Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

OEE berri baten alde

Oraingoan gure ezintasuna zuritzeko beste aitzakia bat topatu dugu; zuzendari eta zerbitzu buruak omen dira gakoa, gure oztoporik handiena. Ez ba; gakoa gu gara. Guk daukagu giltza.

Osasun sistema bat errotik aldatzea ez da nolanahikoa. Ezinbestekoa da aliantzak osatzea, laguntza eskatzen jakitea, behar den tokian eta unean. Kexatzea, gizalegezkoa denean, baina baita ekarpen oparoak eta positiboak egin. Besteak beste, Arantzazuko Biltzarrean hori eskatu zitzaion Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari (OEE). Hain zuzen ere osasun arloko euskal komunitatearen gune eta adierazpen bat sortzea, Ottawako ereduari jarraituz, hainbat talderen eskaerak zein aldarrikapenak jasoko zituena. Hortik abiatuz, nazioartekoekin indarrak biltzea, botere guneetan eragiteko. Baina osasun arloko euskalgintzak ez dio eskaerari jaramonik egin. Urtean behineko biltzar bat, gure burua zuritzeko, eta urte osoan erdaraz lan egitea lehenetsi dute, pazienteen onerako.

Izan ere hori ere eskatu zaie OEEko kideei: euskaraz idaztea, euskaraz lan egitea. Adibide gisa, behetik gora egindako azken proposamena: Euskaraldian larrialdi zerbitzuetan patologia arinen alta-txostenak euskaraz eskaintzea; urrats txiki bat euskara lan hizkuntza egiteko, profesional eta erabiltzaileen arteko konfiantza sendotuz, euskaldunak engaiatuz. Endogamiaren pipiak jandako elite zuzendariaren erantzuna jaso dugu: ezinezkoa da; hobe 2019erako bi saio kliniko euskaraz ematea.

Goitik behera aldatzea ezinezkoa denez, erdibideko eskaera bat ere egin zaie: ekografien txostenak euskaraz eska ditzagun. Gauzagarria den aurrerapausu zehatza, egingarria, positiboa. Berriro ere ezikusia egin digute. Azken batean, OEEko zuzendaritzak bat egiten du Osakidetzako zuzendaritzarekin: kalitatezko eta bermedun osasun-arretaren alde, osasun-txosten oro euskara hutsean jasotzea ez da bideragarria. Kalitatea eta gaztelera banaezinak dira.

Indar metaketarik egiteko gauza ez gara izan: 300 bat bazkide soilik, hutsaren hurrengoa kontuan hartzen badugu Osakidetzan 30.000 lagunek dihardutela. Mediku egoiliar askorentzat OEE ez da erreferentea, eta ikasleentzat lekutan dago. Azken biltzarrera gonbidatu genituen zenbait euskaltzaleek ez zekiten existitzen zenik ere ez. Sareak ehuntzea derrigorrezkoa da, jakina, baina helburuak ere argi eduki behar dira, eta diagnostiko zehatzak egin. Erraza da, orain arte egin den moduan, erantzukizuna unibertsitateari leporatzea. Medikuntza gradoa osasungoa euskalduntzeko nahikoa dela entzun dugu urteetan. Ez, motel, hori ez da konponbidea. Ikasketak amaitutakoan, azukre koxkor bat legez urtuko dira lan eremu elebakarrean.

Oraingoan gure ezintasuna zuritzeko beste aitzakia bat topatu dugu; zuzendari eta zerbitzu buruak omen dira gakoa, gure oztoporik handiena. Ez ba; gakoa gu gara, gure hitzak eta ekintzak. Guk daukagu giltza. Gurea da ekintza kontziente eta arduratsua, ehunez eta ideiaz hornituta, argudioz jantzia, ausarta eta eraldatzailearen eginbidea. Nekez aurkituko dugu askabidea aspalditik egiten diren eta inora ez garamatzaten biltzar eta topaketetan. Euskara liturxiarako hizkuntza bilakatzen dutenak, eta ez lanerako. Lagadoko akademia, osasun-jardueraren funtsa ahaztu duena: pertsonak, gaixo euskaldunak. Pazienteei eman beharko litzaieke lehentasuna eta ez lankideei.

Bestelako erakundea behar dugu, katebegi galduei ahotsa eta itxaropena emango dietenak: medikuntza eta erizaintza ikasleak, mediku egoiliarrak, ikertzaile gazteak, eta batez ere pazienteak. Ildo lerroak adostasunez zehaztuko dituena, ez elite zuzendari baten mendeko. Eremu elebidunetarako esparru teoriko propioa garatzeko gauza izango dena. Instituzio eta eragileekin lanketa programatu eta eraginkorra ahalbidetuko duena, sinergiak bilatuz, Euskal Herrian eta nazioartean.

Zirt edo zart. Erabakitzeko unea heldu zaigu, noski, baina diagnostiko okerrak ez du batere laguntzen, are gutxiago huts egin duten sendabideekin tematzea. Ezin gara egon trenari begira. Badauzkagu erronkak, badauzkagu aukerak: trenari so ezer egin gabe egotea, urtean behineko biltzar bat antolatzea, hiltzear dagoenaren aldeko azken kadisha. Edo trena behin betiko gelditu, beste norabide bat eman eta barruan dauden zapalduen gogoa askatzea, gurea gaiturik. Baina ez gaitezen ezkorrak izan, izan gaitezen mila! Betoz gazteak OEEra, haize berria ekar dezatela. OEE berri bat behar dugu, euren gidaritzapean. Hala bedi!

Search