Ramon Sola
GAUR8

Otegi eta Iglesias lotzen ditu(zt)en haria(k)

Irribarre egin, irabazi behar dugu-eta». Ezin uka esaldia estreinakoz Pablo Iglesiasen ahotan entzuteak belarrian astindu ederra eman zigula Euskal Herrian, hiru urte inguru badirelako Arnaldo Otegik, Logroñoko ziegatik luzatzen dituen mezu gehienetan, horrelako agur animosoa oparitzen digula.

Ez dakit zergatik hartu duen esaldi hori erabiltzeko erabakia Iglesiasek;ez dakit Otegiri hitz horiek «lapurtu» egin dizkion, maileguan hartu dizkion edota preso politikoarekiko nolabaiteko laguntasun keinua azaltzen duten hitzok. Bost axola. Baina pasarteak antzekotasun bat, hari komun bat, josten duela ondoriozta daiteke: baten zein bestearen irabazteko gogoa. Eta horregatik gustura hartzen dut bai baten ahoan bai bestearen gutunetan, ezker eraldatzaile-iraultzailea gehiegitan erosoegi ageri zaigu-eta galtzaile jantzian.

Hasierako txinparta dirdiratsuak apaldu ahala, denbora premia larriarekin bere proposamen politikoak zehazten hasi da Podemos-Ahal Dugu, arlo ekonomikotik hasita. Eta espero zitekeena gertatu da, egungo eta hemengo errealitateari egokitu behar baldin bazaio eraldaketaren bidea, oso zehaztuta dagoelako:behar duten guztiontzako oinarrizko soldata (Maroto eta marototar guztiei ez, beraz), zerbitzu publikoen indartzea (pribatizaziorik ez), zerga politika aldatzea (iruzurrik ez, desoreka handitzerik ez), etxebizitza bermatzea (desjabetzeei ez), mailegua erraztea (banka publikoari bai), enpleguaren banaketa lantzea (langabeziari ez), soldatak orekatzea (prekarizazioari ez)... Sozialdemokratatzat jo dute plangintza etiketazaleek, eta Norvegia edota Finlandia ispilutzat hartzea kritikatu diete Venezuela edota Iran eredu izatea nahiago izango luketenek. Ez ba!

Aurkeztutako programa ekonomikoa azken lau urteotako EH Bilduren hauteskunde proposamenekin zein gobernu ekintzekin alderatuz gero, zaila litzateke sakoneko ezberdintasun bakar bat aurkitzea. Are gehiago hori guztia garatzeko alderdi berriak planteatzen dituen prozedurei erreparatzen badiegu: zor publikoaren auditoria (gardentasunari bai), gizarteak onetsi behar dituela aurrekontuak (parte hartzeari bai)... Politika soilik esparru honetara mugatuko balitz, esan liteke EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu txanpon bereko bi alde direla, Ebro ibaiak banatuta nahi bada, baina berdintsuak.

Beste gauza askotxo zehazteke ditu oraindik, ordea, modako indar politikoak, seguruenik buruhauste gehiago eragingo dizkiotenak. Ezkerreko ikuspegi eraldatzaile batek ezinbestean erantzun beharko diolako, esaterako, Kataluniaren zein Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen erronkari, eta Estatu mailako indar baten ikuspuntutik egin beharko du. Ikusteko dago «kontraesan» horren korapiloa nola askatzen duten, eta erantzun horrek Podemos-Ahal Dugu EHBildurengana hurbildu ala urrutiratzen duen. Epe motzera hartu beharko du hautua Katalunian, aurreikusten den bezala hauteskundeak urteko lehen hiru hilabeteetan ospatzen badira eta bertan aurkezten bada; eta geroxeago Nafarroan, aldaketarako giltza bere eskuetan geldituko balitz.

Bitartean, ezkerreko abertzaleen interesei begira hainbat lorpen eskuratu ditu jada Podemos-Ahal Duguk, bere bide propioari ekinez. Abstentzioaren lubaki galtzailean gotorturiko herritar asko politizatu eta mobilizatu dituela bistan da, Estatu mailan indar harremanak sakonki aldatuz eta Euskal Herrian aurretik sortutako gehiengo berriak sendotuz. Ezker independentistak inolaz ere mugiaraziko ez lituzkeen herritarrak aldaketaren alde lerrokatu ditu. Urte askotako zenbait joera eta diskurtso immobilista malguarazi ditu, aukera berriak zabalduz. Lehiakide EH Bildu duela uste duen orok arreta handiagoz begiratu beharko lioke PP, PSOE eta EAJren urduritasunari. Eta irribarre egin, bai, irabaztea gertuago dago-eta.

Search