoan egiten direnak
San Joan edo Jondoni Joaneren gauean, onena da gure etxetik hurbilen pizten den su-metara hurbiltzea, eta ahal izanez gero, bere inguruan, bertan bilduta dauden beste guztiekin batera dantzatzea, eta ausartuz gero, jauziren bat egitea suaren gainetik, suak eraman ditzan berekin, urtean gertatu zaizkigun gauza txar guztiak eta gure etsaiengandik libra gaitzan. To sua, zaharra eraman zan! eta berria ekar ezan!
Bestalde, ez dugu ahantzi behar gure ateburuetan edota ate nagusiaren bi aldeetan, lizar aldaxka bana jartzen, euskaldunon zuhaitz magikoak gure etxea eta bertan bizi garen guztiok babes gaitzan. Izan bedi ekibegia (7) gurekin Jondoni Joaneren gau magikoan, euskaldunon akelarre handian!
---------------------------
Oharrak:
Hartzaro: Lapurdiko Uztaritzen inauteriari ematen dioten izena.
Udagoien: Uda.
San Joan-lore: Udaberrian loratzen den lehena, hori kolorekoa. Done Josepe lilia.
Jondane Johañe: San Joan, Jondoni Joane… zubereraz.
Jin: Etorri.
Argizagi: Ilargia zubereraz.
Ekibegi: Eguzkiaren begia.