Medikuaren barkamena
Barkamena eskatzeko moda ezarri da Euskal Herrian. Derrigorrez esango nuke. Horren inguruko eztabaidak eta mahai-inguruak non nahi ikusten ditugu. Egiak hortzak nola gezurrak letagin luzeak ditu, eta gaiak luze joko duen arren, ezin luzamendutan ibili.
Teologoen ustez barkamena erlijioari lotuta dago, eta gizarte laiko batean ez dauka lekurik. Norberaren arazoa litzateke, ez kolektiboa. Beste askorentzat barkamenaren ideia unibertsala da, kultura guztietan agertzen delarik, eta elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko oinarri edo abiapuntua litzateke gatazkak edo liskarrak daudenean. Antropologoentzat erro sendoak omen ditu barkamenak, eta neuronarik ezean geneetan sartuta omen daukagu. Tximinoen arteko portaeretan adibidez, barkamena ohikoa da taldearen kohesioari eusteko.
Asaba zaharren oihana alde batera utziz, egungo gizartera abiatuko naiz, barkamenaren bide dirdaitsu eta bihurriari jarraituz. Barkamena eskatzeko damua adierazi behar da nahitaez, egindakoagatik damutu alegia. Eragindako kalte eta nahigabeak aitortuz kaltetuari erreparazioa bilatu nolabait. Kaltearen sendabidea asmatzen saiatu, guztion osasunerako.
Azken urteotan ezker abertzaleari bereziki zera eskatzen zaio: barkamenaren zubia igaroz oinarri etikoetatik demokrazia garbiaren zerura igotzea, gorenera. Gogoa zubi, eta bidea egiten hasi dira, zubiak eraikitzen erromesaldian. Oroimenaren Egunean esaterako, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohiak biktima guztiei barkamena eskatu zien. Atsekabea azaldu zuen alde batetik, biktima guztiek jasan duten sufrimenduagatik, eta bestetik autokritika egin zuen (medikua dela igartzen zaio), agintariek ez omen dutelako neurria ematen jakin biktimen aurrean. Aurrerantzean, pertsona guztien eskubideetan oinarritu behar da elkarbizitza. Bide luzea dugu aurrean, hodeien artetik, baina etorkizun oparoa, eguzkiz jantzia.
Duda-mudaz egon naiz, baina zuzen daude eta auzi laburra baino, bide goitar eta luzea hobe. Ni ere medikua banaiz, zuriz jantzitako aingerua, eta ez naiz ardi beltza izango. Indarrean dagoen modari jarraituz lumari eragin eta nik ere barkamena eskatuko dut, nire burua zuritze aldera. Barkamena noski, medikua naizen aldetik enpresa gorenean partaide izateagatik. Barkamena eskatzera noa beraz, nire izenean eta betidanik osasun arretak Euskal Herrian eragin duen atsekabe eta minagatik. Barkamena biktima guztiei.
Lehenik eta behin, barkatu mesedez osasun arreta gaztelera hutsean eskaintzeagatik, inori galdetu gabe, jendearen borondatea edo iritzia kontuan hartu gabe. Barkatu pazienteen hizkuntza eskubideak behin eta berriro urratzeagatik, legeak dioenari jaramonik egin gabe.
Barkatu zuen proba osagarri guztiak gaztelera hutsean eskaintzeagatik: ekografiak, odol eta gernu analisiak, erresonantzien edo eskanerren txostenak... den denak gazteleraz emateagatik, hainbat urtetan.
Barkatu estu eta larri, ikara batean etorri diren haur guztiei hizkuntza arrotzean hitz egiteagatik, horrela euren larritasuna areagotuz. Barkatu umeen barnetasun ahul eta hauskorra asaldatzeagatik.
Barkatu pazienteen segurtasuna kolokan jarri duten gaizki ulertuak. Larri zegoela esan zuen hurkoa behar ez zenean etxera bidaltzeagatik, bihotzekoak jota zegoela garaiz jakin izan ez dugulako, gazteleraz ez zekien eta. Bihotzerreaz etorri zena zaintza intensiboko unitatera bidaltzeagatik, gaixoa ulertu ezinik, sindrome koronario akutua zelakoan. Barkatu hizkuntza zailtasunak eragindako akats eta hankasartze guztiak, eta horien ondorioz gertatu diren ezbehar, alboko ondorio eta heriotzengatik. Goian begoz otzanak, ospitalean ez entzunak eta hilobian etzanak.
Barkatu zuen barrenean, intimitatean gazteleraz hitz egitera behartzeagatik. Zaila izaten da heriotzaren orduan, eritasunez eta oinazez zamatuta zaudenean aldarrikapenak egitea, behar den irmotasunarekin legezkoa dena eskatzea. Gaixotasunak berak emango dizu lan eta egiteko asko, baina euskaraz bizi eta hil nahi duzula adierazteko astirik eta aukerarik ez. Barkatu zuen seme alaben jaiotzan, beldurrez, herstura egoeran, beharrean, zuen hizkuntza ez hitz egiteagatik.
Barkatu bigarren mailako hiritarrak bezala artatzeagatik, menpekoak, ikusezinak, baztertuak eta ahaztuak izanagatik. Barkatu zuen gogobetetzea eta eskaerak ez betetzeagatik, zuen ilusioak eta ametsak zapuzteagatik, zuriz jantzita amets gaizto eta beltzak eragiteagatik. Barkatu euskararen hondamendian neure ekarpena egiteagatik. Izan ere euskararentzat, sarri gure minen eztigarri, osasun arreta erdaraz beti izan baita kaltegarri.
Ez daukazu zertan barkamena eskatu, esango dit baten batek, zuk pazienteak euskaraz artatzen dituzu eta. Baliteke, ez dut ukatuko, baina esan bezala barkamena eskatzeko moda ezarri da, eta denok egin behar. Gaixo euskaldunen eta euskaldun gaixoen aurrean neurria eman beharko dute agintariek eta kudeatzaileek, bihotzeko damua adierazi barkamena erdiesteko, gaur ez bada bihar, hauek ez badira beste batzuk.