Aster Navas

«Me gusta la fruta»

Gelan aditza azaltzen hasten naizenetan, ikusarazten saiatzen naiz nire ikasleoi berba horietako bakoitza orfebreria, urregintzako pieza delikatu bat dela. Hain azkar eta pentsatzeke ahoskatzen dugu –«Me gusta la fruta»– non ez baitugu astirik haien engranaje finei erreparatzeko, haien lexemei; haien moduak, pertsonak, haien izaera erreala edo irreala zehazten duten monemei. Ez dakit gogoeta ironiko honek zein neurritan izango duen islaren bat neska-mutil horiengan, hain berehalakoan eta azaletik hitz egiten den bizi garen mundua ikusita; diskurtso orekatu baterako lekurik ez dagoen garai honetan. Hitza ez da –aspalditik– jada lanabesa bat bezala erabiltzen, baizik eta labana baten moduan. Tresna onenetarikoren bat estilete bihurtu da kalean, giza sareetan; Kongresuan bertan.

Hainbeste milaka urtek giza kodeak sortzeko, ahots-kordak bere neurrian dardararazten ikasteko, mihia eta hortzak fonema txistukari, herskari bat sortzeko moduan jartzeko, ez omen dute ezertarako balio izan. Ez dugu ezpainen artean duguna baloratzen eta burura datorkigun –«me gusta la fruta»– lehenengoa botatzen, oka egiten dugu. Hitza bere balioa galduz doa eta publikoki eta azpikeriaz, hori da txarrena, elkar ulertzeko erabili beharrean, nahasteko, manipulatzeko, zirikatzeko –«tic patológico»– erabiltzen dela.

Bide luzea dago –esaten diet– oihutik arbelean idatzi ditugun –«volveríamos», «maitemindu nintzen»– hitzetaraino. Azken egun hauetan atzerantzko ibilaldia, presaka eta korrika, egiten ari gara: erreminta bikain hauen ordez, marraskak, bultzadak, adreiluak, harriak, kontenedoreak, botilak, petardoak, misilak, kea, sua.

Hitzak erremintak izan beharko lirateke. Pixkanaka pixkanaka osatzen dugun erreminta kutxa dugu hizkuntza. Beharren arabera, tresna horien artean «bahituria», «Franja» edo «sarraskia» aukeratuko ditugu, mekanikari trebe batek Allen giltza zehatza hartzen duen ziurtasunaz.

Baina, Wittgenstein zioenez, badaude ezinbestekoena baino ez duten kutxek. Beraien jabeek beti eta edozertarako mailuaz edo alikateaz baliatzen dira, hiztun mugatu, baldar batek «gauza», «chisme», «piquito» edo «me gusta la fruta» ahoskatzen dituen doitasun eza edo ganorakobetasun berberaz. Beste batzuk, aldiz, mediku maletinak ematen dute (amnistia, aurreiritzi, otzan, elocuente, zirrikitu, uharri, gelditu, Milei, incertidumbre) eta beraien jabeek kirurgialari adituaren zehaztasunaz berbaldian dagokien gune aproposenean kokatzen dituzte.

Kutxa gehiengoak bete barik, eratu barik daude eta ez dira inoiz guztiz biribilduko. Honi, «murgildu» eta «acantilado» faltako zaizkio; beste horri «sustraia», «cómplice», «halandaze», «heterodoxo», «ikamika» eta «cerval». Honetan leuntasuna –«mongola»– faltan botako dugu. Besteren batean ez daude, egon beharko liratekeen lekuan interjekziorik, madarikaziorik, arnegurik: hauexek bai nahitaezkoak direla behin baino gehiagotan baliabide horien bitartez gure haserre, poza edo sumindura albokoei azaleratzeko beharra sentituko dugulako. Gabezi horrek baldintzatuko gintuzke ikaragarri.

Eta ez, kit osoa izatea ere ez litzateke nahikoa izango. Jakin behar dugu bilduma hori kudeatzen: ezin dira zizailaz, juramentu batez, egoera delikatuak konpondu ezta gordinak lausengatuz. Testuinguruari eta –oroz gainetik– gure bihotzari entzun beharko diogu. Laburbilduz: ez genuke, printzipioz, esango «Me gusta la fruta» boteprontoan; nahiz eta gustokoa izan. Hiztuna zentzuduna, konpetentea eta, batez ere, ondradua izan behar da eta dietan, fruituaz gain, beste elikagai batzuk sartu beharko genituzke.

Hizkuntzetako irakasleok erronka zoragarria bezain zaila dugu aurretik: gure ikasleoi falta zaizkion lanabesak helaraztea. Haiek barik malder egongo dira eta. Guztiz.

Search