Patxi Zabaleta
Aralarko Koordinatzaile Nagusia

Julen Madariagaren lekukotasuna

Julen Madariagak laster batean argitaratuko du bere biografia politikoa; ‘Egiari Zor’ daraman liburua. Lekukotasun liburua izanen da, testigantza liburu bat alegia.

Inoiz baino gehiago beharrezkoa zaigu orain horrelako liburu bat; hain zuzen ere, Julenen lekukotasunak balio erantsia daukalako Estaduaren ‘kausa orokorreko’ leloari erantzuteko. Julen Madariaga ETAko sortzaileak izan ziren taldeko kidea da, erakundearen unerik larrienetan protagonista garrantzitsua izan zelako, adibidez V. eta VI. asanbladetako hausturakoan eta abar.

Julen Madariaga Aralar alderdiko erkide dabe sortu zenetik beretik, orain dela 15 urte. Alderdi honetatik errepikatu du behin eta berriro mezu tinko bezain indartsu baten deiadarra; zera alegia, ETA arrazoi soilik politikoengatik sortu zen eta arrazoi soilik soilik politikoengatik eten behar du. Hortxe dago bere mezua eta horixe da bere lekukotasunaren sakontasuna.

2011-X-10an ETA erakundeak borroka armatuaren behin betiko uztea jakinarazi zuenetik bi urte eta erdi luze igaro dira. Erakundeak aldebakartasunez iragarri zuen bere erabakia. Inolako ordainik edo prezio politikorik gabe; inolako lorpen edo trukerik gabe. Euskal Herriari, abertzalegoari, euskal gizartearen etorkizunari eta batez ere euskal duintasunari horrela komeni zaigu. Bide politiko eta demokratikotik irabazi behar eta nahi ditugu gure xedeak eta helburuak.

Baina orain 2014ko erdialde honetan Espaiñiako Estaduak ‘kausa orokorra’ irekita baleuka bezala jokatzea erabaki du. Bere xedea da ETAren izaera eta historia eta bukaera gaizkileen mailakoa bezala irudikatzea, terrorismo eta indarkeria hutsean mugatzea eta politika mailako inolako arrazoirik, argudiorik edo xederik ez aitortzea ETAri. Duela bi urte eta erdi arte ‘kausa orokoarrak’ bere geziak eta erasoak bakearen ordaina edo prezio politikoaren aurka jaurtikitzen zituen; orain ETAren izaera politikoaren aurka jotzen dute su eta gar. Hori da lehiatu behar duguna.

Izan ere, egia bestelakoa da. Egiak erakusten duenez ETA fenomeno politikoa izan da, nahiz eta bere ekintzak maiz ankerkeria eta nozimendua eragin duten. ETAkideak ez dira mertzenarioak izan, baizik eta irizpide, xede eta borondate politikoengatik borrokatu dutenak, nahiz eta beren borrokak samina eta nozimendua eragin duen.

Bakeari, biktimen duintasun politikoari eta etorkizuneko elkarbizitzari berari beharrezkoa zaio ETAren izaera politikoa aitortua izan dadin. Aitortza horrek eta soilik horrek ematen baitie maila politikoa eta ondorioz erreferentzia ikurra biktimei. Egia da aldi berean aitortza horixe dela biktima guztiak berdinak direla frogatzen duena. Horregatik dauka hainbesteko garrantzia eztabaida honek.

Frankismoak ‘Causa General’ deitutako egitasmoa 1940an sortu eta 30 urtez garatu zuen. Asmatzaileak Frankismoaren egiturako eraikilerik azkarrenak izan ziren, Esteban Bilbao eta Aunós, errejimen hain injusto hartako ‘justicia’ ministro ohiak alegia. ‘Causa General’ zelakoaren xedea errejimena argudioz eta zilegitasunez ornitzea zen eta transitzioa deitutako aroak ez zuen  ez arbuiatu, ez aztertu eta ezta arakatu ere; horretan ikusten da, beste hainbeste arlotan bezala, transizioaren axalkeria.

Hemen eta orain, borroka armatuko etenaren bi urte eta erdira gauden honetan, elkarbizitzako lehia ideologiko nagusia zera bilakatu da, ea ETAren borrokak izaera politikorik bazeukan ala ez. Barkamena eta damua ardatz bezala jartzeak eta elkarbizitzaren oinarrian (gezurrezko) lau sentsibilitate nagusien adostasunetan oinarritzea bilatzeak izaera politiko hori ukatzen du. Beraz, ez dago jeltzaileen laguntza itxaroterik lehia ‘Kausa Orokoarraren’ lehian, Gernikako Akordioaren arriskuen busti ez zen bezalaxe.

Gauza bat da borroka armatuaren erabilera ez justifikatzea edo ez onartzea edo/eta lorpen eta aurrerapen politikoak soilik bide politikoetatik eskuratu behar direla uste izatea eta beste gauza oso ezberdina da ETA erakundearen edo ETAkideen jatorri, xede eta izaera politikoa ukatzea.

Euskal Herria eta euskal politikariak –oro har- politikaren zilegitasunetik mintzatu zaizkio ETAri 50 urte luzez. Zergatik orain izaera politikoa ukatu? Euskal gizarteari eta etorkizuneko elkarbizitza zintzoari premia-premiazkoa zaie aniztasuneko eta ezberdintasunezko elkarren onarpenera bilakaera politikoa ibiltzea. Nolatan onartu orain biktimen irudikapena Frankismoko ‘caidoen’ antzera egitea, ‘Causa Generalak’ hala iradokita?

Lehia ideologiko nagusi hau irabazteko argudio arras tinko eta indartsuak daude; besteak beste, politiko presoen –edo preso politikoen- eta makro-epaiketa politikoen izate ukaezina. Ba ote da munduan Otegi edo Bateragunekoak baino preso politiko petoagorik? Argudio eta mezu hauen izaera maila azpimarratzeko iradoki dugu hainbestetan ETAk erakunde zibila bilakatu beharko lukeela.

Betiere Julen Madariagaren lekukotasuna berezia eta enblematikoa da. ETAren sorrera, jarduera eta bukaerako xedeak, izaerak eta atxikimenduak soilik politikoak izan zirela frogatzeko ez dago Julen Madariagarena baino testigantza ezin erantzunagorik. Julen Madariaga, Txillardegi eta gure lagun eta kide izan ditugun hainbeste eta hainbestek mezu horixe erakarri diote euskal gizarteari, lehen aipatutako Julenen esaldiaren ildotik.

Aralar alderdiak omenaldia eskaini zion Julen Madariagari, bertan ginelarik Ezker Abertzaleko alderdi guztiak. Artikulu honetakoak izan ziren orduan jaulkitako adierazpenak. Orain Julen Madariagaren lekukotasunezko liburuaren zai gaude: ‘Egiari zor’.

Search