Jose Luis Erdozia
Etxarri Aranatz

Merezi al dugu Iruña-Veleia?

Euskararen historiaren ikuspegitik horrelako garrantzia duen aurkikuntza baten benekotasuna argitzea berdin bazaigu, orduan, ez dugu merezi XXI. mendeko euskaldunok Iruña-Veleia.

Hamar bat urte luze, dagoeneko, grafito ditxosozkoak agertu zirenetik Gasteiz ondoan. Nolako «lanak» eman zituen aipatu agertzeak hasierako urteetan! Nolako poza euskaldunondako halako aurkikuntza «zazpigarren alabarenean» gertatu izanagatik! Zenbait teoria «zientifiko» eta interesatu, bat-batean pikutara joan zitekeela pentsatze hutsak eragindako poz ikaragarria! Baina, euskaldunon baratzean ezin luzaroan barazkirik baino ez izaterik, eta ia berehala hasi ziren bestelako belarrak ere hazten, ureztatze eta ongarri hoberenekin lagundurik. Eta horrela hartu zuen Iruña-Veleia aferak egunkarietako azaletan, ia gehienetan, bere tokia lehen urteetan eta euskaldun gehienok aho bete hortz geratu ginen. Gozokia ahoko zuloan dastatu bezain laster, pozoina zela gaztigatu ziguten zenbait erakundetatik (Arabako Aldundia, EHUko euskal filologíako eta historiako kide esanguratsuak…). Eta gainerako euskal erakunde guztiak mutu, isil, eguraldia hizpide, kasurik hoberenean ere!

Oinezko euskal herritar gehienak harri eta zur, ezin ulerturik grafitoen berri izan eta berehala, nola agertu ziren gertaera honen garrantzia azpimarratuz, komunikabide guztietan, geroxeago horiek faltsutako emanen zituzten «adituak». Hori al da aditu batek, edozein dela ere bere jakintza arloa, burutu beharreko ibilbide edo azterbide «zientifikoa»? Aurkikuntzaren emozioak itsutu, lau haizetara zabaldu, eta ondoren aurkikuntzaren subjektua aztertzeari ekin?

Emozioaren aitzakia izanen balitz, sikira, barkatzeko modukoa zatekeen eta «aditu» horiek izan beharko ziratekeen interesatuenak, haiek ez eta beste aditu objektibo edo inpartzial batzuen eskuetan uzteko aurkitutakoak, lehenbailehen aztertu eta haien iritzia emateko. Baina, ez! Hasierako «adituak» eta haien kideak hasi ziren grafitoak faltsuak zirelako arrazoiak plazaratzen. Eta bai arrazoi bitxiak eman ere, grafitoak faltsuak zirela ondorioztatzeko. Horietako batek "Eusko label" idatzita zuela esatea falta izan zitzaien. Arrazoi horiek eta ez beste batzuk baldin badira, behintzat, Iruña-Veleiako grafitoak faltsuak direla esateko, ez da dudarik aurkitu zituzten arkeologoek ez zutela inolako iruzurrik egin eta oso aurkikuntza garrantzitsu baten aurrean gaudela euskararen historiaren aldetik gutxienik. Hala erakutsi zuen 2011n Miguel Thomson ikerlari eta ebaluatzaile zientifiko madrildarrak.

Grafitoak faltsuak direla «aditu» horiek emandako arrazoi edo froga horietako batzuk baino ez ditut orain gogoratuko (guztiak ezagutu nahi dituenak, Thomson-en txostena irakur dezake euskararenjatorria.net web orrian), horiek baitziren afera jarraitu zuten oinezko euskaldun gehienek aipatzen zituztenak orduko hartan. Eta aditza iraganean erabili dut propio aurreko esaldian, ezen egun ematen du ez dela dagoeneko inoren kezka (Euskararen jatorria erakundekoak kanpo, jakina) Iruña-Veleiako afera.

"Descartes". XVII. mendeko filosofoaren izena irakurri zuten Iruña-Veleiako ostraka batean Joaquín Gorrochategui (EHUko katedraduna), Isabel Velázquez (Madrileko Unibertsitate Complutenseko Latin filologiako katedraduna), Pilar Ciprés (EHUko Antzinako historiako irakaslea) eta Santos Yanguas (EHUko Antzinako historiako katedraduna). Niscart da, Thomson-en arabera (inola ere ez Descartes behintzat), ostrakak idatzita ageri duen izena.
 "Deidre". Izen modernoa omen Gorrochategui, Ciprés, Santos Yanguas eta Julio Núñez-endako (EHUko Arkeologiako irakasle titularra) eta, horregatik, ezinezkoa III. mendean agertzea. Irlandako jatorrizko Deirdre baten bilakabidea dela diote. Thomson-ek frogatu zuen ohikoak direla behin bakarrik agertu diren inskripzio latinoak (ez zen, orduan, hori faltsutako hartzeko arrazoi edo aitzaki nahiko) eta, gainera, Deidre honen oso antzekoak diren izenak ere badirela inskripzio latinoetan, Dendre eta Dedre, esate baterako.

"Secuano". Oso harrigarria, ezinezkoa ez bada ere, Velázquez-endako eta Sequano beharko lukeela zioen.. Thomsonek ohikoa dela esaten du eta Sicuani, Secuanus eta Secuan inskripzioak erakutsi zituen.

"Ioshe", "Ieshu". Gorrochategui-k eta Velázquez-ek ezinezkoa dela tarteko /h/ hori agertzea /s/ baten ondoren. Thomson-ek ondorengoak erakusten ditu: Pascashsa Pascasa-ren ordez, Caeshia Caesia-gatik eta Proshodus Prosodus beharrean.

"Pather". Ezinezkoa /th/ taldea Velázquez, Ciprés eta Santos Yanguas-en arabera. Eta, atzera berriz Thomson-ek: virthus (15 aldiz), thurarius (10 aldiz), centhurio (3 aldiz), Catho (2 aldiz), Thullius (2 aldiz), mather, cesthula, Festhiva, Fausthinus, Patherio, Arthemisia, Arthemius, Arthemis edo Arthemon.

"Z". Ezinezkoa grekeratik kanpo XV. mendea arte gutxienik aipatu kontsonantea agertzea, ez balitz aipatu hizkuntzatik hartutako hitzak erabiltzerakoan, Gorrochategui eta Joseba Lakarraren arabera (EHUko Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna). Zer esan, orduan, Donemiliagako "izioqui dugu" edo "guec ajutu ez dugu" horiei buruz?

Eta horrela, bata bestearen atzetik, grafitoak faltsutako emateko «arrazoi» guztiak bertan behera utzirik Thomson-ek.

Gure Euskal Herri «santu» honetan, eliza jarraitzaileen kopurua jaisten ari den garaian, hain zuzen ere, «pontifizeak» sortu zaizkigu, eta gainerako euskaldunok, "Pontifex eta dogma" lemapean, berdin alderdi konfesionaletakoak, ez-konfesionaletakoak edo ateoak ere, «pontifizeen» esanetara edo, gutxienik, haien dogmak eztabaidatzeko asmo txikienik bera ere gabe, interesaturik, beldurturik, uzkurturik, akonplejaturik… isilpean amen esaten ari gatzaizkie pontifizeei.

Amen esan diete Euskal Herriko erakunde «ofizial» gehienek Iruña-Veleian agertutako ostrakak faltsutuak izan direla esan dutenei. Amen, orokorrean, hauei euskal egunkariek eta bereziki tematurik, grafitoak faltsuak direla erakutsi nahian, kazetariren bat ere. Amen euskal sindikatu eta alderdi politikoek. Amen ere bai esaten ari zaizkie euskara helburu duten hainbat eta hainbat erakundek. Eta amen interesatu berezia, azkenik, EHUk, ostraken afera sortu zenetik berak lortu baitu aztarnategia kudeatzeko ardura, honek dakarren ondorio guztiekin (ganbela, teoriak…).

Zergatik ez dakigu oraindik benetakoak edo faltsuak diren aipatu grafitoak? Nola da posible, azken boladan Euskal Herrian agertzen ari diren Paleolitos aroko aztarna arkeologikoak horren azkar datatu eta benekotako onartuak izatea eta behintzat hamar aldiz gutxiagoko antzinatasuna izan dezaketen ostrakak eta hauetako grafitoak aldiz ez? Zein da ezberdintasuna? Aztarna arkeologikoek ez dutela kolokan jartzen aurretiazko inolako teoriarik? Euskal hizkuntzalaritza «ofiziala» kolonizatua dagoela irakurtzen nuen lehengo batean eta, bistan da, hori pentsatzeko arrazoirik ez dela falta.

Eta, oinezko edo gainerako euskaldunok, zeren zain gaude? Akaso uste dugu grafitoak aurkitu zituzten arkeologoen aurkako epaiketan argituko digula faltsuak edo benetakoak diren epaileak?

Bizi dugun garai honen noraezaren paradigmatako har daiteke Iruña-Veleiaren kasua. Eta honen guztiaren ondorioa, euskaldunok, masa akritikoa bihurturik, bitartean, ez dakigula nora jo. Ez ahuntzetarako, ez arditarako!

Euskararen historiaren ikuspegitik horrelako garrantzia duen aurkikuntza baten benekotasuna argitzea berdin bazaigu, orduan, ez dugu merezi XXI. mendeko euskaldunok Iruña-Veleia. Ez da zalantzarik, ez zutela horrela jokatuko XX. mendeko euskaldunek, diktaduraren garaian, euskararen iraupenari norberaren txokoetan eutsi soilik ez eta honen gizarteratzeari ekin ziotenean hezkuntza mundura zabalduz bere erabilera klandestinitatean, esate baterako.

Search