Josu Imanol Unanue Astoreka

Kaiku urdina eta ile mozketa!

Hauteskunde aurreko kanpainan entzundakoak ez nau lasaitzen; badirudi orain arteko maila bera erakutsiko dela hauteskundeetan eta, gainera, ezer gutxi eskainiko dutela agintean daudenek, PNVkoek zein PSOEkoek. Bueno, orain apur bat harago ere joan dira Aranzadi elkartearen lana kakazten.

Eta esandako moduan agertu zaigu PNVko mitineroa, bera burusoila gainera, gure ile mozketa ereduari buruz berbetan... «cortado con motosierra» esanez, eta gero, Erkidegoko Balenziaga berriaren itxura hartuta, kaiku urdina jartzeko eskatuz bere jarraitzaileei. Hauek, gora etorrita eta inongo gupida barik, barrezka lehertu ziren, guztia Aberri Egun handi batean, eta non gutxienez zerbait erakutsi behar zen, urteko gorabeherak, proiektuak.. baina ezer ez!

Aberri Egunean eta Bilboko Plaza Barrian, hauteskunde batzuen aurrean, ezer gutxi azaldu zen Osakidetzaren egoerari edota Etxebizitza Legeari buruz, gure erabakitzeko eskumenei buruz, AHTko gehikeriei buruz, Zaldibarren eta zaborren kudeaketa okerrarekin gertatutakoa aipatu be ez, gutxiago Aldaketa klimatikoari edo muturreko pobreziari lotutakoez, bazterketa edota pentsiodun askoren egoerari buruz... Dena zen barre erraza atera eta eroso sentitzea, inolako konpromiso barik... Gero txikiteoa eta zorioneko bazkaria, ziurrenik aurretiaz bedeinkatua.

Eta zaleak ohiko moduan, gora eta gora Euzkadi! Ia 5.000 lagun entzule-mutu-gor Plaza Barrian... EITBkoek esana... inork ba al daki zein Plaza Berriaz berbetan ari ziren? Bilbokoan 5.000 lagun kabitzen dira? Nire lagun batek esan zidan, ia Alderdi Eguneko argazkietan esaten dutenean 100.000 lagunetik gora daudela, ba neurketa antzeko izanda, gutxienez horrenbeste Bilbo handian. Hausnarketa ona!

Baina hauteskunde atarian, ezer gutxi aldatu dute. Zertarako? Zaleak barre erraza izanik, ez da askorik behar betikoak alaitzeko. Nire galdera da, herritar gehienok ere maila hori merezi izango dugun ala ez. Badirudi turismo ereduak itoten gaituela eta mahai gainean dagoela eztabaida, gazteei eta ez hain gazteei kaltetzen digula langabeziak edo lan egoerak eta asko kanpora doazela lanera, eta gainera ez bueltatzeko. Erronka demografikoak dauzkagu, garapen ereduak azkar aldatzen doaz, hezkuntzan kristoren lurrikara dago, ez dakigu zer gertuko den gaixo kronikoekin, zer LGTBIQ+koekin, zahartzen goazen heinean eta zaintza eredu zaharkituekin, zer gertatuko den euskararekin eta euskaldunokin, zer gure lurraldetasunarekin, zer ari den pasatzen ustelkeria kasu guztiekin... eta, Ortuzar jauna, ez dira gutxi, eta oraindino motozerraz ebakitako ileak eta kaiku urdinak aipatzen? Herritarrak engainatzen esanez etxebizitzaren eskubideak urratzen direla, etxebizitzaren legea onartuta? Eta barre? Uste dugu herri honek merezi dituela txiste errazak eta ganorabako berbak?

Herri honek badu heldutasun nahikoa barre egiteko, baina baita serio tratatua izateko ere, merezi dugulako ustelkeria kasu guztiak argitzea;  eta komunikabideetan ere adierazpen askatasuna aldarrikatu dugunok ezin dugu manipulazioa ikusi. Gerrari ezetz eta NATOri ezetz esan dugunok eta erabaki, ezin dugu isilik egon gerra «kapitalisten» aurrean; norbaitek azaldu behar luke enpresa handiak zergatik aberasten diren gure kontura eta inongo kontrolik gabe, eta gero enpresaburuak euren artean banatzen dituzten irabaziak, norbaitek azaldu behar luke zer gertatzen ari den enpresa txikiekin, edota 1. sektorea gainbehera egoteko, zer gertatzen den AHT izateko lehentasuna gure herri txikian eta hainbeste milioi euro bideratzeko etorkizun bako proiektura, etab. Esaldi batean esanda, ze nazio iraiki nahi dugun. Hori lantzea izan behar lukegure erronka nagusia.

Ez dakit, nik be kaiku urdina jarrita eta daukadan ile apurra tindatuta joan beharko dudan eurekin ganorabako gauzak entzutera eta ondo pasatzera, baina, gutxienez nire betiko aldarrikapen gutxi batzuk beteak ez diren arte, ondo dakit zein den nire lekua eta nire jendea. Gaur be astelehena eta gure herriko Goiko Plazan duintasunez beteriko pertsonekin gustura sentitu naiz; ezer ez berririk, gu geurera!

Herri honek merezi ditu proiektu ausartak eta etorkizuna lantzea, erronka gogorrak daudelako aurrean, berdin da zein den gure jantzia eta ile mozketa... Hori gure erkidegoko modisto eta ile apaintzaileentzat utziko dugu.

Search