Joseba Aurkenerena

Pierra Lhande pastorala hautu txar baten malura

Duela gutxi estreinatu duten Pierra Lhande pastoralak eztabaida sortu du publikoaren artean. Aurkenerena idazleak pertsonaiaren jatorria aipatzeaz gain, izandako kalapitaren inguruko iritzia plazaratu du.

Uztailaren azken igandea iritsi zen eta usaiari jarraiki, pastoralaren lehen saioa ikustera abiatu ginen. 10,15eterako Zalgizen ginen, eta jadanik, herria autoz betetzen ari zen. Aparkatu eta 10,30etan hastekoa zen mezaren bila aritu ginen. Eliza ttikiegia gelditzen zela eta, holakoetan ohikoa bihurtzen ari den bezala,  arrabotean izan zen. Eguzkiak bete-betean jotzen zuen arren, frontoia ia leporaino beteta zegoen. Itzalpean ginen ezarri. Mezari puntu-puntuan eman zioten hasiera. Aitzinean jarrita arizaleak zeuden, pastoraleko arropez jantzirik, horien gibelean edota ezker-eskuinean, gainerako herritarrak, gehien-gehienak zuberotarrak, eta gizon frankok euskal txapela buruan zutela.

    Meza ematen hiru apez ziren.  Meza emaile nagusia Marc Aillet apezpikua zen, prediku emaile berriz Jeannot Etxeto garindaintarra aritu zen, eta hirugarrena apezgai gazte bat zen. Meza osoa zubereraz izan zen, ohi izaten den bezala. Etxetok umore handiz jardun zuen bertan ziren guztien irribarreak eta esku-zartak bereganatuz. Apezpikua bertan ikustea bitxi egin zitzaion askori, hainbatetan euskararen eta euskaldunen aurka azaldu duen jarreragatik. Mezan zehar, arizaleek pastoraleko bizpahiru kantu abestu zituzten. Beñat Larrori süjeta gazteak Iñaki saintüaren otoitza kantatu zuelarik, bazter  guztiak loriatu zituen. Pierra Lhandek frantsesez idatzitako olerki batetik abiaturik, Pier-Pol Berzaitzek egindako kantu zinez ederra. Horratx:  Hona ni Jauna, har ene askatarzüna,/ ene oroitmen, ene adimen osoa./ Har nik düdan güzia / eta enea den-dena,/ zük eman deitazüt,/ zuri Jauna düt bühürtzen./ Dena zurea da, egizü denetan / nahi düzüna./ Emadazü zure maitarzün eta grazia,/ horieki badiket nahikoa./ Halabiz.

    Gero karrika-üngürüa, dantza zenbait eta zintzür büstitzea. Ondoren denendako zabalik zen bazkaria. Zuberoko kantuek bazkalondoa bete zuten.  Ordu bietarako pastoral-guneko jarlekuak eta harmailak leporaino beterik zeuden. Eguzkiak indarrez jotzen zuen, horregatik jendea era guztietako bixera eta kapeluz horniturik zegoen. Batzuk eguzkitakoen itzalean babesten ziren, baziren ere eguzkiaren indarraz babesteko aurpegian, lepoan eta besoetan krema igurzten ari zirenak.  3,30etan arizaleak pastoral-gunera sartu ziren pastoral martxaren erritmoaz mugituz. Ikusliarrek txaloaldi handiaz errezibitu zituzten. Arratsaldeko pastoral saioa jadanik hasia zen.

1.- Baina. nor zen Pierra Lhande?

     Pierra Basagaitz Hegi, hauxe baita egiazko izena, Baionan sortu zen 1877ko uztailaren 9an eta Atarratzen zendu zen 1957ko apirilaren 17an. Familia zuberotarreko semea zen. Atarratzeko aitañi edo aitatxi txistulari ezagunak Allande izena zuen eta badirudi izen horrekin ezagutzen zutela familia guztia. Lhande Allande izenaren aldaera da, urteen poderioz, hor-hemenka zabaldu zena, eta azkenean, familiako senideentzat ezizen gisa erabiltzen zutena.

    Pierra, sortzez baionarra bazen zen, jatorriz zuberotarra zen, eta zortzi urterekin, aita hil zitzaionean, amarekin batera Zalgizeko Aphatia izeneko etxera joan zen bizitzera. Ama, Montevideon jaioa zen. Bigarren Hezkuntzako ikasketak Maulen burutu ondoren Baionako Apezgaitegi handian sartu zen baina bota egin zuten, bere kezka nagusia euskara zelakoan. Orduan Okzitaniako Rodés-en, Jesusen Lagundian sartu zen. Kongregazioarekin Belgika (1901), Herbehereak (1903), Espainiako Puerto de Santa Marian eta berriro Belgikan egon zen eta azkenik,  apez jesuita egin zen 1910eko agorrilean.

Jesuita zela Hondarribian egon zen; 1922an espainiar estatutik bota zuten gobernuak euskaldunekiko zuen jarrera gaiztoa kritikatzeagatik. Geroxeago Paris inguruko langile-herrietan apaiz ibili zen, baita munduan zehar ibili ere, Ameriketan, Indian, Mozanbiken… Erlijio katolikoa irratien bidez zabaltzen aitzindaria izan zen. 1927ko urtarrilaren 2an lehen emanaldia burutu zuen. Radio Parisek igandero, eta 20 minutuz, Aita Lhanderen irrati-predikuak  ematen zituen. 1934ko urtarrilaren 1ean Radio Paris nazionalizatu zutenez, eliza katolikoaren eta estatu frantsesaren banaketa dela medio, irratsaio horiek kendu zituzten. 1934ko apirilaren 8an, protesta handiak izan zirela eta, irratsaioak berriro onartu zituzten. Zuberoara gaixorik itzulirik, Atarratzen hil zen 1957an, Saint-Antoine izeneko etxean.

    Idazle eta ikerle handia izan zen. Euskaraz eta frantsesez idatzi zuen. Narraziogintzan honako hauek nabarmen ditzakegu: Mirentxu (1914), Gure horma zaharra (1915), Yolanda (1921), Bilbilis (1926), Le moulin de Hernani (1936). Saiakeran honako hauek: Autour d'un foyer basque (1908), L´Emigration basque (1910),  Le Pays basque à vol d'oiseau (1925),  Le Poéte Pierre Topet dit Echahun et ses oeuvres (1946, Eskualtzaleen Biltzarra). Baina ospe handia eman dion lana 1926an plazaratu zuen Euskara-Frantsesa hiztegia izan da, orduz geroztik Iparraldeko euskaldunentzat ezinbesteko erreferentzia izan dena. Horretaz gain, Pierra Lhande izan zen Zuberoak izan zuen lehen euskaltzaina, 1919ko irailaren 21ean kargu horretan izendatua.

2.- Pastoralaren inguruko kalapita.

    2007ko irailaren 14an, Aita Lhanderen etxea izan zen Aphatiako etxekoandere berriak, Renaud-Coulon andere paristarrak, Aita Lhande zenaz erakustaldi bat prestatu zuen Zalgizeko elizan. Jean-Louis Davant Zuberoako euskaltzain, idazle eta pastoral-egilea bertara gonbidaturik izan zen bere azalpenak jende aurrean eman zitzan. Esan beharra dago Jean-Louis Davantek bazituela jadanik hainbat ikerketa eta idazlan plazaraturik Pierra Lhande izan zenaz. Jende aitzineko bilkura horretan hainbat jendek Davant bultzatu zuten Lhanderi buruzko pastoral bat idatz zezan. Urte bereko urrirako pastorala burutua zeukan. Pastoral horren kopia bat Euskaltzaindiko Andres Urrutia euskaltzainburuari eman zion eta honek separata batean plazaratzea erabaki zuen.

    Pastorala 2008ko agorrilean aurkeztu zien Zalgize-Doneztebeko auzapez edo alkateari eta baita Aphatiako andereari ere. Hortxe aipatu zioten 2015etik aitzina pastoral hori jokatuko zela. Hurrengo hilabeteetan hainbat aldaketa proposatu zioten eta Davantek batzuk onartu eta besteak baztertu egin zituen. Hortik aitzina aipamen gehiagorik ez. 2011ko ekainaren 23an, Maule-Lextarren antolaturik izan zen Eüskararen Egünean, beste pastoral-idazle batek azaldu zion Davanti Aphatiako andereak pastoral bat idatzita zuela frantsesez eta zubererara itzuli nahi zuela.

    Herri batean pastorala hautatu behar denean, bizilagunen aurreko bilkura batean pastoral-egileek euren pastoralen nondik norakoak azaltzen dituzte eta gero herritarrek aukeratzen dute. Davantek hori eskatu bazuen eta auzapezak eginen zuela erantzun bazion ere, inoiz ez zen holako bilerarik egin. Hautua hartua zuten, antza,  alkateak eta Pariseko andereak. Beraiek ziotenez, Davanten pastorala klerikalegia omen zen, eta gainera ez omen zituen Aita Lhanderen bizitzaren alde guztiak kontuan hartzen. Andre horrek pentsatu izan du hasieratik Lhanderen etxea erosi izanak aipatu euskal pertsonaiari buruzko eskubide guztiak ematen dizkiola. Euskaraz jakin gabe eta euskal kulturaz eta arimaz deus ezagutu gabe. Ausardia handiagorik! Burugabekeria galanta! Pierra Lhanderen idazlanak eta bizipenak sakon ikertu omen ditu –euskaraz jakin gabe--. Dirudienez, asko omen daki Lhanderen bizitzaz eta ekintzez, bakoitzari berea, baina horrek ez dio biderik ematen Davantek baino pastoral hobea eta osatuagoa idazteko gai dela pentsatzeko. Hor erakusten ditu, alde batetik bere harrokeria handia eta bestetik euskal kulturaz duen jakituria hutsala. Nork ematen dio zilegitasuna euskal kulturako adierazgarri handia den pastoraletan frantsesez egindako testu bat sartzeko? Adiskide duen Zalgizeko Pierre Arrosagarai auzapezak, bistan da. Nola dei dakioke egin dutenari: Zentsura? Bazterketa? Jukutria? Ezaxolakeria? Utzikeria? Adiskidekeria? Harrokeria? Frantseskeria? 

Adjektibo bat edo bestea jarrita, garbi dago Zuberoako pastoralarendako sekulako hutsegitea izan dela. Errespetu eta umiltasun falta ikaragarria erakutsi dute. Zuberoan euskara gibelatzen ari da, eta euskalduntasuna bizirik iraunarazteko hiru zutabe handi daude: ikastola, pastorala eta maskarada. Zalgizen egin dutenarekin pastorala folklorizazio bidean ezarri, euskarak ez duela deusetarako balio agertu, eta egun batean pastoralak frantsesez, Biarnon egiten den bezala, emateko bidea zabaldu dute. Nik dakidala, ez dute Hegoaldeko inongo herritik  bertara joateko eta pastorala jokatzeko gonbiterik jaso, eta itxaro dut holakorik ez gertatzea, pastoral hau euskaraz eta euskal kulturaz  trufatu egin baita. Zuberoan beti esan da pastorala herri ekimena dela, euskara eta euskal kultura suspertzeko egiten dutena. Aurtengoak, bada, ez du bide hori jorratu.

Gero entzun behar zaie batzuei esanez 2014an Baionan jokatu zuten Itxaro Bordak idatziriko Gerezien Denbora  izenekoa ez dela egiazko pastoralik izan edota hurrengo urterako Lapurdiko itsas-hegian jokatu nahi duten Katalina Erauso ez dela pastoralik izanen, ez baita Zuberoan eginen, eta horrelako babokeria merkeak. Entzun behar zaie gero! Haiek bitartean frantsesez idatziriko pastoral bat jokatzen digute. Astakeria handiagorik!

Itzulpen kontuan ere gora-behera handiak izan ziren. Zubererazko itzulpena eskarmentu handiko Jean-Pierra Behokarairi eskatu zioten, eta %75a itzulita zuenean, Madame Annick Renaud-Coulon-ek egindako lanaren frantses itzulpen bat eskatu zion. Gustatu ez, eta hitzez hitz itzultzeko eskatu zion. Beste norbaitek bukatu behar izan zuen Behokarai egiten ari zen itzulpena. Dena den, jatorrizko testu frantsesaren eta zubererazko itzulpenaren artean badira alde nabarmenak, bi arima ezberdinen seinale. Bi testuak irakurtzean, anitzetan bi arimen arteko talka aisa nabari daiteke.

Ikusten duzun bezala, irakurle, aurtengo pastorala ez da ohikoa izan, kalapitaz mukuru etorri zaigu, eta okerrena dena, Zuberoako euskararen eta euskal kulturaren kalterako izan da. 2015eko maskaradetan ere, Idauze-Mendiko gazteek biziki kritikatu zuten Zalgizeko pastoralarekin gertatzen ari zena.

3.- Pierra Lhanderen pastoralaren egitura.-

    Orain arte pastoralaren testuarekin gertatutakoaz aritu naiz, baina pastorala ez da testua bakarrik, badu ikusgarri alde bat ere, eta horixe da orain jorratuko dudana. Ikusgarri ona izan dela ezin ukatu, eta horrela ulertu zuten pastorala maite eta uztailaren 26an eta agorrilaren 2an Zalgizeko pastoraleko harmailak leporaino bete zituzten pastoral-zaleek. Arizaleak trebe eta txukun aritu ziren, kantari eta dantzari biziki finak, jostunen lana ikaragarri ona eta zer esanik ez, Jean-Pierra Rekalt errejentak egindako lan ezin hobeaz.

    Pastoralak 21 jelkalditan banatuta dago. Lehen jelkaldian Lhandek kolegiotik alde egin zueneko pasadizoa kontatzen zaigu. Jelkaldiaren bukaeran bada Jean-Pierra Behokaraik idatziriko eta Jean Etxart-ek musikaturiko kantu ederra, Haren pottaren nahian izenekoa. Horratx: Aitak Espainian bizia galdü./ penan ützirik familia./ amatto Uruguain bost haurrekila,/ zer malür izigarria,/ bizia harentako zer zorte ikaragarria.// Non da gaixkia desiratzea, / amari pott baten emaitea, / anaie-arreber noiz-noiztenka / goxoki besarkatzea,/ pott bat emanik izan ziteala, ama benedikatüa.
          
Hurrengo jelkaldietan Pierra Lhanderen gazte urteak eta aferak aipatzen dira: lehen amodioak, gurasoek semea  apaiz egin nahia, ikasketak, jesuita sartzea, Euskal Herritik kanpora joan beharra, amaren heriotza… Jean-Pierra Behokaraik egindako kantuaren lehen koblak honela esaten digu, sentimendu handiz,  amaren heriotzaz:  Ama maitea, zer sofrimena haur batetik hürrüntzea! / pottak emanik batak-besteari, nigarretan partitzea / Nola nezake ezin ikusi zuren begien bustatzea,/ orai asmatzen düt, itzaltzen dela igaran denbora goxoa.
   
Zortzigarren jelkaldian Lehen Gerla Handiaz mintzo da, Bederatzigarrenean, 1919ko irailaren 21ean, Bilbon euskaltzain egin zuteneko biltzarraz. Hamaikagarrenean Pariseko Irratian fede katolikoaz predikuak ematen zituenekoa. Hamahirugarrenean bi gerla handien arteko denboraldiaz, hamalaugarrenean Hego Amerikako lanetan jesuita moduan egindako ibilerak, hamabosgarrenean Argentinako Panpan artzain zuberotarrekin topatu zenekoa. Jelkaldi honetan igo ziren ohiko artzainak, astoa eta artaldea oholtzara eta kantu ederra abestu zuten. Hamaseigarren jelkaldian Madagaskarren ibili zeneko kontuak, hamazazpigarrenean Indian ibilitakoak, hemeretzigarrenean gaixotu zenekoa eta hogeitabatgarrenean süjetaren heriotzaz, pastoral guztietan azken jelkaldian egiten den bezala, aritzen da. Behokaraik honela dio jelkaldirako egindako kantuan: Azken bidajea heltürik, hor dük irustarzüna, / bizirik bezala hiltzen niz, heben ützirik ene arima,/ ororer emaiten deiziet, orozbakoz, ene odola./ Milesker biziari!

    Eta pastoralari amaiera ematen dion azken kantorean, Lilizko lür ederretan izenekoan, honela agurtzen zaigu Behokarai:  Xori ttipi bat hegalez doa Iruri-Zalgizen gora,/ izarren petik ikusi dügü, kantüz, guregana horra./ Egünko jeia asmatzen düala, handitzen kinperraz gora,/ azi berria erein dügülakoz, ützüli gabe alorra.// Ororek jakin behar düzüe Pierra Lhande nor ote den,/ olerkizale, peredikazale, gogotik lanari lotzen,/ bena haboro egin beharrez, beti pentamentükatzen./ Azkenekoz, orok ützirik, pausatü da Atarratzen.
    Ni izan nintzen lehen pastoral saioan, hau da, uztailaren 26ko igandean, Atarratzek irabazi zituen antxerak, 1.600 eurorekin, eta atarraztar franko igo ziren oholtzara ohiko moneiñak eta aintzina pika dantzatzera.


4.- Azken gogoeta gisa.-
    
Pastoralak bi zatiz osatzen dira: testua eta ikusgarria. Lehena literaturarekin estu loturik dago. Bertan, pastoralerako hautatutako süjeta edo protagonistaren inguruko bizierak eta egindakoak aipatzen dira, egiazko gertakizunetatik edanez, baina baita irudimenezko osagaiez edertuz ere. Pastorala ez da historia hutsa eta pastoral-egileak süjetaren bizitzako hainbat pasarte hartzen ditu eta besteak baztertu, bere nahiaren arabera.
Preseski, Annick Renaud-Coulon andereak hori leporatzen dio Jean-Louis Davanti, hau da, hainbat pasarte baztertu izana. Ez al da konturatzen berak ere gauza bera egin duela?

    Bigarren zatia ikusgarria da, testua janzten eta mamitzen duena, eta testua bezain garrantzitsua dena. Honetan, testuaz esan ezin dezakedan bezala, onartu behar da aditu multzo baten eskuetan izan dela eta izugarrizko ikusgarri ederra eskaini digutela. Erramun Gartzia-Zabalegik zuzendutako jostunek lan aparta egin dute, kolorez eta irudimenez beterikoa. Kantu egileek, moldatzaileek eta irakasleek izugarrizko lan polita egin dute. Zoriondu beharreko lana da Jean-Pierra Behokaraik, Jean Etxartek eta Jean-Louis Aranburuk egindakoa. Satanek eta gainerako dantzariek lan bikaina egin zuten, entzule-ikusleek gogotik txalotuz saritu zutena. Süjeta lana Beñat Larrori gazteak egin zuen, ederki aritu zena, eta bere ahots ederraz bertara hurbildutakoak liluratu zituena. Eta errejenta edo pastoral-zuzendaria ahantzi gabe, Jean-Pierra Rekalt ospetsua, berak zuzendu baitzuen pastorala perfekzio osoz eta kapitain trebe batek bere itsasontzia gobernatzen duen antzera. Mattin eta Ramuntxo Partarrieuk egindako afixa ere izugarri ederra eta bihotz-altxagarria. Horrelakoekin ikusgarriak ezin zuen, inolaz ere, huts egin.

    Hurrengo urtean, Atarratze-Sorolüze herriak jokatuko du Pier-Pol Berzaitzek idatzitako Jean Pitrau laborari borrokalariaren pastorala. Aurtengo kalapita ez dadila inoiz errepikatu, pastoralak eta Zuberoak ez baitute horrelakorik merezi. Ene irudikoz, Zalgize eta Iruri zorretan gelditu dira Jean-Louis Davantekin. Geroan zor hori kitatzeko aukera izanen dutelakoan nago, eta euskaraz pentsaturiko eta idatziriko pastoral baten bidez.

Search