Paradoxak
«2012rako finkatu genuen helburuetako bat oraindik lortu beharrean gaude eta, ipurdia mugitu ezean, aurtengoa aurrekoak bezala iragan liteke eta, ondorioz, 2014rako egutegi berria diseinatzera eta aurten erdiestekoa zena (sakabanaketaren amaiera) gutxienez urtebetez luzatzera behartuta geundeke. Benetako eraginkortasuna ez baitatza metaketa hutsean, honen aktibazioan eta abaguneak baldintzatzeko gaitasunean baizik. Paradoxa.»
Uda: atsedena batzuentzat, ez ordea nornahirentzat. Preso eta beren senideentzat, langabeziak edota pobreziak jota direnentzat bezalaxe, ez dago atsedenik. Paradoxa.
Oporrak: aparteko ordainsarien sinonimo (lan egiten zuenarentzat, bederen, lana zegoenean). Presoen senideek kostu erantsiak baino ez dituzte.
Udaldia: eguzki zein beroaren sinonimo. Bazenekiten, apika, baina bitxikeria batekin egin nuen topo: kartzelan egoteari estar a la sombra (gerizpean egon) esaten zaio Espainian, eta, Frantzian, berriz, entrer au frigo (hozkailuan sartu). Paradoxa.
Irteera operazioa: herritar asko errepidean aurkituko dira, helmugara lehenbailehen iritsi nahian. Beste herritar batzuk, aldiz, gatibu dagoen gertukoa ikustera joango dira, arazorik gabe etxeratzea haien asmo soila (eta ez da gutxi) izango delarik. Paradoxa.
Urteroko atsedenaldiok, baina, ez gaituzte itsutu behar. Asko dago oraindik egiteko. Izan ere, zertan asmatu dugun eta zertan eragin beharko dugun aztertzeko sasoi egokia bide da oraingoa. Ahanzturaren ordez, beraz, aurreikuspena. Paradoxa.
Orain dela zenbait hilabete, balizko arrisku baten berri eman nizuen: gure eztabaida epe motzeko helburu soilean (hots, ahalik eta indar metaketa zabalena lortzean) zentratuz gero, metaketa bera gauzatzeko faktore lagungarrienetako bat sinesgarritasuna dela (hau da, metaketa eraginkorra izan ez ezik, epe motz-ertainean emaitza zehatzak eskuratzeko gaitasunik ere baduela) ahanzteko arriskua, alegia. Paradoxa.
Zentzu horretan, 2012rako finkatu genuen helburuetako bat oraindik lortu beharrean gaude eta, ipurdia mugitu ezean, aurtengoa aurrekoak bezala iragan liteke eta, ondorioz, 2014rako egutegi berria diseinatzera eta aurten erdiestekoa zena (sakabanaketaren amaiera) gutxienez urtebetez luzatzera behartuta geundeke. Benetako eraginkortasuna ez baitatza metaketa hutsean, honen aktibazioan eta abaguneak baldintzatzeko gaitasunean baizik. Paradoxa.
Bitartean, inboluziorako ahalegin guztien bitartez aurrera jo beharrean atzera goazela irudikatzen duten bakearen etsaiek, gertatutakoari buruzko «egia» hitza ahoan etengabe duten horiexek, ez dute esaterako Nafar Estatuak jasandako inbasioaz edota ley paccionada delakoa medio egindako saldukeriaz entzun ere egin nahi; halaber, “Cuéntame cómo pasó” izeneko telesailaren moduko bertsio soila eskaintzen digute ezpatek bideratu zuten trantsizioa azaltzeko orduan. Paradoxa.
Beraien jokaera ustelekin, egiaz hitz egiten digutenak gezurrari jarraitzen zaizkio eta beligeranteak ditugu bakerako esfortzu komunean lagundu ordez. Haien ustelkeriak ezkutatu eta beraiek sortu eta oraindik elikatzen duten gatazkaren bizkar bapo bizitzen jarraitu nahi dutelako. Paradoxa.
Mendeku hutsean iparra duten elkarte batzuek euren egoera partikularra denontzako modus vivendi bihurtu nahi lukete, beste edonoren kasuan berehala Fiskaltzarenean amaituko luketen adierazpenak egunero egiten zigorgabetasun osoz. Paradoxa.
Elkarte horiek, Estatuko eta euskal esparruko indar politiko ezagun batzuek bezalaxe, barkamena eskatzen jardun dira atsekabe. Fededunaren itsukeriak bultzaturiko jarrera da, akaso, baina itxurakeria da ikuspuntu etikotik eta, dogma oinarri duen heinean, bestalde, politikoki onartezina. Esan gabe doa, gainera, elkarte horien jokabidea juridiko ez beste edozer daitekeela. Eta horiexek (belatzak, ustelak eta bizinahiak) dira, hain zuzen, guztion gainetik gailendu eta Euskal Herriko bizitza politikoa baldintzatu nahi dutenak. Paradoxa.
Bizitza eskubidea, minaren aitortza, biktimak eta ez dakit zenbat gauza gehiago hizpide dituzten horiek, urrikalgarri agertu nahi dira haien mendekua burutzeko (larriki gaixo diren presoekin egiten ari direnak ez du izenik) eta, bidenabar, euren bidelagunek zuritutako diruz egoitzak eta bestelako gastuak ordaintzeko. Paradoxa.
Orain arte egindakoa fintzekotan, argi dago zereginen artean ahozko erasoei (ez dira bakarrak, halere) borroka ideologikoaz erantzun beharra ere badela. Honekin batera, eta behin leudekeen akatsak identifikatu eta zuzenduta, herriaren hitza ito, prozesuaren norabidea markatu eta (espetxe politika estuagotuz) euskal populu langilea menderatzen jarraitu nahi luketen estatuei «aski da!» oihukatzera atera behar gara kalera. Hortzak erakutsi. Benetako ofentsiba politikora pasatu.
Jokoan duguna Euskal Herri osoa delako. Bildotsez mozorrotuta eta aho betea, faxismoak eta bere seme-alabek errepresaliatuon bizkar jarri nahi lukete eurena baino ez den ardura. Hau da egia.
Baina..., egia exijitzea ia-ia sinestezina dela suposatzen dut. Paradoxa?