Gontzal Mendibil
Abeslaria

«Neugan bizi gabe biziz»

Luis Baraiazarra karmeldar idazle, itzultzaile eta olerkariak, agur esan digu; ekarpen ederrak eman dizkio euskal kulturari, euskal iturrira ekarri izan ditu obra klasiko handiak, besteak beste, azken urteotan egindako Avilako Teresa eta san Joan Gurutzekoren lan guztien itzulpenak.

Karmel aldizkarian, euskal hitztegietan, olerkigintzan, bertsolaritzan eta lan ainitzetan, euskal kulturan goi mailan geratu izango den lan oparoa izan da berak egindakoa, benetan zor dioguna. Neronek ere berari diot zor san Joan Gurutzekoren poemak musikatzearena.

«Itzulpen lanak, tentu handiz hartu behar dira, hala zioen». Eta halaxe egin zuen, Avilako poeta handiaren olerki guztiak metrika, errima eta zentzu berean itzultzean, benetan meritua duen lan bikaina.

Jakin badakigu, orain urte batzu, Teresa Jesusen idazlan guztiak erderatik euskeratzeagatik sari potoloa eman ziotela Madrileko ministeritzatik, «Premio nacional de traducción» baina handik lasterrera, ministeritzatik bertatik deitu eta bertan behera utzi zioten.

«Padre Luis, queda anulado el premio concedido porque las bases del premio eran de lengua española a lengua extranjera, y como Ud.comprenderá, el euskera, no es lengua extranjera». Hala izan ziren gauzak, eman eta kendu, lotsagarria eta ulertu ezina hartu zuten erabakia eta portaera, iskanbilatsua.

Urteetako ahalegin handiko lana zeukan atzean, baina Luisek modurik onenean hartu zituen gauzak. «Principio del formulario Istilu honi esker nire lanaren kalitatea nabarmenago geratu dela esan zidaten euskaltzaindiako lagunak ere».

Meñakan jaio, tartean Zornotzan karmeldarretan ikasi eta bizitza erditik gora, Markina-Xemeinen bizi izan da Luis. Bere mintzalekuak, Bizkaiko hiru herri hauek. Euskal Herriko bertsolari txapelketan ere epaile gisa izana da eta Jagoba Arrasatek sarritan aipatu izan du, Luis izan zela berari bertsotan irakakatsi ziona. Ziur futbolen gidaritzapean ere, bertsoen metrikak eta errimak erabili izango dituela Jagobak.

Hemen Jagobak Luisi ekeinitako koplak: Berakruz ikastolan, Markinan, lehenengo golak, baita ere, lehenengo koplak Luis Baraizarrarekin, Aitte Luis guretzat, berari egiten genion kasu, berari eskerrak deskubritu genun ama begira zazu...».

Nabarmentzekoa baita, euskaltzain urgazle izan den Luisek, bere oroitzapenezko liburuska ederrak eskaini izan zizkion bai jaioterriari, Meñakari eta ia bizitza osoan egon den Markina-Xemeingo herriari

Avilako poeta aipatu dut eta halaxekoa izan da Luis, haren parekoa, umila eta bere lanetan artisaua. Biziki arduratu izan da itzulpen ederretan ederrena egiteaz eta san Joan Gurutzekoren historiarako bizi-giroa urte horietan nolakoa izan zen agertzen diguten biografiaren beste liburu erraldoi baten itzulpenetan ari izan da orain.

Avilako poeta handiak Toledoko kartzelan idatzitako poema, Luisek hain hiztegi aberatsez itzulitako zati bat, honako hau:

"Gau iluna" ("La noche oscura")

1. Gau ilun batez barnea / En una noche oscura,

maitasunetan sutan zegoela / con ansias en amores inflamada

oi zorion unea! / ¡oh dichosa ventura!

inork ez nakusela / salí sin ser notada

irten naiz nire etxea bakez zela. / estando ya mi casa sosegada.

3. Gau txit dohatsu hartan / En la noche dichosa

ezkutuan inork ikusi barik, / en secreto, que nadie me veía,

bista jartzeke ezertan, / ni yo miraba cosa,

ez nuen beste argiriksin / otra luz y guía

ez gidarik, barnean zena baizik. / sino la que en el corazón ardía.

5. − Oi gau, bai gidari fin! / ¡Oh noche que guiaste!

ez da ez goiza zu bezain atsegin! / ¡Oh noche amable más que la alborada!

zuk zenuen eragin / ¡Oh noche que juntaste

hor zedila bat egin / Amado con amada,

maitea bere maiteñoarekin. / amada en el amado transformada!

Giza existentzia guztia iragankorra eta hauskorra dela zenekien Luis eta zeure herriari eskeinitako azken letratxuak hauexek: «Bizi zati bat han gelditu jaku, abiada baten urtuz joan jaku, eskuan harturiko edurra urtzen dan antzera eta lurrera isurtzen / Baina bizitzak bere joanean hainbat lorratz itzi ditu bidean, oroimenean gelditu diranak, denborak ondo gorde dituanak».

Eta zeuk itzulitako honek, «Bidean hor direnak, zutaz ezin hobeki mintzo dira, zauria handituz denak, hiltzen utzi nau ia, ahopeko hitz gordeen harira». ondo azaltzen du izan zaren hori.

Poema eder horien sintonian jarri ninduzun eta zeuri eskeinia: «Zeugan bizi gabe biziz, hain zaude goi bizi minez, hiltzen bazara, hil ezinez». Mila-mila esker Luis, langile nekaezina, poeten poeta. Ez da makala egin duzuna. Sentipenetan erne diren, barne gogoetako hitzezko txirlorak utzi dituzu. Zeruan sortzen eta itzultzen jarraituko duzu. Betiko izango zaitugu gogoan.

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinat zailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Irit zi artikuluak eta gutunak sinat zailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinat zailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Search