Eihar Egaña
BiziLagunEkin turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataformako kidea

Kruzeroak ere ongi etorri?

Bartzelona edo Veneziakoaren pareko arazorik ez dugunez, ez dezagun itxaron gertatu arte.

Joan den uztailaren 4an “Sea Dream I” luxuzko kruzeroak Kontxako Badiaren sarreran geldialdia egitea albiste izan da. Hainbat argazkitan ikusi ahal izan dugu donostiarrok kruzeroa eta bertatik gure kaira turistak eramateko «taxi» deitutako txalupak. Baina gertaera ez da berria eta, are gutxiago, gure inguruko bi portu nagusiak (Pasaia eta Bilbo) kontuan hartzen baditugu. Zenbait komunikabidek kruzero horien bozgorailu eta publizista papera hartzen dute, informazio interesatua emanez: tripulazioari elkarrizketak, publierreportajeak... Kruzeroak jasotzea albiste pozgarria eta onuragarria balitz bezala kontatzen digute. Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak bere turismo planean kruzeroei buruzko ekimenak txertatu zituen. Bere ezaugarri fisikoek suposatzen dituzten zailtasunen gainetik, Pasaiako portua kruzeroen ibilbidean sartzeko ahalegina etengabea izan zen: Santiago bidea itsasoz, kruzero txikien bitartez, egiteko proposamena, besteak beste.

Transport & Environment Europan mugikortasun jasangarriaren aldeko kanpainaren arabera, milioi bat kotxek bezala kutsatzen du horrelako itsasontzi batek. Sarri esan izan da kruzeroa ur gaineko herri bat dela; kontuan izan behar da sortzen duen zaborra eta poluzioa ez dela «herri» horretan geratzen, itsasoan, airean eta bisitatzen dituen lurraldeetan baizik. Turismo extraktiboaren forma adierazgarrienetako baten aurrean gaude. Kruzeroen bidez, promotore turistikoek lurraldeen ondare eta baliabide natural, kultural eta sozialak erabiltzen dituzte beren negoziorako eta lurralde horretan kaltea soilik uzten dute.

Turistifikazioaren aurrean aurkitzen diren Europa Hegoaldeko hirien SET sarean badira kruzeroen arazoa Donostialdeak eta euskal kostaldeak baino askoz eragin kaltegarri handiagoz jasaten duten hiri eta lurraldeak. Joan den irailean Lisboan egindako topaketa batzuetan, besteak beste, Lisboa, Bartzelona, Venezia eta Donostiako kideak elkartu ginen. Egun horietan esnatu eta bi kruzero erraldoi ikusten genituen parez pare. Kideek kruzeroen eraginak xehetasunez aletzeko aitzakia izan zen. Bartzelonan eta Venezian turistifikazioaren elementu nabarmen eta kaltegarrienetako bat bezala identifikatua daukate, horren erakusgarri “Stop Grandi Navi” eta “Stop Creuers” kanpainak. Bartzelonara egunero bost bat kruzero erraldoi iristen dira, tartean, Europako kruzerorik handienak (10.000 pertsona). Bidaiariei normalean otorduak eta zerbitzu gehienak itsasontzian bertan eskaintzen zaizkie eta hirian ematen duten denboran arrapaladan gune eta monumentu adierazgarrienak bisitatzen dituzte. Veneziako kideen esanetan, egunero bisitariekin biztanleak hirukoizten dituen hirian, San Marco plaza inguruan ohikoa omen da turistak gehiegizko turista kopuruaz kexatzen entzutea; horietako milaka kruzeroz heldutakoak dira. Azken hilabeteetan, gainera, bi istripu albiste izan dira Venezian, kruzeroekiko kontrakotasuna mahai gainean jarriz.

Gure lurraldeetako gobernariak behin eta berriro agertzen dira kalitatezko turismo jasangarriaren alde. Hitz potolo hauek kruzeroen kasuan erabiltzea guztiz okerra da. Lehen aipatu bezala, kruzeroak turismo forma kutsatzaile eta extraktiboa dira. Venezia, Bartzelona, Lisboa eta Kanaria uharteekin alderatuta, Donostiara heltzen zaizkigun itsasontziak txikiak dira eta bidaiari gutxi dituzte. Kalitatezkoak direla esango luke zenbaitek, “Sea Dreams I”-a bezalako luxuzko bidaiak ordaintzen dituzten turista aberatsak direlako. Jasangarritasun sozialaren aldetik kontuan izan behar da honelakoek inpaktu handia izan dezaketela gure hirian. Bertako biztanleriak baino errenta altuagoko bisitariak hirira etortzean donostiarrontzat aberastasuna sortzen dela dioen mitoaren aurka, errealitatea erakusten ari zaigu kontsumo prezioen igoera eta zenbait guneren esklusibizazioa eragiten dutela.

Bizilagunekin plataformatik hamasei proposamen aurkeztu ditugu udaberri honetan desazkunde turistikorantz iparrorratza jarrita. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak Donostiako herritarroi sortzen dizkigun kalteak askotarikoak dira eta gero eta zailago egiten zaie ezkutatzea: etxebizitzaren prezioa, hiri-espazioaren okupazioa, kulturaren merkantilizazioa, gune naturalak arriskuan jartzea, lanpostu prekarioen ugaltzea, gertuko merkataritzaren itotzea... Dagoeneko ez da onargarria turismoaren hazkundea ospatu eta albiste pozgarri bezala kontatzea. “Deshazkunde turistikorantz” proposamenak bertan bizi garen eta bertan bizi nahi dugunon ikuspegitik egiten ditugu; gure bizi-baldintzak eta gure hirian bizi ahal izatea arriskuan ikusteak eraman gaitu honetara.

Garraioei dagokienez, lurraldeko mugikortasuna bertakoen beharren arabera diseinatu eta antolatu beharra aldarrikatzen dugu. Era berean, beharrezkoak ez diren azpiegitura handien eraikuntzaren kontra azaltzen gara (portu erraldoiak, metroaren pasantea...). Hazkundea ez diren alternatibak probatzeko unea heldu da, gutxi batzuek irabazi eta gehiengo batek galdu egiten duen joko honetaz nazkatuta. Gainera, gaur egun hainbeste orokortu den hipermugikortasunaren inguruan gizarte bezala egin beharreko hausnarketa bat zor diogu gure buruari. Egun hauetan Bartzelonan egiten ari diren Stay Grounded topaketan, aireportuen handitze eta biderkatzearen aurkako hamarka aktibista horretan jardungo dira, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, argi ikusten dugu kruzeroak ez direla ez beharrezkoak ez onuragarriak gure inguruko portuetan. Bartzelona edo Veneziakoaren pareko arazorik ez dugunez, ez dezagun itxaron gertatu arte. Herritarrok mugak jartzen ez baditugu, etekin gose aseezina eta itsukeria larria dutenen artean atzerarakorik ez duen egoerara eraman gaitzakete. Donostian antolatzen ari gara, baina asko da egiteke dagoena. Pasaian ere badituzte kezkarako arrazoiak, badiaren berpizte ekonomikoaren irtenbide gisa turismoa eta kruzeroak proposatzen dituztenekin. Turistez gain, guregana kalte ekologiko eta sozialak ekartzen dituzten ontzi hauei ere ongi etorri esan behar diegula? Bai zera!

Search